Diaspora omen zortzigarren euskal probintzia. Anjel Lertxundi idazlearen arabera, aldiz, Internet. Mihi bihurriek Laredo (Kantabria) eta/edo Errioxa aipatuko dituzte. Soa iparralderantz ere jar daiteke: Landak izan litezke (Lanas, okzitanieraz), lasai asko. Eñaut Mitxelena.

Euskaldun askoren jomuga dira Landak. Hondartza mugagabeak, itsaso kartsua, pinudi amaiezinak, laku lasaiak... osagai arrakastatsuak Euskal Herritik oso denbora gutxian iristeko. Akitania Berria eskualde administratiboko hamabi departamenduetako bat da, Frantziako 40.a. Okzitania eskualde historikoko eremua izanik, okzitaniera sumatzen da. Entzutea zaila, baina errepideetako seinale elebidunetan herrien okzitanierazko izena ikus daiteke.

Geografikoki, paisaia bereizgarria dute Landek. Itsas pinuz jositako lurralde laua Europako mendebaldeko basorik handiena omen da. Hori bai, gizakiak sortua: lurraren higadura geldiarazteko eta ekonomikoki ustiatzeko hasi ziren pinuak masiboki landatzen, XVIII. mendean. Aurretik, hondarra eta zingira ziren nagusi eremuotan; Landetako biztanleak akuilu-makuiluekin ibili ohi ziren lur zingiratsuetan.
Eskualde zabala da, baina guk Euskal Herritik gertuen dagoenari erreparatuko diogu. Mendebaldean, Bizkaiko Golkoa du muga. Hegoaldetik iparraldera, Aturri ibaiaren bokaletik Biscarrosse herriraino, etenik gabeko hondartza. Itsasoaren indarrari parez pare irekia, bainularientzat erne ibiltzekoa dena, surflarientzat paradisua. Hain zuzen, mundu mailako surf toki famatuak ditu, Hossegor, kasu; Biarritzekin batera, surfaren Europako sorlekua da.
Surfaz gain, harea fineko hondartzek beste jarduera ugari egiteko aukera ematen dute. Kirola bete-betean, wind surfa, kite surfa, wade boarda... edo ekintza lasaiagoak, hala nola duna artean paseatzea edo kometak haizatzea. Horretarako eskaintza ere nonahi izango duzue kostaldeko herri nagusietan, denak ere turismora ezin egokituagoak: Labenne, Capbreton, Hossegor, Seignosse, Soustons, Vieux-Boucau, Messanges, Moliets...
Barnealdean, pinu artean, lakuak han-hemenka. Horietan bai, ur jarduera lasaiagoak egiteko aukera dago: piraguan ibili, bainu lasaiak hartu... Lakuen inguruetan kanpin mordoxka topa daiteke. Izan ere, Landetan kanpinak ia herriak baino ugariagoak dira. Horietan fauna nagusia, familiak; ehuneko handian, euskal familiak. Zenbait kanpinetan, euskaltegia besterik ez da falta nor bere herrian dagoela pentsatzeko. Are gehiago, batzuetan euskara gehiago entzuten da Landetako kanpinetan euskara maila egiaztatzeko azterketen kanpoaldean baino. Bestela ere, euskaldunok gure jatorria nabarmentzeko dugun joera agerikoa da janzkeretan: euskal futbol taldeen kamisetak, Korrikarenak edo edozein aldarrikapen egitekoak soinean edonork.
Familia turismoa ugaria izanik, sendientzako eskaintza barra-barra topa daiteke: minigolfak, abentura parkeak eta antzekoak (sendientzako eskaintza: haurrek tarte batez bakean uzteko aukera). Halere, sekula ez gutxietsi kasketaldiak jotako haur batek minigolfeko makila batekin egin dezakeena. Jakina, familien zalapartatik harago, bestelako eskaintza patxadatsuagoa ere topa daiteke Landetan. Ez da jomuga txarra liburu parea hartuta lasaitasun bila joateko... kanpineko bizilagunekin zortea izanez gero! Kanpinean bakerik lortu ezean, handik kanpoko txangoak egin daitezke.
Esaterako, barnealdeko herriak txikiak eta lasaiak dira, oro har, eta sarritan zaila izaten da jendea antzematea ere. Dena dela, komeni da herrietako azoken agendak begiratzea. Txikiak izaten dira, barazkiz eta bestelako produktuz hornitzeko egokiak, baita tokiko jakiak eskuratzeko ere: ahatekiak, foiea...
Batetik bestera ibiltzeko, orografia bikaina da Landetakoa. Ia erabat laua izanik, bizikletaz mugitzeak ez du aparteko ahaleginik eskatzen. Herriz herri ibiltzeko oso azpiegitura ona dute, bidegorriz josita baitago. Gainera, Europa mailako bi bizikleta bidek Landak osorik zeharkatzen dituzte. Txirrindulari lasaien paradisua, bizikletak alokatzeko tokiak ugariak dira. Eta bizikletan nekatuz gero, baita bestela ere, hona hemen indarberritzeko aholkua: dastatu ia edozein jatetxetan eskaintzen dituzten muskuiluak. Oso goxo prestatzen dituzte!

ASKOTARIKO KANPINAK

Bestelako ostatu mota asko ere egon arren, kanpinak dira nagusi Landetan. Askotarikoak, gainera: erraldoiak, toboganez eta halakoez hornituak; ertain eta txikiak; baita udal kanpinak ere. Azken horiek merkeagoak izan ohi dira, ez dute handien azpiegitura ikusgarririk, baina aski txukunak izaten dira.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.