Belokeko monasterioak hamarkada loriatsuak bizi izan zituen. Kultura eta prestakuntza akademikoa pertsona gutxiegiren eskura zeuden garaian, funtzio garrantzitsua bete zuen esparru honek. Bere garai gorenean, ehun kide ere izan ziren, eta alor anitzetan aitzindaria izan zen Iparraldean, baita Euskal Herri osoan ere. Inhar Iraizotz. Argazkiak: Inhar Iraizotz.

Belokeko monasterioaren ibilbidea bukatu da. Hala jakinarazi zuten duela gutxi. Lekuaren garai loriatsuenak gibelean utzirik, gaur egun hamabost fraide besterik ez dago bertan. Ez da harritzekoa: urteak aitzina doaz eta zaharrak berriari bide ematen dio.
Ahurti (Lapurdi) herrian den fraide etxe honen historia aski berria da. 1875ean sortu zen, eta doi-doi ditu 150 urte. Haatik, bizitza labur horretan, mila eta bat gertakizun jazo dira haren inguruan. 1870 inguruan, euskaldun batzuei bizimodu monastiko beneditarraren gaineko interesa sortu zitzaien. Beneditarrak pobrezian bizitzeko eta eskulanetik bizitzeko hautua egiten dutelako dira ezagunak. Ora et labora, (otoitza eta lana), horixe dute lelo. Hasieratik, modu autonomoan jardun zuten, Baionako artzapezpikuaren agintetik kanpo. Mikel Erramuzpe (Aldude, Nafarroa Beherea, 1976) Belokeko historian aditua da. Haren erranetan, “pobrezian bizitzeko hautu horrekin nolabaiteko erradikaltasuna bilatzen zuten pertsona horiek, eta beren helburua zen Euskal Herriaren zerbitzura izanen zen monasterioa eraikitzea, euskalduna izanen zena”.

Otoitza eta lana
XIX. mendearen bukaeran, oraino laborantza eta abeltzaintza ziren nagusi mendialdean. Bizimodu gogorra eta ez oso emankorra. Miseriatik ihesi, gazteak hirietara edota Amerikara joaten ziren. Sei hamarkadan (1832-1891), Iparraldeko 80.000 gazte inguruk utzi omen zuten beren herria. Belokeko fraideak pobreak ziren arren, gainerako herritarrek baino aukera gehiago zituzten. Horrela, Adrien Gaxitegi fraidea (Aldude, 1921-2018) laborantza ikasketak egitera bidali zuten. Mikel Erramuzpek azaldu bezala, “Belokeko fraideek lan handia egin zuten Ipar Euskal Herriko laborantza miserablea garatzeko eta gazteak prestatzeko. Esaterako, laborantza eskolen sorrera sustatu zuten, eta Gaxitegik euskarazko lehen agronomia liburua idatzi zuen, 1963an: Laborantza, laborantzatik hobeki bizitzeko”. Ttotte Errotabehere (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1943) laborariak urte luzez jardun zuen fraide horrekin lanean: “Belokeko monasterioa eredua izan zen, nire ustez. Haiek gauza berriak egiten saiatzen ziren, eta gu gibeletik joaten ginen. Ardi hazkuntzan, adibidez, haiek ekarri zituzten hona intseminazioa eta kontrol genetikoa”.

Laborantzan ez ezik, euskararen alde ere lan nekaezina egin zuten. Eginkizun horren buruan, Xabier Diharce Iratzeder idazle eta poeta, Gabriel Lertxundi musikaria eta Marcel Etxehandi itzultzailea ziren. Monasterio honetako kideak erreferenteak izan ziren euskal elizan, elizako kantuak eta bestelako testuak euskaratu baitzituzten. Oroitarazi behar da garai hartan herritarren gehiengoa sinestuna zela eta elizak eragin handia zuela jendearen bizitzan. Horrexegatik izan zen hain garrantzitsua meza euskaraz ematen hastea. Mikel Erramuzpe adituak dioenez, “Euskal Herrian mezatan kantatzen diren abesti anitz Iratzederrek idatzi zituen, eta Lertxundik musikatu. Baina ez nolanahi. Lertxundik musika herrikoia zuen beti oinarrian, eta, horretarako, euskal kantagintzako melodiak teorizatu zituen, aire berriak sortzeko”. Azkenik, gailurra zeregin honetan Marcel Etxehandik jo zuen, Biblia osoa euskarara itzuli zuenean. Era berean, erran beharra dago fraide hauek euskara ikasteko lehen eskuliburuetako bat sortu zutela: Le Méthode Basque pour Debutantes (1964, Ezkila).
Belokekoa ez zen nolanahiko monasterioa izan. Bere garaian, egiteko garrantzitsua bete zuten hango fraideek. Alabaina, garai hura amaitu zen, eta Belokek bere bortak hetsiko ditu. Orain, beste belaunaldi batzuei dagokie beneditar haiek landutako lurrean ereiten segitzea. Agian, noizbait, izanen da biltzeko uzta emankorrik.

Beloke susmagarri
Berriz gibelera eginik, oroitarazi behar da mende hasiera gatazkatsuan sortu zela Belokeko monasterioa. Espainiako Gerra Zibilaren garaian (1936-1939), Hego Euskal Herriko hamarnaka iheslari bertan babestu ziren, besteak beste kulturaren esparruko zenbait euskaldun ezagun: Jose Miel Barandiaran, Jose Ariztimuño Aitzol eta Fernando Artola Bordari. Marcel Etxehandik (Eiheralarre, Nafarroa Beherea, 1935) ongi gogoratzen ditu okupazio alemaniarraren garaiak: “Naziek gazte guztiei nahitaezko lan zerbitzua ezarri zietelarik, jende anitz muga zeharkatzen hasi zen. Horretarako, ihesbideak sortu zituzten, eta horietako bat Beloketik pasatzen zen”. Hain zuzen ere, 1943an, Bernardin Darmendrail fraideak sustaturik eta kontrabandista batzuen laguntzarekin, ihes sare bat sortu zuten. Ikusirik gero eta jende gehiago heltzen zela laguntza eske, frantses erresistentziako Shelburn-Vaudevire eta Orion sareekin lotura egin zuten. Hilabete batzuk geroago, baina, naziak horretaz ohartu, eta monasterioko hiru abade nagusiak atxilotu zituzten. Alemaniara igorriak izan ziren, eta, galdeketa bortitzak jasan arren, bi urteren buruan Belokera itzultzea lortu zuten.

 



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.