Ekainaren 5ean beteko dira 50 urte Gabriel Aresti hil zela. Poesia, narratiba, antzerkia, itzulpenak... genero guztiak jorratu zituen. Bere kasa hasi zen euskara ikasten 12 urterekin, eta 24rekin euskaltzain urgazle izendatu zuten. Haren omenez, Bilboko Udalak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa antolatzen du urtero. Beste leku askotan bezala, badu kale bat jaioterrian: Txurdinaga auzoko Gabriel Aresti hiribidea. M. Egimendi.

Biografia
Gabriel Aresti Segurola Bilboko Abando auzoan jaio zen, 1933an. Gurasoak baserritar jatorrikoak ziren, baina galdua zuten euskara. Gabrielek bere kabuz ikasi, eta 21 urterekin argitaratu zituen bere lehen poemak euskaraz. Aparteko gaitasuna izango zuen hizkuntzak ikasteko (hainbat zekizkien), baina saiatzen zela ere ezin uka: Bilboko euskal kultur mugimenduan sartuta, solasaldietan parte hartzen zuen (astez aste nabaritzen omen zitzaion hobekuntza bere euskara mailan). Bidebarrietako liburutegira ere joaten zen, Axularren Gero irakurri eta oharrak hartzera. Behin idazle ezagun bihurtuta, polemikoa ere izan zen. Adibidez, bere askatasun ideologikoa aldarrikatu eta bai EAJren bai ETAren aurkako jarrera kritikoa erakutsi zuen. Bilbon hil zen, 1975eko ekainaren 5ean.

Obra literarioa
Aresti XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal poetarik garrantzitsuena izan zen. Tradizio nazionalista eta fededuna baztertu eta ezinbesteko ekarpena egin zuen euskararen batasun prozesuan: Euskaltzaindiak 1968ko Arantzazuko Biltzarrean lehen arauak gomendatu aurretik hasi zen euskara batuan idazten. Adibidez, Maldan behera poema (1960) eta bere obrarik esanguratsuena: Harri eta Herri (1964). Ordutik aurrera, erabateko konpromiso soziala islatu zuen bere lanetan, estilo garbi eta zuzenekoa erabiliz, herritarrek erraz ulertzeko moduan. Berari buruz ere liburu ugari idatzi dira, Angel Zelaietaren Gabriel Aresti. Biografia (Susa, 2000) eta Adur Larrearen BioGrafikoa (Erroa, 2015), kasu.

Musika ondarea
Honela dio Arestiren poema batek: “Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”. Profetikoa izan zen, haren poema asko abesti bihurtu baitziren: Guk euskaraz, zuk zergatik ez (Urkok abestua), Egun da Santimamiña (Mikel Laboak kantatua), San Simon eta San Juda (Xabier Leteren ahotsean)... Halere, abesti izateko hitzak ere idatzi zituen, gehienak Oskorrirekin elkarlanean. Hain zuzen, talde horrek plazaratu zuen 1976an, poeta hil ostean, Gabriel Arestiren Oroimenez diskoa, idazlearen 10 poema musikatuta (tartean Astoarena, Mixel Labegerieren musikarekin). Rafa Ruedak, berriz, Gabrielen lekua albuma ondu zuen 2013an, poetaren omenez.

Bitxikeriak
Hainbat kontatzen dira Arestiri buruz. Adibidez, txikitan erremerrea zela. Bada, eskolan barre egin ziotenean, gau oso bat igaro omen zuen praktikatzen ahoskera egokia lortu arte.

Alabari Nerea izena jarri nahi izan zion eta, frankismo garaian ez zituztenez euskal izenak onartzen, Nereo izen greziarraren femeninoa zela argudiatuz lortu zuen (Nereo itsas jainko mitologikoa zen).
Euskaltzaindian, bera sartu zenean hasi ziren batzarrak euskaraz egiten (aurretik gaztelaniaz egiten zituzten), eta berak proposatu ei zuen akademian Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzea.
Behin, kazetari batek galdetu zion zergatik ez zuen gaztelaniaz idazten, jende gehiagok irakurriko zuela esanez. Arestiren erantzuna: “Hori nahiko banu, txineraz idatziko nuke”.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.