Suitza Txikia esan izan zaio Durangaldeko mendiguneari, baina Alpeen antza baino, Dolomitena dute Durangotik hegoaldera tentetzen diren mendi puskek. Mila metroko desnibela du handienak, Anbotok; 400 metro pasatxokoa txikienak, Astxikik. Haitz txikitik gutxi du Astxikik, ordubete eta apur bat gehiagoko igoeran izerdi putzua botako dugulako, azken ordu erditxoan kareharriaren gogorra dastatuz. Goitik, baina, paradisua: Atxarteko harrobi itxia eta euskal eskalada gune ezagunenetakoa, eta haitz ikusgarriak nonahi. Andoni Urbistondo. Argazkiak: Andoni Urbistondo.
Nork ez ditu ikusi noizbait Durangaldeko erpinak, kareharrizko pareta ikusgarriak? A-8 autobidetik ederki ikusten dira, eta edonoren arreta erakartzen dute, Euskal Herrian luze-zabal ez baita pareko paisaiarik. Hamar bat gailur dotorek osatzen dute mendikatea, eta Anboto da ezagunena, jakina. Garaiena delako, 1.331 metrorekin, eta begiratzen zaion lekutik begiratuta ere piramide ederra delako. Udalatx, Oriol, Alluitz, Untzillatx, Mugarra eta Arrietabaso ere 900-1.100 metrotik gorako mendiak dira, eta guztien magalean dago txikiena, Astxiki, 800 metro eskasekoa.
Astxiki, haitz txiki-tik eratorria. Txikia da ondoan dituen menditzarrekin alderatuta, 791 metro dituelako, baina bere txikian ez dela aldamenekoak baino gutxiago erakutsiko digu, pare bat orduko irteera azkarrean. Izan ere, kareharrizko puska handiagoen ezaugarri berak ditu: aldapa pikoa, harrizko zorua azken ordu erdian eta ikuspegi zoragarriak inguru osoan.
Atxarteko haitzen magalean hasten da bidea; han bukatzen da Abadiñotik doan errepidea, Mendiola auzoan barrena. Atxarte naturak gizaldiz gizaldi Untzillatx tontorreko ekialdeko amildegian zizelkatu dituen erpin zorrotzen multzoa da. Han ernatu zen Euskal Herriko eskalada, duela mende bat, baina baita harrobi ustiaketa ere. Egun, ustiategi haiek itxita daude, baina iraganeko arrastoak begien bistakoak dira bisitariarentzat, eraistear dauden hainbat etxabe barne.
Mendiola erreka bizi-bizi jaisten da Asuntzeko zabalgunean barrena, Gure Kristo Atxartekoa edo Santokristo ermitaren pareraino. Han, apur bat lasaitzen da, eta bertan hasten da goranzko bidea. Pistatik, lehen 10 minutuetan, eta mendiko xendatik ondoren. Genzelai erakusten duen bidea hartu behar da. Ordoki hori polita da, azienda gozo aritzen baita bazka goxoa dastatzen, baina ordu laurdentxoa jan dakioke bideari Artolako leporantz zuzenago daraman bidea hartuta. Mendiko xendan ordu laurdena egin eta basoko argiune batean bide garbia agertuko zaigu ezkerretara. Ez dago seinaleztapenik. Malda berehala tentetu arren, azkar iritsiko gara 640 metrora dagoen eremu laura, Alluitz eta Astxiki gailurren artera.
Merezi du atsedenaldi txikia egitea Artolako lepoan, ikuspegiak oso ederrak direlako. Iparrean, Axpe eta Atxondoko bailara ikusiko dugu; ekialde-mendebaldera, Alluitz eta Astxiki, gure jomuga; eta, hegoaldera, Urkiolamendi gaina, Txakurzulo lepoa eta Saibi gailurra, Urkiola mendatetik gertu hirurak. Artolako lepotik, 20-25 bat minutuko ahalegina daukagu gailurrera. Bidea ondo markatuta badago ere, harritsua da, eta tarteka harri txiki asko pilatzen dira.
Gorantz, ez dauka konplikaziorik batere, eta hauspoa majo behartu ondoren iritsiko gara Artxua eta Astxiki gailurrak banatzen dituen lepora. Postontzia hegoalderantz urrunen dagoen gailurrean dago, Artxua baino bi metro garaiagoa bera. Gailurretik ikusten den parajea zoragarria da. Anboto bera, inguruko jauntxoa, harro ageri da Alluitz gainetik, bere agintea erakutsi nahiko balu bezala. Alluitzeko mendebaldeko horma ere ikusgarria da (1.040 metro), eta Artolako lepotik ezinezkoa zirudien bidea erakusten dio mendizaleari, iparraldeko magaletik.
Amildegia handia eta sakona da Atxarteko haitzetaraino, eta tentuz hurbiltzea komeni da, 400 metroko zuloa bertikala baita ia-ia. Untzillatx dugu mendebaldera, eta Aramotz mendikateko Arrietabaso, azkena. Urrunago, Lekanda dago, Gorbeia mendi multzoko erpin zorrotza (1.309 m). Iparrera, Oiz ikusten da, eta bailaran, Durango herria bera.
Azoka bisitatzea baino ez zaigu falta, eta ordubete pasatxoko bidea egin beste lanik ez daukagu autora itzultzeko. Artolako leporainoko itzulera kontu apur batekin egin behar da. Tarteka harri txiki ugari pilatzen direnez mendiko xendan, onena poliki-poliki jaistea da, harritxoekin ez irristatzeko. Behin Artolako lepora iritsita, akabo zailtasun oro. Autoraino ordu erdi pasatxo ibili eta kito. Txangoa burutzeko, erritmo lasaian, bi ordu eta erdi inguru beharko dugu. Nahikoa denbora, beraz, Azoka bisitatzeko eta nahi beste gozatzeko.