Aurretiazko Borondateen Dokumentuan (ABD) adin nagusiko edozein pertsonak hainbat jarraibide idazten ditu etorkizunerako, bere borondatea adierazteko gai izaten ez denean medikuek erabil ditzaten; nolako heriotza nahi duen, kasu. Dokumentu hori edonoiz aldatu edo ezaba daiteke, idatzi duenak ebatziak hartzeko gaitasunari eusten badio. Bitartean, pertsonaren erabakiak izango du lehentasuna, dokumentuan jasotakoaren gainetik. M. Egimendi.
ABD heriotzari buruzko hizketaldi eta hausnarketa prozesu baten azken emaitza da. “22. Korrikaren leloa, HitzEkin, gogoan”, Egoitz Zabalak “heriotzaz hitz egin beharra” azpimarratzen du bere hitzaldietan. Arrasateko Aita Menni ospitaleko boluntarioen eta beharrizan espiritualen arduraduna da, eta zainketa aringarrietan aritzen da. “Ondo hiltzeko, beharrizan fisikoei eta psikologikoei bezala, beharrizan espiritualei ere erantzuna eman behar zaie, hilzorian dagoena judua, katolikoa, protestantea edo inolako erlijiorik gabea izan”. Zabalak “ordu asko” pasatzen ditu Aita Menni ospitaleko gaixoekin, “eskutik helduta eta isilik. Heriotzaren unean haietako askoren alboan egoten zarenean, barrua mugitzen zaizu. Agurraren unea ederra da, oso intimoa, eta zaindu egin behar da. Hortaz, onena da hilzorian dagoen pertsonak zer nahi duen jakitea, ondo agurtzeko, berak nahi bezala”.
Heriotza gai tabua da gure artean, “den-denok ziur egingo dugun gauza bakarra hiltzea izan arren”. “Ez dugu sufritu nahi, baina ez daukagu argi gure heriotza, gehienon kasuan, oso traumatikoa izango dela”. Datuak hor daude: 10etik 2 baino ez dira hilko etxean, familiaz inguratuta, zahartuta, berehala, bakean eta lo. “Besteok sufrimendu urte batzuk izango ditugu hil aurretik (batik bat, gaixotasun neurologikoen, iktusen, arnasketa arazoen, eritasun onkologikoen edota bihotzekoen ondorioz), baina gaur egun, neurri handi batean, badago sufrimendu horiek ekiditea. Horregatik hitz egin behar da aurretik. Hizketan hasita, pila bat gauza ateratzen da, eta azken fruitua ABD da”.
ABDren beharra
ABD idaztea oso lagungarria da, bai norberarentzat bai sendiarentzat bai medikuentzat: “Zu hobeto hilko zara eta zure ingurukoentzat errazagoa izango da dena, hala heriotzaren unean nola gerora, egoera bitxiak ere sortzen direlako. Adibidez, hiruzpalau seme-alaba badaude, bakoitzak gauza bat nahi izatea gurasoentzat; edo adineko pertsona batek bere hileta elizan egiteko eskatzea ABDn, seme-alabek hala egingo ez dutelakoan; edo oso istripu larria izan duen gazte baten amak zaurituari bizirik eustearen alde borrokatu nahi izatea, baina hark dokumentuan ez dela borrokatu behar idatzia edukitzea. ABD badago, ez dago eztabaidarik”.
Alderantziz gertatzen da, mendekotasun maila gorena izanda, ABDrik ez duten gaixoekin: “Pentsa dezakegu hobe litzatekeela eutanasia aplikatzea, baina ezin da, ez dakigulako hark zer nahiko zuen. Agian, horrela bizitzea eskatuko zuen, edo ez. Zer egin, orduan? Bada, hil arte zaindu, ez dago besterik. Kasu horietan aplikatzen dira zainketa aringarriak”. Horiek heriotzarekin lotzen dira askotan, baina ez da beti horrela: “Gaixoa hobeto egoteko bidea dira; beharbada, 20 urtez ere bizi daiteke egoera horretan”.
ABD eta eutanasia
ABDk ez dakar, berez, eutanasia. Gauza asko sar daitezke dokumentuan, eutanasia eskatu barik. Gainera, Eutanasiaren Legea onartu aurretik ere, aukera piloa zegoen: “Tratamendu bati uko egitea aspalditik da legezkoa, baina jende gutxik daki. Hortaz, zundei, elikadura artifizialari, seroterapiari, kimioterapiari, oxigenoterapiari... kanpotik jartzen diguten edozeri ezetza emateko ere eska daiteke ABDn. Gaixoa, tratamendurik gabe, berez hilko da, baina sufritu gabe. Horretarako daude sedazioa eta gainerako baliabideak. Jende asko hil da txarto horren berri ez izateagatik”. Halere, lege hori onartu aurretik ABD eginda zuen jende askok moldatu egin du berriki, aukera hori ere sartzeko.
ERREPAROAK
Egitea erraza izan arren (norberaren osasun zentroan, Osasuneko Lurralde Ordezkaritzan edo Aurretiazko Borondateen Erregistroan hitzordua hartuta; baita postaz edo Internet bidez ere), ABD jende gutxik dauka idatzita: gehienak, gaixoak zaindu dituzten emakumeak. Zabalak dio heriotza aldendu egin dugula etxetik: “Beilatokiak industrialdeetan daude, eta umeei ezkutatu egiten zaie: aitona-amonak hiltzen direnean, izar bihurtu edo zerura joan dira. Heriotza, zahartzaroa, ahuleziak... ez ditugu begien bistan nahi”. Oro har, jendeari beldurra edo erreparoa ematen dio, eta ABD testamentuarekin lotzen dute batzuek, zerikusirik ez badu ere. “Horrela jokatzea akatsa da, sufrimendua beste alde batetik etorriko delako gero”.
Bestalde, Zabalak onartzen du herritarrek ez ezik, medikuek ere prestakuntza falta dutela: “Denok falta dugu; dena den, ari gara urratsak egiten. Nire inguruko sendagileak ari dira horretan, baina oraindik ere gerontologia espezialitate finkaturik ez dago, nahiz eta gero eta zahar gehiago egon. Eta ez dago zaintza aringarrien espezialitaterik, gero eta gehiago behar izan arren”.