Hainbat udalek eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 600 lagunen heriotza eragin zuen Belabietako borroka ikertu, dokumentatu eta argitaratu dute, bertakoek duela 150 urte gertatutako gatazka odoltsua informazio panelen bitartez ezagut dezaten. Andoni Urbistondo. Argazkia: Andoni Urbistondo.

Antonio Pirala historialariak idatzitakoa da honako testu hau, Belabieta mendi inguruan 1873ko abenduaren 9an izandako borroka odoltsuari buruzkoa: “Nafarrek, hainbeste tiro eginda ere etsaiak ezin uxatzeaz nekaturik, baioneta kargatu zuten, beren kemenari hobeto laguntzen ziena, liberalei eraso egin, dezente harrapatu eta labanaz garbitu zituzten. Badirudi etsipenak sorrarazi zuela gatazka hura (...); eta lehia amorratu hartan, gorputzez gorputz, denak nahasten ziren, basakeria ikusten zen haien begitartean, odola esku artean, ia guztiek zauritzen zuten, eta hiltzen ez zenak hil egiten zuen. Anabasa izugarrizko uneak izan ziren, oroitze hutsak ikara eragiten du”.
Idazki hori Belabietako lepoan dagoen panelean irakur daiteke. Duela mende eta erdi luze, Hirugarren Karlistaldian, Amasa-Villabona, Tolosa, Berastegi, Andoain, Elduain eta Berrobiko mendietako gudu zelaian izandako liskar odoltsuaren gaineko idatzi lazgarria da. Egun bakarrean, 600 hildako utzi zituen, borrokak egun bakarra iraun baitzuen. 1873an, Gipuzkoako zatirik handiena karlisten esku zegoen, baina plaza garrantzitsua, Tolosa, liberalen mendean. Karlistek, Antonio Lizarraga jenerala buruzagi, herri hori setiatzeko erabakia hartu zuten, aurkariei komunikazioak etenda eta elikagaiak eskuratzeko modurik gabe utzita amore eman zezaten. Irailean setiatu zuten Tolosa karlistek, eta tropak Belabieta mendiko parajeen inguruan egon ziren mugitu gabe, zain, abendura arte.
Hala dio Aranzadi Zientzia Elkarteak Karlos Arrieta Almorza Historian doktorearen gidaritzapean egindako ikerketak. Hiru urte eman dituzte hango eta hemengo artxiboetan arakatzen. Amasa-Villabonako Udalak eskatuta abiatu zuten ikerketa, 2021. urtean, eta gerora batu dira egitasmora Andoain, Berastegi eta Tolosako udalak. Garaiko artxiboetan, 4.105 dokumentu topatu ditu Aranzadik, eta, lubakietan lan arkeologikorik egin gabe ere, gudu zelai hartako materiala berreskuratu dute.
Ekimenaren sustatzaileen helburua izan da euren inguruko mendietan gertatutako ekintza historikoa gure garaira ekartzea; egungo biztanleek mende eta erdi atzera zer gertatu zen jakitea, askok ez dakitelako Hirugarren Karlistaldi hartako borroka odoltsuan zer jazo zen. Horretarako, informazio panelak jarri dituzte zortzi gunetan, herritarrei Belabietako batailaren gaineko oinarrizko jakingarrien berri emateko. Panel horietako bost herrietan jarri dira: Andoain, Amasa, Villabona, Tolosa eta Berastegi. Garai hartako borroka lekuetara joateko ibilbideen abiapuntuak dira. Beste hirurak borrokarik odoltsuenak gertatu ziren tokietan daude: Uzturre mendiko gurutzetik gertu, Belabieta mendiko lepoan eta Amasako Meaka gurutzean.
Agiri aski interesgarriak
Aranzadi Elkarteko Arrietarekin batera beste hainbat lagun aritu dira ikertzen: elkarteko kide Jexux Bidaola Txirrita eta Jose Luis Iraola Puxkas, baita Joseba Salbador eta Manex Arrastoa ere. Esan bezala, garaiko gertaerak jaso eta azaltzen dituzten milaka agiri topatu dituzte, eta zenbaitek informazio aski interesgarria eskaintzen dute. Donostian, 300 ohe baino gehiago prestatu omen zituzten liberal zaurituak hartzeko. Belabietan parapetoak egiten jardun zuen jendeak bidalitako fakturak ere aurkitu dituzte ikertzaileek. Baita liberalek inguruko herrietan 8.500 pertsonarentzako otorduak eskatu zituztela dioten artikuluak ere.
Berastegiko udal agiritegiko batean topatu zutenaren arabera, batailaren biharamunean 125 lagun kontratatu zituzten Belabietatik hildakoak eta zaurituak jaisteko. Villabona-Amasako artxibategian, berriz, kandelen fakturak topatu dituzte. Horiek aintzat hartuta, Aranzadiren ikerketaren arduradunak ez dauka zalantzarik 1873ko abenduaren 9an gutxienez 14.000 soldadu borrokatu zirela Belabieta inguruan. Erraz esaten da, gero: 14.000 soldadu!
“Inoiz ez da ibili hainbeste jende armatu borrokan inguru honetan” dio Karlos Arrieta Almorzak. Gudu zelai haren tamaina ulertzeko, beste agiri bat aipatu du, Oria ibaiaren gaineko zubiak zartatu egin zituztela dioena, eta zera erantsi du: “Dokumentu batean irakurri dugunez, Villabonako Txermin auzoaren parean ehun metro kubikoko zuloa egin zuten, liberalen artilleria eta zaldiak ez zitezen pasatu”. Ikaragarria. Eta gurera ekarri beharrekoa, pasarterik ilunetan ilunena izanda ere.

GUDU ZELAIA EZAGUTZEKO IBILBIDEA

Esan dugu bost informazio panel herrietan daudela, eta beste hiru mendietan, batailak gertatu ziren eremuetan. Hiru horiek ezagutzeko ibilbidea erraza da, eta Ibarrako Izaskun auzotik edo Amasatik abia daiteke. Uzturreko gurutzetik gertu dago panel bat, Belabietako eta Urdelarko gailurrak banatzen dituen lepoan bestea, A-15 autobidearen gainean, eta Meaka gurutzean azkena. Hego ipar, edo ipar hego, bizpahiru orduko itzulia da, eta informazio panelak irakurriz txundituta geratuko da bisitaria, 700 metrotik goiti dauden paraje horietan milaka soldaduk negu betean jasan zituzten miseriak irudikatuz.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.