Entziako mendilerroa eta Lezea ezagutuko ditugu, Arabako Lautadan gailentzen direnak. Katarriko labirintoak ipuin batetik ateratako iruditegia dirudi, horregatik ez da harritzekoa Irati pelikulako eszena batzuk bertan filmatu izana. Amaia Gartzia. Argazkiak: Amaia Gartzia.
Entzia Urbasako (Nafarroa) mendikatearen jarraipena da. 4.991, 4 hektarea hartzen ditu, eta Arabako ipar-ekialdean dago. Arabako Lautada eta Harana bailara begiztatzeko talaia paregabea da, eta, horrez gain, Historiaurreko hainbat aztarna gordetzen ditu: monolitoak, harrespilak, dolmenak, tumuluak... baita hainbat kobazulo ere. Aztarnen artean, Itaidako menhirra eta Mendiluzeko harrespila nabarmentzen dira.
Abiapuntua Agurain izango da, bertatik autoz Opakuako mendatera doan errepidea hartuko dugu. Izen bereko herria atzean utzita eta behin mendatera helduta, ezkerrera doan bidea hartuko dugu, Entziarantz. Aparkalekuak atzean utziko ditugu, Iturbazekoa, kasu. Legaire eta Itaida arteko bidegurutzea baino apur bat lehenago dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua.
Pista horretan, atzera egingo dugu, oinez dagoeneko, 500 metro inguru ipar-ekialderantz. Nabarreta iragartzeko kartela ikusten dugunean, eskuinera eginda eta pista utzita pagadian barneratuko gara 50 bat metro iparralderantz, eta hortik 410 metro ipar-ekialdera. Puntu horretara helduta, eskuinera egiten jarraituko dugu, harik eta Katarriko labirintoan murgildu eta goroldioz jantzitako lehendabiziko harritzarrek gure begiak harrapatu arte.
Kontuz bada ere, onena basoan barna galtzea da, eta jentilek jarrita diruditen haitz izugarriek eskaintzen diguten paraje kolosalaz gozatzea. Gure irakurle zinemazale bati baino gehiagori ezaguna egin dakioke, arestian aipatu bezala Paul Urkijoren Irati filmeko hainbat irudi bertan grabatu zirelako. Zehazki, arroka handi bat jentil bihurtzen erakusten duena, bi protagonistak larrua jotzen eta basoko beste hainbeste eszena.
Katarrikoa ez da Entziako labirinto bakarra. Arno eta Iturbatzeko labirintoak ere badaude, biak ere ezin ederragoak. Lehendabizikoan, Arnoko arkua eta bisaia baten itxura (begi, sudur, aho eta guzti) duen haitz izugarri handia azpimarratzekoak dira.
Irati da adibiderik gertukoena, baina ez da Lautadako parajeetan filmatu den pelikula bakarra. Denboran atzerago bagoaz, bat baino gehiago harritu egingo da Franklin J. Schaffner-en Patton filma (AEB, 1970) bertan grabatu zela jakiten duenean. Filmik onenaren Oscar saria jaso zuen, eta Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan George Patton jeneralaren bizipenak kontatzen ditu.
Entzian, oraindik ere bada grabazio haren arrastorik. Hura topatzeko, Aguraindik A-2128 errepidea hartuko dugu Haranarako noranzkoan. Opakua herria igaro eta mendateko gainera heldutakoan, gutxi gorabehera kilometro batera utziko dugu autoa, estazio eoliko txiki eta langa metaliko baten ondoan.
Hegoalderantz egingo dugu, GR-120 Ignaziotar bideko marka zuri-gorriak jarraituta. Kilometro batera adi egon beharko dugu, gure ezkerrera egin beharko dugulako basoan barna sartzeko. Hortxe topatuko dugu Patton filmeko jeepa ahanzturak eta landarediak hartuta, bertako partzuergoaren utzikeriaren seinale. Gertu, Ilarragorri deritzon leku honetan, kobazulo txiki bat daukagu, eta, era berean, beste labirinto txiki eta xarmant bat.
Damaren Lezea
Lautada utzi gabe, Irati filmeko beste kokapen batera egingo dugu jauzi. Lautadako herriburua utzi eta Araia izango dugu ardatz, bertatik Ilarduiara joateko. Gure helburua Dama bakarraren bizitokia da; Itziar Ituñok gorpuzturiko Mariren etxea 70 metroko ahotzarra duen Lezea da. Galbiderik gabeko errepidetik, seinaleek argi erakusten baitute bidea, autoa aparkalekuan utziko dugu eta, bidean aurrera eginda, otorduetarako mahai eta barbakoa paregabeak ikusiko ditugu.
Bidean aurrera, segituan agertuko zaigu Lezea, ikusgarria benetan. Koba zeharkatzeko aukera dago, baina horretarako eskaladarako ekipamendu aproposa eraman behar da, eta aditu baten laguntzaz egin. Tokia urte osoan egoten da zabalik; hala ere, ez denez oso handia, eguraldi ona egiten duenean segituan betetzen da.
LABIRINTOAK EZ DIRA TXANTXA
Komenigarria da ura eta sakelakoa edo GPSa eramatea inguruotan ez galtzeko. Interneten, hainbat track-ek jasotzen dute labirinto hauen ibilbidea. Haatik, labirintoetan ez dago inongo seinaleztapenik, beraz, oso erraza da norabidea galtzea. Bazkaltzeko zein ostatu hartzeko aukera ugari dago, bestetik, bai Agurainen bai Araian.