Izaskun Arrue Kulturgunea erritmoa hartzen ari da Gasteizen, etorkizun oparorako oinarri sendoak eraikitzen: eraikin berria atondu, programazioa bideratu, euskaltzaleen eskariak entzun… Jon Rejado. Argazkia: Lazarraga Kultur Elkartea.
Errementari eta Zapatari kaleen artean, Ruiz de Bergara Jauregian, obrenak ez diren zaratak entzuten dira duela lau hilabete. Izaskun Arrue Kulturgunea martxan da. Oihaneder Euskararen Etxearen lekukoa hartu eta Gasteiz Antzokiarekin bateratzen duen proiektuak gogotsu hasi du ikasturtea. “Erronka polita dugu esku artean; bertigo apur bat ere ematen du, baina pozik gaude, Gasteizek espazio hau duelako azkenean” hausnartu du Amaia Kerexeta Gabilondok, Lazarraga Kultur Elkarteko komunikazio arduraduna denak eta proiektua kudeatzen duenak.
Uztailean inauguratu zuten Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK), eta irailean hasi dute eraikina edukiz eta ideiaz betetzeko prozesua. Bidea, baina, pausoka egingo dute. “Mailakatuta hasiz, hasierako oinarriak ondo jarri nahi ditugu” azaldu du Kerexetak. Batetik, zerbitzuak eta azpiegiturak falta dira eremua bete-betean egon dadin: taberna urte amaierarako zabalik egotea aurreikusten da; ikus-entzunezko materiala erosi behar da… Bestetik, programazioa prestatu behar dute Lazarraga elkarteko kideek.
Programazioa aurrera eramateko, balizko erabiltzaile guztiak aintzat hartzea dute helburu: haurrak, familiak, gazteak, helduak, elkarteak, sortzaileak… Hasteko, Oihaneder Euskararen Etxea itxi aurretik zituzten kontaktuekin harremanetan jarri dira. Elkarlanak ere berreskuratuko dituzte, Aintzina Folk musika jaialdia, kasu, eta bestelakoak ere sortu nahi dituzte Lazarragako kideek.
Horrez gain, euskaraz sortzen dute eragileengan jarri dituzte begiak. “Sortzaile euskaldunak entzun nahi ditugu, haien beharrizanei erantzuten saiatzeko” argitu du Kerexetak. Elkartearen proiektuko lehentasunen artean dago azken hori, erakusleihoa izateaz gain, beste eremu batzuetara ere heldu nahi duelako: sormena, ekoizpena, komunikazioa, zabalkundea, saretzea…
Sortzaileen saretzea ez ezik, euskalgintzako eragileena ere lehenesten dute. Hala ere, hastapenetan egonda, hori kudeatzeko moduaren gainean hausnartzen ari dira. Jatorrian, coworking leku bat aurreikusten zen, baina behin betiko guneek horretarako aukera ematen ote duten ikusi behar dute. “Eraikina birgaitzean, espazioa galdu dugu, besteak beste, eta geratzen zaigun hori antolatzeko modua aztertzen ari gara”. Dagoeneko “eskaera asko” jaso dituztela jakinarazi du Amaia Kerexetak.
Elkarteen artean sortutako ikusmina gizartean ere antzeman dute. “Hasierako hilabeteotan igarri dugu jendeak baduela gogoa eraikina ezagutzeko, gauzak egiteko…”. Besteak beste, 2025eko Araba Euskarazen aurkezpena Izaskun Arrue Kulturgunean egin da.
Ireki arteko bide luzea
Egungo lan horietara heltzeko bidea luzea izan da. 1990eko hamarkadaren amaieran egin zituzten Gasteizko euskaltzaleek lehen eskariak. Gasteizko Udalak 2009an aintzat hartu zuen Gasteiz Antzokia egiteko ideia, baina 2019ra arte ez zituen egungo eraikinaren obrak esleitu. Bitartean, 2014an, Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatuta, Oihaneder Euskararen Etxea abiatu zen: proiektu osoaren bi hanketako bat; bigarrena antzokia litzateke.
2022a zen bi egitasmoak bateratzeko jarritako data. Gasteizko Udalak eta Lazarraga Elkarteak Oihaneder ekainaren 30ean ixtea adostu zuten, irailean Gasteiz Antzokian bertan lanean hasteko. Ez zen hala izan. Oihaneder itxi bai, baina eraikin berria ez zegoenez amaituta, Lazarraga Elkartea tokirik gabe geratu zen prest zuen programazioa garatzeko.
2022ko amaieran lortu zuen Lazarragak, lehiaketa publiko bidez, 2026ra arte esparrua kudeatzeko kontratua. Lanean jarraitu zuen eraikina zabaltzen zenerako, Udalak lanak amaitu eta baimen guztiak lortutakoan martxan hasteko. 2024an amaitu ziren Izaskun Arrue Kulturgunea izendatutako guneko lanak, baina Gasteizko Udalak zor bat egotzi zion elkarteari lana IAKn garatu ez izanagatik. Proiektuak hilda zirudienean, ekainean akordioa lortu zuten bi aldeek.
Prozesu horrek guztiak iraun bitartean bizi izandako guztia “gogorra” izan dela aitortu du Kerexetak. Hala ere, Oihaneder Euskararen Etxeak izan zuen erreferentzialtasuna lortzeko nahia berretsi du, “ez bakarrik Gasteizen, Araban eta Euskal Herrian ere bai. Hemendik hamar urtera euskaltzaleek, euskarara gerturatu nahi duen orok, leku bat izatea nahiko genuke, haiena dela sentitzen dutena, guztiontzako euskararen etxe bat”.
1.100 METRO KOADROKO EREMUA
Izaskun Arrue Kulturgunea lau solairutan banatuta dago eta, guztira, 1.100 metro koadro ditu. Jatorrian, 1.370 metro koadro ziren, baina isolatze lanek espazioa hartu dute. Errementari kaletik sartuta, areto nagusia, aldagela eta harrera daude. Gorago, Zapatari kaletik sartuta, taberna eta antzokia, eta horren gainean begiratokia egongo da, baita erabilera anitzeko gela ere. Azkenik, goiko solairuan lan egiteko gunea egongo da.