Euskara Lukuak izena du Guardia-Arabako Errioxan ontzen ari diren markak. Asmoa da euskara bertako ardo upategietan txertatzea, eta ahalegin horretan dabiltza ABRA (Guardia-Arabako Errioxako Upategien Elkartea) eta Ardoaren Ibilbidea (inguruko jatetxeak, ostatuak, landetxeak, museoak, taxiak... ditu bazkide). Ahize-AEK Hizkuntza Aholkularitzaren laguntzaz dihardute lanean. M. Egimendi. Argazkia: ABRA.
Prozesua duela urtebete hasi zen, Lanabes-Araban Euskara Lanean zerbitzu teknikoaren bitartez. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioak eta beste entitate pribatu batzuek sustatua, Lanabesen xedea da Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea eta handitzea. Hark eskatuta, Ahize-AEK Hizkuntza Aholkularitza ABRArekin eta Ardoaren Ibilbidearekin dabil elkarlanean, haien bazkideak zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai izan daitezen. Hala, iazko udazkenean hasi zen egoeraren diagnostikoa egiten, ABRAko 78 upategiri eta Ardoaren Ibilbideko 114 bazkideri galdetegiak bidalita.
Maialen Begiristain Grado Ahize-AEK Hizkuntza Aholkularitzako kideak azaldutakoren arabera, “erantzuna oso positiboa izan da, baina azpimarratu digute euskararen aldeko kultura sustatu behar dela kuadrillan, ez dela nahikoa esku-hartze zehatzak egitea. Jarraitutasuna behar da, pixkanaka-pixkanaka bata bestearen atzetik animatzeko”.
EUSKARA, UPATEGIEN BEREIZGARRIA
Ardoaren Ibilbideko lehendakariorde Joana Del Hoyo Fernandezen eta ABRAko presidente Itxaso Compañon Arrietaren ustez, Guardia-Arabako Errioxako upategien bereizgarrietako bat euskara izatea garrantzitsua da, eskualdeko ardoaren irudia euskararekin lotzeak balio erantsia emango dielako.
Del Hoyoren esanetan, euskara baliagarria izan daiteke bezeroak erakartzeko, “bertako produktuak bertako hizkuntzan saltzea erakargarria baita turismorako. Gure ingurunea euskaraz ezagutzeak ateak irekitzen dizkigu, ingurunea hobeto ulertzen laguntzen digu. Irudia eta marka bertakotzeko aukera bikaina da”.
Compañon Arrietak dioenez, “euskarak beste upategietatik bereizteko aukera ematen digu. Euskara bezeroak, langileak eta upategi jabeak beren artean era naturalean aritzeko tresna izatea nahi dugu. Euskarak bereizten gaituen zerbait izan behar du, gauzak ondo egiten ditugulako, eta euskaraz”.