Rosemead-eko etxegabeen herrixka ezagutzeak (ikus 465. AIZU!) tristura eragin zidan. Alabaina, Skid Row auzo tamalez ezagunean ibiltzeak, Los Angeles hiriaren bihotzean, tristura ez ezik, harridura galanta ere sortu zidan. Pablo Gomez. Argazkiak: Biok Studio.

Los Angelesen, auzo honek biltzen ditu etxegabe gehien. Gutxi gorabehera bi kilometro koadrotan, milaka lagun batzen dira. Gaur egun, 8.000 eta 14.000 lagun artean dira, informazio iturriaren arabera. Nolanahi ere, zaila da baieztatzea, jendearen joan-etorria etengabea delako.
Osasun baldintza oso txarretan bizi dira; ondorioz, tuberkulosia edota hepatitisa, besteak beste, ohikoak dira. Drogazaleak, prostitutak, gameluak, preso ohiak, ezgaitasun fisikoak dituen jendea eta buru gaixotasunak dituztenak nonahi. Auzoan polizia patruilak ikustea ohikoa den arren, horrek ez du esan nahi legez kanpoko zenbait ekintza, drogak hartzea, esaterako, zigortuak izaten direnik. Badirudi denak balio duela eta hango pertsonak gizagalduak besterik ez direla.
San Pedro kalea da jendetsuena, eta bertatik ibiltzea surrealista da ia; errefuxiatuen kanpalekua dirudi. Jendea zaborretik hartutakoa jaten, egun argitan droga hartzen edota abstinentzia sindromeak jota lurrean bihurrikatzen ikustea mingarria bezain erreala da. Zabor metak, usain jasanezinak, inori axola ez zaizkion ezindu fisiko eta mentalak. Zorte handiena dutenek autoetan egiten dute lo.

Nahiz eta elkarteek eta norbanakoek jakiak banatu, edota zenbait gauetan lo egiteko aterpetxeak eskaini, laguntza hori ez da nahikoa.

Elkarteak eta boluntarioak
Goiz eguzkitsu batean, Little Tokyo-tik sartuta, gazte batzuk janaria eta arropa banatzen ikusi ditut. Ilea musu-truk mozteko aukera ere eskaintzen dute. Liliane izeneko gazte batek azaldu didanez, “THC-koak (The Heavenly Center, droga eta alkohol mendekotasunari aurre egiteko zentro bat) gara, eta aldizka etortzen gara janaria, arropa eta ura banatzera, baita jendeari ilea moztera ere".
Eric Garcetti hiriko alkate demokratak arazoa konpontzeko eskainitako irtenbideei buruz galdetuta, Lilianek ez du iritzi onik: “Aterpetxe gehiago eraikitzen ari dira, baina ez da nahikoa. Urtetik urtera, etxegabe gehiago dago. Eta bestelako arazoak ere bai: drogak, indarkeria...”.
THCko boluntarioei argazkiak atera ostean, aurrera jarraitu eta alboko kalean gazte bat ikusi dut, erdi biluzik bihurrikatzen, abstinentzia sindromeak jota, ziurrenik. Ez da halako egoera tamalgarrian ikusiko dudan bakarra.
Bat-batean, gospel musika entzun, eta handik metro gutxira janaria eta edaria banatzen ari diren pertsona batzuk aurkitu ditut; hauek ere elkarteren bateko kideak dirudite. Talde handia da, denak beltzak dira, eta banaketa egin aurretik otoitz eginez Jainkoa eta Jesus goraipatzen dituzte. Denek kamiseta beltza daramate, paparrean The Tenth % (% 10a) eta bizkarrean In God we put our trust (Jainkoarengan jarria dugu gure konfiantza) leloak idatzita.
Taldearen gidariak dioenez, Sam izeneko gizon nabarmen altuak,“ez gara elkarte bateko kideak. Emaztearekin, semeekin eta beste zenbait lagunekin etortzen naiz, ahal dugun neurrian lagundu nahi dugulako, gure dirua erabiliz”.
Taldea lanean utzita, bizikleta gainean eta zigarreta eskuan datorren gizon batekin egin dut topo. Cigarette Man izena duela esan eta argazkiak egiteko gonbita luzatu dit, harro esanez: “Cigarette Man naiz eta Youtuben ateratzen naiz, han ikus dezakezu nire bideoa”. Hori esanda, agertu bezain azkar alde egin du bere bizikletarekin. Bideoan dio Skid Row ezagutu duen lekurik arriskutsuena dela, eta drogari eta indarkeriari buruzko istorio beldurgarriak kontatzen ditu.
Noraezean dabilen jendearen joan-etorriak etengabeak dira. Union Rescue Mission izeneko harrera etxearen aurretik igaro naiz. Bertan, seme-alabak eta familia dituzten emakumeei laguntzen diete. Kanpin dendak ikusten jarraitzen dut, beren autoetan zain dauden pertsonaia susmagarriak, eta beste laguntza talde bat. Oraingoan, neska bat eta mutil bat dira, biak oso gazteak, eta ura banatzen ari dira.
Jendea ur bila gerturatzen zaien bitartean, igandero etortzen direla aipatu didate. “USC-ko (University of Southern California) boluntarioak gara. Gure unibertsitateak, Water Drop LA-rekin elkarlanean, ura banatzen du behar handiena dagoen lekuetan; besteak beste, Skid Row-n”. Nahiz eta oso gazteak izan eta biak bakarrik egon, “ez dugu beldurrik. Buru gaixotasunak dituen jendea dagoenez, gertatu izan zaigu guri irainka hastea, baina besterik ez. Ez diogu garrantzirik ematen”.
Auzoan oinez jarraitu dut, baina argazki kamera poltsan gordeta. Hori bai, ikusten ari naizena ikusita ezin diot harritzeari utzi.
Glamourra eta pobrezia
Zorigaitza Skid Row-etik harago doa. Hollywood edo Venice Beach-en, glamour handiko toki ospetsuak izanagatik ere, etxegabez betetako eremu handiak dituzte. Hiriko leku gehienetan orokortutako joera da. Zubien azpian, errepide bazterretan, parkeetan, ibaiertzetan… etxegabeak ikustea ohikoa da. Hiriko eta konderriko leku gutxik saihesten dute zoritxarreko errealitate hau.
Noizean behin, etxegabeak beren bizilekuetatik kanporatzen dituzte; beste leku batera joaten dira, berriz botatzen dituzten arte, ziur aski. Los Angelesko klima atsegina denez, beste toki batzuk baino errazagoa da bizirik irauteko, eta horregatik da eguraldi gogorragoa duten estatuetako etxegabeen helmuga.
Kontrasteen hiria: etxegabeen hiria, zinema izarrena, arraza ugarikoa, AEBetako hiririk kutsatuenetakoa, entretenimenduaren munduko hiriburua, arrazagatiko istiluen lekua 1992an, Rodeo Drive-ko denden luxua eta Sunset Boulevard-eko prostitutak. Los Angeles, etxegabeen hiria.

 

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.