Zaldibian hasi zen dena 2021-2022 ikasturtean. Lardizabal eskolan, hizkuntzaren kudeaketarekin arduratuta zeuden gurasoak eta eskolako irakasleak zein zuzendaritzako kideak. Korapiloa askatu nahi zuten. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide da Goierriko herria, eta 1.600 biztanle ditu. Euskara bultzatu nahi zuten, baina euskara ulertzen ez dutenak baztertu barik. Horrela jaio zen Euskara eta kulturartekotasuna egitasmoa. Txomin L. Aramaio. Argazkia: UEMA.
Arnasgunea da Zaldibia, eta ia guztiz euskaraz bizi dira herritarrak. Herriko haur guztiak eskola berera doaz, eta bertako funtzionamendua euskaraz izan da duela gutxira arte. Hala ere, beste herri askotan bezala, testuinguru soziolinguistikoa aldatuz joan da azken urteetan. Izan ere, euskaraz ez dakien gero eta jende gehiago joan da bertara bizitzera. Gehienak, migratzaileak. Kezka sortu zenez, euskara erdigunean jartzen jarraitzeko eta korapilo horiek askatzeko lanean hasi ziren, elkarlanean, HUHEZIko irakasle eta ikertzaileak, Zaldibiako eskola, herrian etorkinei harrera egiten dien eragile bat, Udala eta UEMA.
Alabaina, Zaldibia ez zen testuinguru eta erronka horiek zeuzkan herri bakarra. Egitasmoa estrapolagarria izan zitekeela ohartu, eta hurrengo ikasturtean beste sei udalerri txikitan jarri zen martxan. Tartean, Ondarroako Zaldupe eskola publikoan. “Oso balorazio positiboa egin dugu. Euskaraz ez dakiten gurasoak gustura daude. Ez dira baztertuta sentitzen eta, aldibereko itzulpengintzarekin, guztiok elkarrekin egiten ditugu bilerak”, azaldu digu Zaldupe eskola publikoko zuzendari Josebe Azpirik. Euskaraz ez dakitenek entzungailuak jarri eta itzulita entzuten dituzte, unean bertan, eskolako bileretan euskaraz esandakoak. Horrela, parte hartzaile guztiek leku eta une berean entzuten dituzte edukiak, errepikatu behar izan gabe. “Irakasle batek gaztelaniara itzultzen du”, gaineratu du. Behin bilera nagusia bukatuta, talde txikiagotan beste bileratxo batzuk egiten dituzte elkar hobeto ezagutzeko. “Guztiz positiboa da eta orain arte inor ez da kexatu. Denak daude pozik”, Azpiriren esanetan. “Honen aurretik, batzuek ez zuten parte hartzen bileretan, baina orain guztiak etortzen dira”. Horrez gain, ikasgela bakoitzak bere Telegram taldea du, eta bertara bidaltzen dizkiete gurasoei ohar guztiak euskara hutsean. Gurasoek nahi duten hizkuntzara itzul ditzakete euskarazko mezu horiek.
Zaldupe eskola publikoan, urte batzuk daramate proiektuarekin. Herriko beste ikastetxean, aldiz, ikasturte honetan abiatu dute: “Telegram kanalak sortu ditugu, aldibereko itzulpenak egiten dira bileretan... poz-pozik gaude egitasmoarekin, bai irakasleok, bai zuzendaritza bai gurasoak. Horrez gain, argi daukagu, hori bai, beste pauso batzuk ere egin behar ditugula integrazioa bultzatzeko; horretan darraigu”, azaldu digu Ainara Zendoia irakasleak, Ondarroako Zubi Zahar ikastolako euskara batzordeko kidea ere badenak. Kulturartekotasuna bultzatu nahi dute Ondarroako ikastetxe biek, euskaraz eta itzulpenez harago beste gauza batzuk ere eginez.
Maialen Zuazo UEMAko teknikaria da Euskara eta kulturartekotasuna proiektuaren arduraduna: “Beti esaten dugu prozesu hau ezin dela idealizatu; bidea egin ahala ikasten dugu, eta estrategiak eta egiteko moduak hobetzen eta fintzen dihardugu”, azaldu du. “Baina, oro har, ezin dugu ukatu balorazio positiboak jasotzen ari garela herri eta eskoletatik. Batez ere, oinarri filosofiko bat adostu dugulako orain arte hurbil ez zeuden herritarren artean, eta bide horretatik lortu dugulako zenbait korapilo askatzea”. Euskara erdigunean jarrita, egoera komunikatibo batzuetan denen ulermena bermatzea lortu da. Zubiak eraiki dira, eta eskoletan eta herrietan denen parte hartzea sustatzea ekarri dute.
“Ezin dugu ukatu erronka berriak ere baditugula. Sortu diren harreman eta konplizitate horiek egoera informaletan gertatzen ez direnean (jolastokian, herrian antolatzen den jairen batean...), gaztelania da hizkuntza nagusia. Eta hor eragin beharra dugu”, azpimarratu du. Oinarria jarri da, prozesuaren parte izan diren herritar gehienak euskarara hurbildu dira. Baina guraso horiek euskara ikasteko urratsa egitea ezinbestekoa da, gutxieneko ulermena lortzea, behintzat, funtsezkoa baita udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan euskaraz bizitzen jarraitu ahal izateko. Baliabide, metodologia eta inbertsio guztiak beharrezkoak izango dira horretarako.
HELBURU BAT, BIDE UGARI
UEMAko herrietako 35 ikastetxetan ari dira egitasmoa lantzen gaur egun. Horietako batzuentzat 4. ikasturtea da lanketa hasi zutenetik, beste batzuk oraintxe ari dira lehenengo bilerak egiten eta erabakiak hartzen. Proiektua aurrera joan da, pixkanaka-pixkanaka. Urtetik urtera leku gehiagotara zabaltzen ari da. Tokian tokiko egoera aztertu eta egitasmoa horretara egokitzen dute. Izan ere, leku guztietan ezin da formula bera aplikatu.