Gernikan dago ikusgai, irailaren 14ra arte, Cecilia Zabaleta txiletarraren Joaneko txartela erakusketa, 1939an Winnipeg kargaontzi frantsesean Txilera iritsi ziren erbesteratuak eta Bermeoko bere aitona gogoan. Zauri irekia da erbestea, lan horretatik ondoriozta daitekeenez, eta memoria, berriz, tematia. Badute kontakizunek iragana eta oraina lotzeko gaitasuna, itzuli egiten digute memoria, behin eta berriro, aldarri bat legez, geure egin dezagun. Maider del Olmo. Argazkiak: Cecilia Zabaleta.

Gerraosteko testigantzak, argazkiak eta hainbat dokumentu baliatu ditu collage teknikarako, eta pintura bidez lotu. Erabilitako beste material batzuen artean, paper gardenak eta haria daude. Horiekin guztiekin osatutako Joaneko txartela lanak memoriaren, isiluneen eta bilaketaren gaineko gogoeta sustatu nahi du, iraganeko nahiz oraineko gatazkei buruzkoa. Narrazio gisa definitu du egileak bere obra. Gernikako Bakearen Museoan ikus daiteke hilaren 14ra bitartean. 
Cecilia Zabaletak (Santiago, Txile, 1978) amonaren kontakizunekin eta argazki zaharrekin osatu zuen, gaztaroan, aitonaren irudia, artean umea baitzen Antonio Zabaleta hil zenean. Ahozko kontakizun haien bidez jakin zuen txiletar gazteak, Latinoamerikatik harago, urrutian, bazela Bermeo izeneko herri bat eta aitona hangoa zela; Espainiako Gerra Zibilaren ostean, faxisten aurkako gerra galduta, erbestera joan behar izan zuela eta horrela iritsi zela Valparaisora (Txile) 1939. urtean, beste 2.500 pertsonarekin batera, Winnipeg itsasontzian, Pablo Neruda poetaren ekimenez eta Txileko lehenengo lehendakari ezkertiarrak, Pedro Aguirre Cerdak, babestuta. 
Txileko Unibertsitate Pontifikal Katolikoan, Artean eta Ilustrazioan diplomatua da Zabaleta. Honela mintzo da aitonaz Txiletik: “Haren biografia osatu dudan honetan, bizirik irauten jakin zuen gizona izan zela esan dezaket. Borroka egin zuen bere komunitatearengatik eta bere ustez bidezkoa zenagatik, eta aukera izan zuen jaioterritik urruti bere bizitzarekin jarraitzeko. Bizi izandako mina eta trauma gorabehera, zoriontsua izaten jakin zuen”. Beste herrialde batean, beste kultura batean, osatu zuen familia. Ez zien euskara transmititu seme-alabei, bilobak dioenez: “Telefonoz egiten zuen euskaraz, lagunekin eta sendiarekin, baita ametsetan ere. Sarri izaten omen zituen amesgaiztoak eta oihuka esnatzen zen, orduan bai, euskaraz”.
Joan den apirilean izan zen Euskal Herrian txiletarra, erakusketa atontzen. Gernikaz gain, Bilbo eta Bermeo ezagutu zituen. Aurreneko aldia zuen aitonaren herrian. Bestalde, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurreneko ekitaldietan parte hartu zuen. Aitonaren oroitzapena oso bizirik badu ere, izaera kolektiboa eman dio erakusketari. Ez da mugatu aitonaz hitz egitera, baizik eta harago joan da, itsasontzi hartan zihoan jende multzoa gogoan: “Badago askotan aipatu den kontakizun bat, oso gustukoa dudana, hain justu irailaren 2an, gauez, gertatutakoa. Winnipeg itsasontzia Valparaisora iritsi zenean, ezin izan zen hurrengo egunera arte lehorreratu. Hala, itsasontzian zeudenek, zain, badiara begira argiak ikusten zituzten. Zeruko izarrekin nahasten ziren badiako argi horiek. Oso adierazgarria iruditzen zait hori Txile beren bizileku egin zuten pertsona horientzat guztientzat”.
 
Artearen ekarpenaz
Itsasontzia ez zen berehalakoan iritsi helmugara. Bi hilabete luze igaro zituzten itsasoan. “Memoria hau bizirik mantentzeko bidean, nire lana ekarpen bat gehiago dela uste dut, bilaketa prozesu bat. Arteak badu beste hizkuntza baten bidez zerbait esateko gaitasuna, gure ulermen arrazionaletik haragokoa, eta ulertzen laguntzen digu, leku sakonago batetik. Hala, artxiboen, argazkien eta dokumentuen baturak, pinturarekin, hariekin eta paperekin nahasita, espazio iradokitzailea sortzen dute. Erakusketaren helburua, azken batean, ikuslearekin konexioa lortzea da, harengan eragitea, sentiaraztea; memoria hau berea ere badela iradokitzea” dio Cecilia Zabaletak.
Erakusketa Gernikan egotearen garrantzia nabarmendu du: “Leku esanguratsua da. Gernikako bonbardaketaren ondoren, gure aitona hara joan zen gorpuak hondakinetatik ateratzen laguntzera. Antza, han ikusitakoak ikusita erabaki zuen frankismoaren aurkako borrokari lotzea. Ohorea da niretzat orain Gernikako Bakearen Museoan lan hau erakustea, eta ikustea, gainera, harrera ona izan duela herritarren artean. Horrek asko poztu nau”. 
 
ITSASONTZIKO EGUNKARIA, INTXORTA 1937 KULTUR ELKARTEAREN ESKUTIK
Iazko abenduan eman zituen ezagutzera Intxorta 1937 kultur elkarteak Winnipeg itsasontziko egunkariak, Josu Chueca historialariak idatzitako 2000 del Winnipeg. Diario de a bordo liburuaren bidez. Argitalpena Gogora Institutuak diruz lagundu zuen. Hala, makinaz idatzitako faksimileak bildu dituzte. Idatzi horien helburua zen, besteak beste, itsasontzian zihoazenei Txile ezagutzera ematea, bertako informazio orokorra eskainiz, klima, ohiturak eta kultura azalduta. Paperaren kalitate eskasa zela eta, ez hondatzeko, ez zen eskuz esku pasatzen. Berripaperak jartzen zituzten ikusgai, jendeak irakur zitzan. Bestelako informazioa ere bazekarten egunkari haiek, hala nola nazioarteko albisteak.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.