Orain dela 50 urte, 1971ko abenduaren 19an aurkeztu zuten zinema aretoetan A Clockwork Orange (Laranja mekanikoa) filma, Anthony Burgessen nobela pantaila handira egokituta. Stanley Kubrickek zuzenduta, sekulako arrakasta izan zuen, nahiz eta ondoren ehunka zentsura ekintza jasan bortizkeria eszenengatik. Filma gizarteari, botereari eta indarkeriari buruzko hausnarketa da, irudi zoragarriz betea dago, eta, tarteka, komikia dirudi. Horrez gain, musika ezin hobea du, istorioa ulertzeko ezinbestekoa. Alessandro Ruta.

A Clockwork Orangeko protagonista Alex DeLarge gaztea da: ganberro hutsa da, eta gehien gustatzen zaizkion bi gauzak indarkeria eta Beethovenen musika dira. Lagunekin batera, ekintza biolentoak egiten ditu, harik eta kartzelan amaitzen duen arte. Han, “zainketa” berezia egingo diote, eta oso pertsona lasaia bihurtuko da. Hori dela eta, Alex ez da batere gustura egongo.
Gizartean, non dago indarkeria? Benetan, nork eragiten du? Burgessen eta Kubricken hausnarketa distopikoa da hau. Izan ere, etorkizuna aurreikusten saiatzen dira bai idazlea bai zinema zuzendaria. Etorkizunean ez da askatasunik izango; eta, baldin badago, erabat kontrolatuta izango da, nahiz eta helburuak onak izan daitezkeen.

“Hobe da munduan indarkeria modu kontzientean eta nahita baliatzea, den-dena pertsona onak izatera bideratuta egotea baino”
Anthony Burgess


Istorioarengatik ez ezik, teknika zinematografikoagatik ere bada maisulana pelikula hau. Biolentziaren estetizazioa ikusteko eta onartzeko gogor samarra da, baina Kubrickek beharrezkoa du Alexen nortasuna erakusteko: gazte kriminala da, baina ez ergela.
Filmak asmatutako hainbat hitz eta kontzeptu baliatu zituen, denak ere pelikula ulertzeko nahitaezkoak. Hona hemen hiru:
Drugoak
Alex buru duen taldeak Drugoak izena du. Lau gazte, lau legez kanpoko, gizarteko zaborra diren lau. Indarkeriazko ekintzak egiten eta mozkortzen igarotzen dute bizitza, Korova Milk Bar klubean Esne + izeneko edaria edaten, esnea meskalinarekin, alegia. Drugo hitza ez da kasualitatea: Anthony Burgess hizkuntz aditua zen, eta errusieratik atera zuen Alexek eta lagunek darabilten jargoia. Drug-ek, errusieraz, ‘laguna’ esan nahi du, eta antzekotasun dezente du droga hitzarekin ere. Drugoen jargoian, ‘burua’ gulliver da, errusierazko golova hitzetik eratorria. Alex da taldeko liderra. Denak zuriz jantzita ibiltzen dira, makillatuta, eta taldeko beste hirurak erdi tentelak dira. Taldekideen artean, Georgie da, batez ere, pertsonaia garrantzitsua: polizia bihurtuko da; are gehiago, Alex poliziari salduko dio. Alex kartzelatik ateratzen denean, Georgiek bortizki jipoituko du. Hemen ere Kubricken mezua argia da: agintarien erasoak onartu al daitezke, nahiz eta legearen barruan izan?
Ultraindarkeria
Edo biolentziaren estetizazioa. Esne + edan ostean, drugoak prest eta sendo egoten dira “ultraindarkeria osasungarrirako”, Alexek aipatzen duenez. Noren aurka jotzen dute? Lehenengo, talde aurkari baten kontra. Ondoren, idazle baten emaztearen kontra. Bi indarkeria kasuak nahiko arraroak dira. Aurrenekoan, esaterako, entzuten den musikari esker (Gioachino Rossiniren La gazza ladra), jipoiak dantza dirudi. Bigarren kasuan, Alexek berak Singin' in the Rain abesten du, emakumeari eraso sexista egiten dion bitartean. “Ongi begiratu, lagun” diotso (edo digu?) drugoak idazleari.
Ludoviko metodoa
Agian, filmeko unerik ikonikoena: Alexek, kartzelatik ateratzeko, Ludoviko metodoa izeneko esperimentuan parte hartu beharko du: aulki bati lotuta, eserita, begiak halabeharrez zabal-zabalik, kaskoa buruan, indarkeriaz betetako bideoak ikusi behar ditu bata bestearen atzetik. Adibidez, indarkeria matxista edota nazismoaren erakustaldiak. Bitartean, Ludwig van Beethovenen musika (9. Sinfonia, kasu) entzungo du. Kontraste horiek erabateko ondoeza eragiten diote Alexi, Beethoven duelako musikaririk gogokoena. Halere, ezin du ihes egin, lotuta dagoelako. Irudi bortitz latz askoak ikusi ondoren, bere aurreko portaera ez zegoela ondo ulertu beharko luke. Haatik, biolentzia arriskua sumatzen edo Beethovenen musika entzuten duenean, ikusitako bideoak etorriko zaizkio gogora eta txarto sentituko da, goragalearekin. Are gehiago, bere buruaz beste egiten saiatuko da. Askatasuna galdu du, baina gizarteari bost axola. Espetxean gero eta jende gutxiago dago, eta horixe da, hain zuzen ere, Ludoviko metodoaren helburua.

STANLEY KUBRICK (New York, AEB, 1928 – St. Albans, Erresuma Batua, 1999) XX. mendeko zinemagilerik garrantzitsuenetakoa izan zen. Argazkilari hasi zen lanean, pantaila handira jo aurretik. Bere mania ugariak eta perfekzionismoa mito bihurtu dira, baina egin zituen ia pelikula guztiak, A Clockwork Orange bezalaxe, erabateko maisulanak dira: Paths of Glory; Spartacus; Lolita; Dr. Strangelove, or How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb; 2001: A Space Odyssey; Barry Lyndon; The Shining; Full Metal Jacket; eta Eyes Wide Shut, zuzendu zuen azken filma.

 

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.