Historia eta kirola uztartuko ditugu Nafarroa Beherea zeharkatzen duen plan berezi honetan. Nafarroako Erresuma zaharreko historiaren haritik, puntadaz puntada, bost udalerri esanguratsu josiko ditugu. Ibilbidea bizikletaz egitea da gomendagarriena, baina autoz ere lasai asko egin daiteke. Inhar Iraizotz. Argazkiak: Inhar Iraizotz.

Txirringa gure eskualdeetako txokoak ezagutzeko manera atsegin bezain osasungarria da. Abiadura bizian bizitzera behartuak garen garai hauetan, gozagarri gertatzen da tarte bat hartu eta bi gurpilen gainean gure inguruak behar den erritmoan ezagutzea. Ibiliko dugun bidea ez da malkartsuegia (369 metroko malda metatua), eta nork bere erritmoan egin dezake bi ordu eta erdi inguruan.
Arberoako Bastidan hasiko dugu gure bidaia. Harrigarria bada ere, itsasbazterretik 25 kilometrora dagoelako, Bastida nafar erresumako portu biziki garrantzitsua izan zen, Nafarroako Erresumak kostalderako sarbidea galdu ondoren Baiona bilakatu baitzen hura itsasora iristeko leku bakarra. Alabaina, garai hartan, Baiona ingelesen kontrolpean zegoen. Hori dela eta, 1228an nafar koroak beste hiri gotorleku bat eraikiarazi zuen bere lurraldeko mugetan, Harana ibaiaren hegaletan. Ibai horrek Aturri ibaiarekin bat egiten zuen, Baionan itsasoratzen zenarekin, hain zuzen, zeina mende luzez itsas merkataritzarako igarobide arras garrantzitsua izan zen.
Hiri gotorleku berrian, Frantziako hego-mendebaldetik etorritako merkatariak ezartzen hasi ziren, eta, XVI. mendean gaskoia nagusitzen bazen ere, emeki-emeki euskal hizkuntza eta ohiturak bereganatuz joan ziren bertako biztanleak. Bastida, horrenbestez, Xarnegu deritzon eskualdean dago, euskal eta gaskoi kulturak nahasirik dauden eremuan.
Agaramonteko Dukerri zaharrean barrena
Bastidako karrika ederretan zehar, Bidaxunerako bidea hartuko dugu, antzinako Agaramont leinuaren hiribururantz. Agaramontarrak nafar erresumako leinu boteretsuenetako bateko kideak izan ziren, eta Bidaxunen ezarri zuten beren egoitza nagusia, XII. mendetik aitzinera. Bertan, egundoko gaztelua altxarazi zuten, Landestik, Biarnotik eta Nafarroa Garaitik zetozen bideak zaintzeko. Egun, gaztelu zaharraren hondarrak baino ez daude, 1523an tropa gaztelarrek su eman baitzioten. Gerora, itxura errenazentista eman zioten eta jauregi bilakatu zuten. Frantziako 1789ko iraultzaren ondorioz, ordea, gaztelua konfiskatu eta urte gutxira erre egin zuten. Azken urteotan, konponketa lanetan dago eraikina.
Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako tronuaz jabetu zenean, Bidaxuneko jaurerria Agaramonteko dukerri izendatu eta Bidaxuneko printzerri independentea aintzatetsi zuen. Dukerri zaharra hainbat herrigunek osatzen zuten, baina guztien artean Erango izan liteke bereziena. Herri txikia izanagatik ere, antzina toki garrantzitsua izan zen, Toursetik (Frantzia) datorren Donejakue bidean baitago. Hori dela eta, XIII. mende inguruan, eliza eta erromesak artatzeko ospitalea eraiki zituzten bertan. Erangoko eliza haitz baten gainean altxatu zuten, iturburua ondoan duen errekatxo batek inguraturik. Bi eraikin historiko horiez gain, Zabaleta etxea aipa genezake, herriko etxerik zaharrena eta Aturri Behereko etxeen arkitektura tipikoaren arabera eraikia.
Biduzeren ibaibidean
Donejakue bidean barrena segituko dugu hainbat kilometroz, harik eta Garrüze herriarekin topo egin arte. Herriko karrika nagusian barneratu bezain laster,  Erdi Aroko etxeek gure arreta erakarriko dute. Erdi Aroan, merkataritza eta artisautza gune garrantzitsua izan zen hiribildu hau, eta iragan emankor horren arrastoa Garrüzeko Feria dugu, mendez mende egiten jarraitu delarik Euskal Herriko azokarik zaharrena. Uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean antolatzen da urtero, eta, jakina, besta giroa nagusitzen da herrian.
Azkenik, Nafarroa Behereko antzinako hiriburura helduko gara, Donapaleura. Haren sorrera XIII. mendearen hasieran kokatu ohi da. Nafarroako erregeak bertan ezarri zituen auzitegia eta espetxea, eta, horregatik, errege armarria eskaini zion hiribilduari, Nafarroako armarria, hain zuzen ere. Are gehiago, 1351n, Karlos II.ak txanpona egiteko eskubidea eman zion Donapaleuri, eta, 1672. urtera arte, erresuma osorako txanponak jaulki zituen bertako Monetaren Etxeak. Horrek hirigune garrantzitsua bihurtu zuen, baita metalgintzako artisau anitzen egoitza ere. Gaur egun, Auzitegi karrika hartuz geroz, Nafarroako Errege karrika zaharrera joan gaitezke, antzinako hiribilduaren bihotzera. Monetaren karrika da toki hartatik gelditzen den azken arrastoa.

Eskualdeko etxe estiloak

Lapurtarra
Hiruki formako frontoia, bi isurialdeko teilatua, arotzeria gorri edo berdeak fatxadan, eta zizelkatutako muntaga eta ateburuak.
Nafarra
Bi edo lau isurialdeko teilatuak eta kupula arku itxurako ateak.
Aturri Beherekoa
Hiru zatiko egitura, harriak agerian, eta, gainean, sabaia aireztatzeko bizpahiru zulo biribil.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.