Lauren Bacall aktorea 1924ko irailaren 16an jaio zen, alegia, orain dela 100 urte. Zinemaren historiako izarrik handienetakoa izan zen, eta ez bakarrik beste mito batekin, Humphrey Bogartekin, ezkontzeagatik. Oso gazte hasi eta ia hil arte (2014an) aritu zen lanean. Donostiako Zinemaldian, Donostia saria jaso zuen 1992. urtean: "I love you, Donostia" izan zen haren erantzuna, Victoria Eugenia Antzokian. Alessandro Ruta.

Bogie
Zinemako bikoterik famatuenetakoa? Baliteke. Lauren Bacallek eta Humphrey Bogartek 1944an ezagutu zuten elkar, To Have and Have Not pelikula grabatu bitartean. Bogartek Bacallek baino 25 urte gehiago zituen eta Hollywoodeko divorik handienetakoa zen, pertsonaia ilun eta misteriotsuak gorpuzten zituena. Nolanahi ere, berehala maitemindu ziren aktoreak, eta handik oso denbora gutxira, 1945ean, ezkondu. Gerora ere, beste pelikula batzuk egin zituzten elkarrekin, The Big Sleep maisulana eta Key Largo, adibidez. Bacall Bogarten laugarren eta azken emaztea izan zen, eta senarra hil arte, 1957. urtean, haren alboan izan zen beti. Ondoren, berriro ezkondu zen Bacall, aparteko beste aktore batekin: Jason Robards.

Maccarthysmoa
1950ekoa tentsio handikoa hamarkada izan zen AEBetan. Gerra Hotzaren testuinguruan, sorgin ehizaren garaia izan zen. Izan ere, Gobernuak edonon ikusten zituen komunistak, batez ere zinemaren munduan. Joseph McCarthy senatari errepublikanoak uste zuen kulturaren alorrean sekulako arriskuak zeudela, denak ere komunismoarekin lotuak. Horregatik, aktore, zuzendari eta idazle mordoa eraman zuen auzitara. Maccarthysmoaren ekimena izan zen sorgin-ehiza, susmagarrien izenak 'zerrenda beltz' batean zeuden: kasurik entzutetsuenetakoa Arthur Miller idazlearena (Marilyn Monroeren senarra) izan zen. McCarthyren susmoek Bogart-Bacall bikotea ere harrapatu zuten; biek erantzun zioten ez zirela komunistak.

Polifazetikoa
Lauren Bacallek 50 bat filmetan hartu zuen parte. Oscar saria ez zuen sekula pelikula batengatik irabazi, baina bai bere ibilbideari emandako ohorezkoa, 2010ean. Pertsonaia oso desberdinak jokatu zituen Bacallek: Marilyn Monroerekin eta Betty Grablerekin batera, How to Marry a Millionaire filmeko giro alaian; Agatha Christieren eleberrian oinarritutako Murder on the Orient-Express pelikula kolektiboan; Love Has Two Faces erromantikoan (Golden Globe saria irabazi zuen); Lars Von Trierren Dogville labirintikoan... Serioa, sofistikatua eta polifazetikoa, begirada, xarma eta ahots paregabeak zituena, antzerkiko izarra ere bazen, non bere trebetasunak erakustsi zituen.

Shimon Peres
Lauren Bacallen benetako izen-abizenak Betty Joan Perske ziren. Bacal (l bakarrarekin) amaren abizena zen. Gurasoek, AEBetara Bielorrusiatik joandakoek, sustrai juduak zituzten. Hainbat eta hainbat migratzailek egin zuten bezala, itsasontzi batean sartu eta zorte bila iritsi ziren New Yorkeko Bronx auzora. Bielorrusiatik heldutako beste aktore baten adibidea, Kirk Douglas aktorearena. Lauren/Bettyk senide batzuk utzi zituen Europan, Szymon lehengusua, kasurako. Hark ere izena aldatu, eta Shimon Peres bilakatu zen Israelgo Estatua jaio ondoren. Shimon Peres Israelgo lehen ministroa eta presidentea izan zen, Likud alderdi ezkertiarraren ordezkari.

 



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.