1924ko ekainaren 3an zendu zen Franz Kafka, XX. mendeko idazlerik famatuenetakoa, 40 urte zituenean. Oso estilo pertsonala zuen txekiarrak, eta, askotan gertatzen den bezala, soilik heriotzaren ondoren lortu zuen ospea. Kafkak gizartearen izuak azaleratu zituen; hark asmatutako pertsonaiek errealitate absurdoaren kontra egiten zuten talka, erreakzionatu ezinik. Prozesua, Metamorfosia, Gaztelua, Amerika eta beste eleberri batzuk (ez asko, egia esan) utzi zizkigun Kafkak, eta horietako asko euskaraz leitu daitezke. Gaur egun ere, haren kontzeptuak oso bizirik daude gure egunerokotasunean. Alessandro Ruta.
“Kafkiarra”
Franz Kafka, oso idazle gutxi bezala, adjektibo bihurtu da, bere estiloa dela eta. Izan ere, egoera bat “kafkiarra” izan daiteke. Zer esan nahi du horrek? Zentzugabea eta estugarria den gauza edo gertaera; hortaz, izaera absurdoa baino gehiago da. Artista pilo batek filosofia bat azaltzeko erabili zuen hitz hori: zerbait zentzugabea izan daiteke, baina, horrexegatik, badirudi ez dagoela erantzunik edo konponbiderik; ondorioz, pertsona izua sufritzen hasiko da. Kafkaren lanean, adibiderik onena Prozesua eleberrian topa daiteke: Josef K. izeneko gizonak ez daki zergatik den errudun, baina bere aurkako epaiketak aurrera jarraitzen du.
Gregor Samsa
“Goiz batean, loaldi aztoragarriaren ostean, Gregor Samsa zomorro zatar bihurturik esnatu zen”. Nork ez du ezagutzen Franz Kafkaren Metamorfosia (1915) obrako lehenbiziko esaldia? Izan ere, literaturaren historiako hasierarik famatuenetakoa da. Gregor Samsa gizona zen, hori ziurra da, baina ipuinean dakigun bakarra da orain intsektu bilakatu dela. Nola? Zergatik? Kafkak ez digu azalpenik ematen. Dena dela, Samsa bere bizitza berrira moldatu behar da, baita haren familia ere. Gregor, zomorroa izanda, itsusia, zikina eta desatsegina da; mundutik guztiz alienatuta, familian eta lanean ere lehen aldiz pairatuko du alienazio hori.
Praga
Beharbada, Kafka ezin da ulertu bere jaioterria azpimarratu barik: magikoa, nahasia, okultismoaren hiriburua eta aldakorra, horrelakoa zen Praga hiria. Kafka, gainera, judua zen. Nahiz eta naziak iritsi gabe zeuden oraindik, apur bat desorekatuta sentitzen zen idazlea. Harakin baten semea, inperio batean jaioa, Lehen Mundu Gerraren ondoren Txekoslovakia bihurtu zen lurraldean. Nolanahi ere, kultur jardueraz betetako hiria izanik, oso lagungarria zen artista izateko: batetik, kafetegiak eta museoak; bestetik, auzo bitxiak eta izaera bohemiarrekoak. Pragako auzo judura joanez gero, alegia, ghettora, Kafkari eskainitako monumentu bat ikusiko duzue.
Lagun bihurriak...
Dena dela, Kafkak ez zuen bere lana zabaltzerik nahi. Tuberkulosiak jota hil baino lehen, Max Brod lagunari argi eta garbi eskatu zion bere lan guztiak erretzeko. Kafkaren ustez, bere ipuinek eta eleberriek ez zuten argitaratzea merezi; eskerrak Brodek adiskideari kasurik ez egitea erabaki zuen! Hala, Prozesua, Amerika, Gaztelua eta beste hainbat maisulan argitaratzera eraman zituen. Noski, Kafkak arrakastarik ez zuen dastatu, baina azken 100 urteotan guk Pragako idazlearen orriak irakurri ditugu, amesgaiztoak eta izuak ukitu ditugu. “XX. mendeko kronistarik profetiko eta kezkagarriena", horrela deskribatu zuen Kafka Max Brodek.