Herrigunetik hiruzpalau kilometrora, Usansolo duela gutxira arte izan da Galdakaoren auzoa. Joan den azaroaren 23tik, ordea, udalerria da, Bizkaiko Batzar Nagusiek hala ebatzita. Azken datuen arabera, ia 4.700 biztanle dauka eta, gehienen ustez, “betidanik” izan ditu “herri izaera eta nortasun propioa”. Halere, kasik 40 urtez luzatu da desanexio prozesua. Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ostean osatuko da udalerri berriko lehen udalbatza. M. Egimendi.

XX. mendeko 80ko hamarkadan sortu zen aldarrikapena. Ondorioz, Usansolo Herria (UH) plataformako eledun Monika Menak (Usansolo, 1980) txiki-txikitatik bizi izan du sentimendu hori: “Elkarretaratzeak, kalejirak, graffitiak... Desanexioaren aldeko sinadura bilketa handia ere egin zen 1987an, eta, udal hauteskundeetan, Galdakaoko alderdi politikoen zerrendetan zeuden usansolotarrek maila politikora eraman zuten eskaera”.

Harrezkero, foru arau aldaketa, ikerketa eta ekimen piloa ezagutu dute usansolotarrek. Lozorroan ere egon zen aldarrikapena XXI. mendearen hasieran, eta alkatetzan zegoen EAJk legalki desanexionatzeko aukerarik ez zegoela hedatzeko aprobetxatu zuen. Uste hori errotu zen herritarren artean, harik eta Gazte Asanbladak aldarrikapena berpiztu zuen arte. Alderdi politikoak mugitzen ez zirela ikusita, herritarrek UH plataforma osatu zuten 2011n: “Ideologia, adin eta kolore guztietako jendea batu zen, xede bakarrarekin: herri moduan sentitzen genuena udalerri bihurtu”. Udal hauteskundeetara aurkeztuta, bi zinegotzi lortu zituen UHk Galdakaoko Udalean.

Plataformak erreferenduma ere antolatu zuen 2014an: usansolotarren % 73k bozkatu zuten, % 90ek desanexioaren alde. Galdakaoko Udalak ere bultzatu zuen beste galdeketa bat 2019an, baina emaitza, espero zuenaren aurka, desanexioaren aldekoa izan zen. 2019ko hauteskundeetan, EH Bilduk alkatetza lortzeko aukera agertu zen, eta UHko bi zinegotziek haren alde egin zuten, “zerbait mugitzeko itxaropenez. Hala, ia 40 urtean egin ez zena azken hiru urteotan egin da. Baldintza guztiak beteta (distantzia fisikoa, muga zehatzak, jasangarritasun ekonomikoa, bi udalerrietako zerbitzuen kalitatea ez murriztea...), udalerri bilakatu beste aukerarik ez da egon”.

Balizko eragozpenak

Espainiako legearen arabera, gutxienez 5.000 biztanle behar dira desanexioa lortzeko. Estatuko abokatuak helegitea jar lezake Batzar Nagusien ebazpenaren aurka, baina, Menaren ustez, ez da gertatuko: “Ez du zentzurik. Helegiteak ezin du prozesua geldiarazi, udalerri berriak funtzionatzen hasi behar duelako, epailearen erabakiaren zain egon gabe. Hiruzpalau urte joan litezke behin betiko ebazpena iritsi arte, eta ordurako Usansolok legeak eskatzen duen biztanle kopurua izango du, 1987tik etengabe hazten ari baita”. Izan ere, etxebizitza berriak egin dira bertan, eta, Bilbotik hurbil eta ondo komunikatuta egonda, kanpoko gazteak heltzen ari dira, bizimodu lasaiagoaren bila. Halaber, litekeena da Espainiako Toki Entitateen Erregistroan udalerri independente gisa erregistratzeko arazoren bat egotea, oraingoz ez dituelako 5.000 biztanle: “Orduan, herria errolda barik kudeatu beharko genuke, eta ezingo genuke maiatzeko hauteskundeetan parte hartu, baina nork esango dio udalerri independente honi ezin dituela bere hauteskundeak egin?!”.

Bada, balizkoa zena gauzatu egin da Usansolon, aldizkari hau inprentara bidali ostean: azkenean, gertatu egin da “zentzugabekeria”. Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri du Usansoloren bereizketaren aurka, baita hura bermatzen duen foru arauaren kontra ere. Alabaina, Menak adierazi du, hedabideren batean agertutakoaren aurka, Abokatutzaren prentsa oharrean ez dela aipatzen kautela neurririk: “Hortaz, gauzak zaildu egin zaizkigula onartu arren, prozesuak aurrera jarraitzen du, eta orain Foru Aldundiari dagokio bere araua defendatzea”. Dena ebatzi arte “lau urte joan” daitezkeela gogoratu du, eta “bitartean, bereizketa prozesuak aurrera” jarraitzen duela: “Orain, Kudeaketa Batzordea eratzea dagokio Aldundiari”. Plataformak dagoeneko eskatu dio bilera Aldundiari, baina momentuz ez du erantzunik jaso.

Izan ere, legeak argi dio zein izango diren hurrengo urratsak: Foru Aldundiak deitutako Kudeaketa Batzordeak (UHko zortzi kide, EAJko bi eta EH Bilduko bat, azken udal hauteskundeetako emaitzen arabera) maiatzeko hauteskundeak egin arte gobernatuko du Usansolo, eta ostean UH plataforma desagertu egingo da: “Helburu bakar batekin batu gara; beraz, betetakoan, plataforma desagertu egingo da”.

HERRITAR BI BERBETAN

Susana Maguregi (Usansolo, 1971) eta Aitor Pardo (Galdakao, 1983) ikaskideak dira Galdakaoko Barandiaran AEK euskaltegian. Biek jarraitu diote hurbiletik Usansoloren desanexio prozesuari: Pardok Usansoloko areto futbol taldean jokatu zuen; gainera, neska-laguna hangoa du eta, “dena ondo badoa”, Usansolora joango da bizitzera laster. Maguregi, berriz, beti sentitu izan da “Usansolo herrikoa, zalantzarik gabe”, eta galdeketetan eta sinadurak batzen ibili izan da, “UHri laguntzen”.

Pardori, “galdakoztarraren ikuspuntutik”, pena ematen dio desanexionatzeak. Ez du horretarako arrazoi argirik ikusten, baina ez du uste arazo handirik sortuko denik. Beti ezagutu omen ditu usansolotarrak borrokan, eta haiena “benetako sentimendua” dela iruditzen zaio, “ez politika kontua”. Hain zuzen ere, prozesua hainbeste luzatu izana, Maguregiren ustez, “politika kontua” izan da: “Ez dakit, baina Galdakaoko Udalean 2019ra arte EAJ egon zen agintzen, eta Usansolon ere indar handia dauka. Usansoloko botoak galtzeak min handia egin diezaioke EAJri Galdakaon”.

Maguregik ilusioz ikusten du etorkizuna, “etxean zer behar den norberak dakielako ondoen”. Pardori, berriz, zuzenean eragingo dio desanexioak: “Usansolora joango naizenez bizitzera, han erroldatu beharko dut”.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.