Bizkaiarekin muga-mugan, Euskal Herriko kostaldearen erdi-erdian dago Mutriku (Gipuzkoa). Euskal kostaldeko Geoparkearen parte da, Deba eta Zumaiarekin batera. Izatez, Mutrikuko flyscha Geoparkeko zaharrena eta basatiena da. Mutrikuko Flysch Beltza esaten diote. Txomin L. Aramaio. Argazkiak: Txomin L. Aramaio.
Mutriku herri arrantzalea izan da duela gutxira arte, eta historia eta ondare arkitektoniko handia du. Gure kostaldeko beste herri batzuekin alderatuta, ez da hain turistikoa; hala ere, sarritan, Euskal Herriko herri politenen zerrendetan agertzen da.
Mutrikuko Flysch Beltza: Saturraranetik herrira
Saturraran hondartzan hasi, Zazpi Hondartzak zeharkatu eta herriko hondartzaraino luzatzen da Mutrikuko Flyscha. Itsasoaren eraginez, milioika urteko historia geologikoa bistan geratu da harri geruzetan. Horiei esaten zaie flyscha. Mutrikuko zatia leku garrantzitsua da Europako paleontologiarako, erreferentea.
Flysch Beltzean, orain dela 110 milioi urte bertako itsas hondoan bizi izan ziren animalien fosil erraldoiak aurki daitezke: amoniteak. Jesus Maria Narvaez Amasorrain eta Esperanza Azkarraga Larzaguren senar-emazteek 150 bat fosil aurkitu dituzte 40 urtean, eta horietako batzuk Mutrikuko Nautilus Museoan ikus daitezke, non fosilen bilduma gorde, erakutsi eta azaldu egiten duten. Dinosauroen garaira eramaten zaituen bidaia egin daiteke. Ondarroan eta Deban ere aurki daitezke fosilak, baina Mutrikukoak erraldoiak dira besteekin konparatuta. Lehenengoek, 4 cm-ko diametroa dute; bigarrenek, ostera, 30-50 cm-koa. Gipuzkoako hainbat tokitan sakabanatuta zeuden 150 amonite batu dituzte Nautilusen.
Mutrikuko portua eta hondartzak
Herri arrantzale guztietan bezala, Mutrikuren bihotza portua izan da. Lehenengo harrizko moilak XIII. mendekoak dira; gaur egungo itxura XIX. mendean eman zitzaion portuari. Arrantza jarduera asko murriztu denez, kirol jarduerarekin uztartu dute: aisialdirako 300 amarraleku baino gehiago ditu. Besteak beste, urpekaritza egiteko, arraun surfean eta piraguan ibiltzeko aukera eskaintzen da portuan. Horrez gain, olatuen energia baliatzen duen Europako lehenengo lantegi energetiko komertziala bertan dago. Turismo bulegoan, harako bisita gidatuak antolatzen dituzte. Portuaren eta herriko hondartzaren parean, igerileku natural bi daude, familientzat apropos-aproposak. Marea igotzen denean betetzen dira itsasoko urez.
Mutrikuko itsasertzak 4 kilometro ditu, eta hainbat hondartza. Aipagarriak dira Saturraran, Zazpi Hondartzak eta herriko hondartza. Surf egiten dakitenentzat, Alkoleako kala ere interesgarria da, ezkerreko olatu indartsuak sortzen baitira leku horretan.
Herrigunea
Mutrikuko historia garrantzitsua ulertzeko modu on bat herrigunea bisitatzea da. 1995ean, monumentu multzo izendatu zuten. Herriko kale txiki bezain estuetan eta aldapetan gora eta behera, jauregi eta dorretxeak ikus daitezke, hala nola Zabiel, Montalivet eta Arrietakoa jauregiak, Berriatua eta Luardo dorretxeak edota lonja zaharra. Ezin aitatu gabe utzi Andre Maria Jasokundearen eliza.
Astigarribia, Olatz eta Arno
Nahiz eta Mutriku herri arrantzalea izan, barnealdean du sorlekua, Astigarribia auzoan, hain zuzen. Aspaldi, merkataritza mugimendu oparoa zuen auzoak bere ibai portu (Deba ibaia) eta ontziolekin. Bizkaiko barnealderako eta Gaztelarako bide naturala zen. Gaur egun, Donejakue bidea egiten ari den jende dezente ibiltzen da handik, eta Gipuzkoako elizarik zaharrenetakoa han dago: San Andres baseliza, XI. mendekoa.
Barnealdeko beste leku aipagarri batzuk Olatz bailara eta Arno mendigunea dira. Olatzen eskalada egiteko hainbat bide daude. Saturraran hondartzan ere badira batzuk. Bien artean 37 eskalada bide aurki daitezke, IV/7B-A2 bitarteko zailtasuna dutenak. Arnon, berriz, Iberiar penintsulako artadi kantauriar handienetakoa dago oraindik ere.
Bisita gidatuak
Mutrikuko herrigunea edota itsaslabarra ezagutzeko bisita aproposak. Besteak beste, hirigune historikoa, Flyscha, Nautilus Museoa eta Olatu lantegia ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen dituzte, norbanakoentzat zein taldeentzat.
Itsasoaz eta mendiaz gozatzeko ibilbideak
- Mutrikuko bira (PR-Gi 22): 19 kilometro. Mutriku, itsasoa eta Arno lotzen ditu.
- Olatzeko geoibilbidea (PR-Gi 47): 6,5 kilometro. Familian egiteko egokia.
- Talaia ibilbidea (PR-Gi 121): Gipuzkoako kostalde osoa zeharkatzen du. Saturraranen hasi eta Hondarribian amaitzen da. Balea arrantzaleen antzinako talaiatik igarotzen da.
- Donejakue bidea: Iparraldeko bideko etaparik zailena. Deba-Mutriku-Markina-Xemein.