AIZU! aldizkariaren orrietan, irudigile, marrazkilari, komikilari eta beste artista askoren lanak argitaratu izan dira. Horietako batzuek utzia dute mundu hori, baina beste batzuek aurrera egin eta arrakasta lortu dute beren ibilbide artistikoan. Adibide gisa, bi azal eta bi komiki hauek. M. Egimendi

Marrazkiek eta ilustrazioek garrantzi handia izan zuten AIZU!ren lehen urteetan, baina komikiak asko ugaritu ziren, batez ere, Komikaizu! gehigarria argitaratu zen bitartean: 1988ko martxotik 1991ko udara. Arrisku handia hartu dugu erreportaje honen gaiarekin: komiki ugari sinadurarik gabe argitaratu zirenez, ziur izen asko utzi ditugula aipatu gabe. Hortaz, barkamena eskatu behar dugu aurretiaz. Halere, norbaitek lagundu nahi badigu, badaki non gauden. Bidali izenak, eta pozik luzatuko dugu zerrenda, artista anitzek kolaboratu izan baitute AIZU!n.
Pernan Goñi Olalde da horietako bat. Seguruenik, AIZU!n komiki eta ilustrazio gehien argitaratu zituenetakoa, sinadura ezberdinekin. Marrazkilari eta komikigile ez eze, maketatzaile ere aritu zen garai hartan. Horrez gain, askotan bera arduratzen zen komikiak lortzeaz, Napartheid fanzineko lagunenak zein beste batzuenak. Gogoan du nola eskuratu zuen behin komiki bat: “Goiz batean, ezagutzen ez nuen etxe batean amaitu genuen gau pasa, eta sofan etzatean ondoko aulkian botata zegoen komiki on batekin egin nuen topo. Hain zuzen ere, komiki bat behar nuenean aldizkarirako! Galdetuta, inork ez zekien ezer, orrialde haiekin nahi nuena egiteko esan zidaten. Bada… AIZU!n argitaratu zen, kar-kar!”. Egindako lanak ez izenpetzearen ajeak.
Goñik sinadurei buruz dioenez, “orduan esaten zen lanak mugimendu sozial baten baitan eginak zirela, eta egileak militante gisa jokatzen zuela”. Hori alde batetik, baina, bestetik, komikiak izenpetzea estrategikoki komenigarria ote zen pentsatu behar zen, “ideia asko ‘gerrillariak’ zirelako. Orduko logikaren arabera, gatazkan egonik, arerioak genituen; beraz, ez genuen sinatzen geure burua babestearren”. Gainera, sinatzea ekintza kapitalistatzat jotzen omen zen: “Gaizki ikusia zegoen irudiaren jabegoa, curriculuma osatu nahi izatea… Halere, ni izenpetzearen aldekoa nintzen, lanaren gaineko erantzukizuna hartzeko, txarra zein ona izan. Ondo badago, zergatik ez onartu publikoki meritu hori, musikariena edota idazleena bezala? Halako eztabaidak izaten genituen”.
Hala, ez ditugu ezagutzen Komikaizu! gehigarrian argitaratu ziren lan guztien egileak. Haatik, hauen berri izan dugu: Jabi Ubierna, Mikel Mardones, German Maiz, Ion Arretxe, Alberto Uribarri, Napartheideko hainbat kide, Rober Garay, Luis Duran, Ion Iñaki Artetxe, Pedro Rivero, Erramun Mendibelanda, Asier Esnaola…

Guk dakigula, bi emakumek baino ez zituzten argiratu beren lanak Komikaizu! gehigarrian. Bea Anitua izan zen lehena, Hau dena aldatu nahi nuke kontakizunarekin, 1990eko apirilean. Gerora ere jarraitu zuen beste batzuk egiten, Komikaizu! bukatu arte. Olga Zuluetak, berriz, bakarra kaleratu zuen, 1991ko ekainean.

457komikaizu2



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.