Silaba Beroa argitaratu berri da, hizkuntz gaitasunak eta hiztegia probatzen dituen euskarazko mahai jolas berria. Ba al duzu ohiturarik zure aisialdian lagunekin elkartu eta jolasean iragateko? Eta/edo txertatzen al duzue jolasik AEKko eskoletako ikas prozesuan? Aisia eta pedagogia elkartuz gozatzeko proposamena da honako hau. Jolasteko prest? Maritxu Egia. Argazkia: Eñaut Mitxelena.
Ikasleak jokalari
Jone Alvarez ikaslea A2-B1 mailan dago. Haren ustez, ikasleek euskara praktikatzeko modu ezin hobea da Silaba Beroa: “Desiratzen egoten naiz eskolan apur bat jolasteko”. Edurne Reyes C1eko ikaslearen esanetan, berriz: “Ikasgelan jolasean denborak ihes egiten digu! Oso dibertigarria da, eta txepetx hitzaren esanahia ere ikasi dut. Orain etxera eraman nahi dut, nire seme-alabekin aritzeko!”. Jolasa 11 urtetik aurrera jolasteko modukoa da, eta bi karta mota edo dinamika ditu. Silaba kopuru jakin bat jasota, hitzak sortu behar dira, eta egitekoa besteek baino azkarrago burutu. Horrez gain, bost arkatz eta hitzak idazteko koadernotxoa jasoko ditu erosleak kaxan.
Ikastea eta jolastea bateragarriak izateaz gain, elkar aberasteko bi jarduera direla uste du Iratxe Esnaola egileak: “Jolasa eta ikasprozesua bat eta bera izatera iritsiko diren unea izan dut beti amets”. Irakasleei, ebaluazioak eta/edo bestelako betebeharrak direla eta nahasirik edo nekatuta daudenean, baliagarria izango zaie eskolara ikuspuntu ludikoaren xarma eta eraginkortasuna eramatea. Jolasa erdigunean jartzeak kohesioa eta talde nortasuna indartzen ditu, alaitasuna eta plazera berpizteaz gainera. Esnaolak dioenez, “jolas batek ikasle itxi bat zabaltzen du”.