Guardiatik kilometro gutxira izan zen Europan ezaguna den gudarik zaharrena, ikertzaileen arabera, San Juan Ante Portam Latinam aztarnategiko hezurrak berriz aztertu ondoren. Jon Rejado. Argazkia: Teresa Fernandez Crespo.

Indarkeria eta gizakia estuki lotuta egon dira historian. Gizadiaren hastapenetatik talde txiki eta ertainen arteko biolentzia zantzuak ikusi dituzte ikertzaileek. Hala ere, Europan ez dago historiaurreko guda handien aztarna askorik. Arrasto zaharrenak duela 3.250 urte ingurukoak dira, Brontze Arokoak. Hala ere, ikertzaile talde batek ondorioztatu du lehenago ere egon zirela gudak, non eta Arabako Errioxan, Neolitoan, duela 5.000 bat urte.
Haitz baten babespean, Guardiatik (Araba) gertu, San Juan Ante Portam Latinam aztarnategia dago. Duela 40 urte aurkitu zuten. Bada, bertan bildutako hezur eta arrastoetan oinarritu da Teresa Fernandez Crespo, Valladolideko Unibertsitateko (Espainia) ikertzailea, aipatu ondoriora heltzeko. Teknika eta ikuspuntu berriak baliatu ditu orain arte zegoen informazioa zabaltzeko, eta, testuingurua kontuan hartuta, esandako ondoriora heldu da. Ikerketan, Aranzadi Zientzia Elkarteak ere parte hartu du, besteak beste, eta aztertutako hezurren erakusketa antolatu dute Bibat Arabako Arkeologia Museoan.
Arabako Errioxako inguru horretan, hainbat kultura taldetako pertsona asko elkartu ziren Neolitoan, Fernandez Crespok lortutako emaitzen arabera. Komunitate horiek bizimodu eta hileta praktika ezberdinak zituzten, eta, populazioak handitu ahala, “tentsioa eta lehiakortasuna” ere areagotu egin ziren haien artean. Tentsio horren ondorioz heriotzak ekarri zituen gatazka gertatu zela uste du. Gatazka ez zen une labur batean izan, hilabete edo urteetan mantendu zela arrazoitu du.
Hezurretan irakurtzen
San Juan Ante Portam Latinam aztarnategitik hartutako 338 gizabanakoren hezurrak berriz aztertu dituzte ikerketa egiteko. Emaitzetan ikusi dute gizonezko hilotzen kopurua ohi baino handiagoa dela, hau da, ez da garaiko gizarteko populazioaren isla. Halaber, lurperatutako hamar hilotzetatik bik sendatutako zauriak dituzte hezurretan, eta hamar horietatik beste batek sendatu gabekoak. Zauriok ugariagoak dira gizonengan: orbaindu gabeko zaurien % 74 eta sendatutakoen % 70. Fernandez Cresporen ustez, datu horiek agerian uzten dute indarkeria denboran mantendu zela eta nagusiki gizonek parte hartu zutela, modu antolatuan, zauriak sendatzeko denbora izanik.
Orain arte, Europako Neolitoko aztarnategietan, Alemanian eta Austrian nagusiki, ez da halako daturik ikusi. Hilotz kopurua txikiagoa izan ohi da indusketa horietan, gizon eta emakumeen presentzia orekatuagoa dute, sendatutako zaurien batezbestekoa murritzagoa eta sendatu gabeko zauriak askoz ugariagoak dira. Ikertzailearen iritziz, Europako beste aztarnategietako datu horiek bat datoz une zehatz batean gertatutako sarraski batekin.
Fernandez Crespok gatazka luze baten ideia beste ikuspuntu batetik defendatzen du. “Gerretan, hildakoak ez daude beti indarkeria fisikoarekin lotuta; gaixotasunek eta goseteak ekar ditzaketen bestelako gertaerak ere izaten dira”. San Juan Ante Portam Latinameko aztarnetan desnutrizioarekin bateragarriak diren arrastoak daude, garezurretan zein hortzetan. Lurperatutako gorpuen % 36k desnutrizioarekin lotu ahal diren aztarnak dituzte garezurretan; Iberiar Neolitikoan % 2koa zela estimatu dute. Are gehiago, desnutrizio zantzu horiek haurrengan ikusi dituzte, batez ere: umeen hezurren % 88k eta helduen % 18k dituzte.
Hipotesi berretsia
Duela hilabete gutxi argitaratutako ikerketak aurretik zegoen galdera bat argitzeko bidea ezarri du. Zenbait ikerlanek sarraski moduan interpretatu zuten Arabako Errioxako gertaera. Hala ere, Paco Etxeberriak eta Jose Ignacio Vegasek, azken ikerketan ere parte hartu duten Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, gudaren hipotesia aurkeztu zuten 1987an, aztarnategia aurkitu eta bi urtera egindako aurkezpenean. Ikerketan sakondu ahala, Vegasek hipotesi hori berretsi eta bi giza talderen arteko indarkeriazko liskar baten ondorioz gertatu zela baloratu zuen.
Fernandez Cresporen ikerketak ideia hori berretsi du. Are gehiago, horretarako jarraitutako bidea aldarrikatu du: Bibat Museoan gordetako hezurrak berriz aztertu. “Ikuspuntu eta teknika berriekin, garrantzi handiko datu eta ondorio zientifikoak lor daitezke”. 

HARLAUZA BATEN AZPIKO EZUSTEA
Aurkikuntza gehienak bezala, San Juan Ante Portam Latinam aztarnategia kasualitatez topatu zuten. 1985ean, Guardiatik 2,7 kilometrora, bide bat zabaltzeko lanetan hezurrak eta bestelako materiala agertu ziren. Premiazko esku hartzea eginda, ehun gizabanakoren baino gehiagoren gorpuzkiak aurkitu zituzten, gezien puntak, apaingarriak… Gainera, 25 tonako harri zabal baten azpian arrasto gehiago ikus zitezkeen. 1990era arte, Arabako Foru Aldundiaren dirulaguntza heldu arte, ezin izan zuten harria kendu. Azpian, ia 300 lagunen baino gehiagoren ehorzketa zegoen, Europan ezagutzen den gudarik zaharrenaren arrastoa izan daitekeena.



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.