Urtarriletik maiatzera, bost jardueraz osatutako zikloa izan da, Labak eta Lantxotegi elkartearen Kabia proiektuak gazte migratzaileak euskarara hurbiltzeko sortua. Horrez gain, aukera paregabea eskaintzen du bertan jaiotakoak migratzaileen hizkuntzetara gerturatzeko. Hau da, herrialde bereko bizilagunek elkarren berri izateko. Helios del Santo. Argazkia: Ongi Etorri Iruñera.
Yasmine Khris Maansri Laba sareko kideak azaldu dizkigu zikloaren sorrera eta helburua. Kabiak ginkana bat antolatu zuen proiektuan parte hartzen duten gazteek (migratzaileak eta herrialdean jaiotakoak) Iruñeko Alde Zaharreko elkarteak ezagutzeko. Labak berak ere parte hartu zuen, eta horrela elkartu ziren, lehen aldiz, bi elkarteen bideak. Orduan jaio zen beste zerbait antolatzeko asmoa. Batez ere, euskarak eta euskal kulturak toki garrantzitsua har dezaten gazte migratzaileen artean, eta hemen izan dezaketen erreferentzia bakarra ez dadin gaztelania izan.
Behin helburua zehaztuta, argi zuten zerbait ezberdina egin behar zutela. Alde batetik, “horizontala”, partaideek eurek ere ideiari forma emateko eta pauso berriak proposatzeko. Bestetik, “ez genuen euskara eskolarik antolatu nahi, ez garelako euskara irakasleak, ezta euskarari buruzko hitzaldirik ere. Ez genuen pedagogia merkerik egin nahi”.
Azkenean, emaitza bost hitzorduko zikloa izan da. Otsailetik maiatzera, 18 bat lagun hainbat gai jorratzeko bildu dira, hainbat jarduera batera egiteko, proposatu zaizkien ariketen bidez: transmisioa, gastronomia, harremanak, kirolak...
Korrika, besteak beste
Euskarara hurbiltzeko moduen artean, Korrikak bere lekua izan du. Zehazki, bigarren saioan, martxoan, Korrika zer den azaltzeko jarduera egin zuten. Dinamizatzaile batek lekukoaren “kopia” eraman, bakoitzak barruan sartzeko mezu bat idatzi, eta Korrika “txikia” inprobisatu zuten Laba inguruan, Iruñeko Gazteluko plazan bertan. Hurrengo egunean, martxoaren 16an, benetako Korrika iritsi zen Iruñera, eta partaide batzuek jakinarazi zieten dinamizatzaileei parte hartzera animatu zirela.
Transmisioari eskainitako bigarren saio hartan, bertsolaritzak ere tokia izan zuen. Korrikarekin bezala, euskararen mundua hizkuntzara hurbiltzeko aprobetxatu zuten, jakinik partaideen jatorrizko herrialdeetan ere badirela antzeko kultur adierazpenak.
Kultura oso lagungarria izan arren, arlo linguistikoa ere azaltzen da saio guztietan. Gauzak izendatzeko “papertxoak” oso ohikoak dira, baita gaikako “hiztegi mapak” ere. “Parte hartzaileek erabiltzen dituzten gainerako hizkuntzetan aipatzen dira gauzak; ohikoa da saioan hitz bat bost hizkuntzatan adieraztea” azaldu du Khris Maansrik. Esaterako, Kabian aritzen diren batzuek amazigeraz hitz egiten dute, eta euskara bezala hizkuntza gutxitua denez, zuzeneko lotura sortzen da hizkuntza bien artean, “haiek ere badituztelako euskaldunok bizi ditugun arazoak eta errealitateak”.
Uzta jaso eta aurrera
Khris Maansrik dioenez, oso pozik daude egiten ari diren bidearekin: “Bi elkarteen arteko probalekua zabaldu nahi genuen eta lortu dugu”. Gainera, oso erantzun ona jaso dute bai parte hartzaileen bai beste jende askoren aldetik. Gaiak ikusmin handia sortu du inguruan.
“Euskara migratzaileen eremura hedatzea zen gure bultzada nagusia, harrera proiektuetan euskarara hurbiltzeko bestelako modua proposatzea” dio Labako kideak. Nolanahi ere, zikloa ez dela norabide bakarrekoa nabarmendu du: “Sortu da, eta funtzionatzen du, Kabiako gazte migratzaileek gaiaren gainean erakutsi duten interesagatik. Beste gazte migratzaile askok ez dute euskararen berri, baina ez axolagabekeriagatik, baizik eta euskararen eta euskal kulturaren inguruan duten ezjakintasunagatik, edo aukera ezagatik, hein handi batean”.
Orain, bukaera “polita” prestatzen ari dira. Hori bai, berriro antolatu nahi lukete, oraindik zein formarekin jakin ez arren. Beraz, zikloaren bigarren deialdia iragartzen denean, adi!
Zer da Lantxotegi?
Nafarroako irabazi asmorik gabeko elkartea, babesgabetasuna nahiz gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duena. Elkartearen xede nagusia da gazteak gizartean modu aktibo eta kritikoan egokitzea eta integratzea.
Eta Lantxotegik bultzatutako Kabia proiektua?
2022ko uztailean abiatua, 18 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileen eta Euskal Herrian jaiotakoen arteko harremana sustatzeko asmoa du. Bere helburuak betetzeko, hainbat jarduera antolatzen ditu, harrera kuadrillena, kasu.
Zer da Laba?
2021eko uztailean jaio zen Laba sarea: Iruñean euskara bazterretik erdigunera eramateko, eremua Gazteluko plazan zabaldu nahi izan zuen, hiriaren bihotzean, hain zuzen ere. Hainbat euskaldun eta euskaltzalek jarri zuten martxan egitasmoa, euskaldunen komunitatearentzako elkargune ez ezik, euskarazko sorkuntzaren erakusleiho ere izan dadin. Era berean, kafetegia eta kultur ekitaldiak eskaintzeko oholtza ditu, baita proiektuak sortzeko laborategia ere.