Kirol nagusiak zein diren badakigu, ongi jakin ere, gainera. Egunero ikusten ditugu albistegietako zein egunkarietako lerroburuetan, eta tabernetako elkarrizketetan hizpide izan ohi dira, eguraldiarekin batera. Diziplinak nahasten dituzten kirolei buruz, ordea, ezer gutxi entzuten dugu. Are gehiago: ba al dago gure herrian hiru kirol konbinatzen dituenik? Bada, Artziniegan (Araban), bai, aspalditik. Esti Lanao. Argazkia: Jose Ramon Rey.
Jose Ramon Reyk 41 urte daramatza kirol entrenatzaile lanetan, bost urte Gorputz Hezkuntza irakasten eta beste hainbat kirola sustatzen, arte martzialen, animazioaren eta jolasen bidez. Hamarkadak daramatza herriko jendea kirolaren munduan murgiltzera bultzatzen: umeak, helduak zein adineko pertsonak. Helburu horrekin, kirol animazioko ikastaro bat egin zuen, eta oso egokia izan zen: “Horri esker, Gorputz Hezkuntzako saioetan jolasak sartzen hasi nintzen, eta oso emaitza ona izan nuen”.
Gauzak horrela, pauso bat harago joatea erabaki zuen, entrenamenduetan sortu zitzaion kezka batetik abiatuta: “Artziniegan, neskak eta mutilak elkarrekin entrenatzea zaila zen, gizonen indarra nagusitzen zelako”. Hori dela eta, trebetasunari indarrari baino balio handiagoa emango zion kirol bat bilatzen hasi, eta areto futbolari lehen baldintza ezarri zion: baloia eskuekin hartu ahal izatea. Hala ere gauza bera gertatzen zenez, gero eta arau gehiago ezarri zituen; esate baterako: “Ezin diozu baloiari indarrez eutsi; hau da, baloia eskuetan eraman dezakezu zelai osoan, baina beste taldeko batek zu ukitu baino lehen askatu behar duzu. Bestela, falta izango da eta beste taldeak hartuko du”. Garrantzi gehiegirik eman gabe hasi ziren horrela jokatzen, eta sorterriagatik jarri zioten izena praktikatzen ari ziren horri: Artzikirola.
Indarrari iskin egiten
Abiadura eta trebezia dira, hortaz, ezaugarri nagusietakoak: baloia azkar pasatu behar da, eta taldekideak desmarkatu egin behar dira. Hala, kirol honen asmoa argi dago: jokalari guztiek parte hartzea eta ondo pasatzea. Reyk dioen moduan, “kirol bizi-bizia da, baina baita elkarlaneko jokoa ere, eta denok gara garrantzitsuak”. Hori bultzatzen duten arau bereziak dituzte: “Talde batek besteari baloia kentzen dionean, falta lortu duen jokalariak ateratzen du, eta ez “ona” den horrek; gauza bera penaltia denean”.
Alderdi teknikoari erreparatuta, hasteko, zehatz dezagun zein hiru kirolen nahasketatik datorren: “Areto futbolean, errugbian eta eskubaloian oinarritzen gara, batik bat, baina boleiboleko zapladak ere sartzen ditugu”. Hori dela eta, baloia oinarekin kontrolatu ahal duzu, eskuetan hartu, edo zapladak eman ahal dizkiozu. Taldeei dagokienez, emakumezkoenak, gizonezkoenak edo mistoak izan daitezke.
Bestalde, eskubaloiko zein areto futboleko zelai batean joka daiteke, eta joko zelaiaren bi erdiak marra batez bereizita egon behar dira. Horrez gain, baloi biguna erabiltzen dute, beraiena, gainera. “Baloi ofizialak izatea lortu dugu, eta laster salgai jarriko ditugu, Amaya Sport enpresari esker” zehaztu du Reyk.
Artziniegatik harago
Partiden iraupenari dagokionez, 15 minutuko lau zati dituzte: batetik bestera bi minutuko atsedena egiten dute, baina bigarrenetik hirugarrenera bost minutukoa. Sakea egiteko, sei segundo dituzte, eta atezainak egiten du.
Orain arte azaldutako guztiari jarraikiz, inolako kezkarik gabe aritzen ziren artzikirolean beren herrian, Artziniegan. Halako batean, Gordexolako talde batekin egin zuten topo. Reyk dioenez, “areto futbolean jokatzen ari zirela, une batean partida eten, eta egiten ari ginena erakutsi genien”. Gordexolakoak liluratuta geratu ziren, oso ondo pasatu zutelako, eta administrazioan aurkez zezan animatu zuten Rey.
2007. urtean kirola sortu eta 2012an araudia argitaratu zuten, Arabako Foru Aldundiaren eskutik. Ondoren, ikastetxe batera eraman zuten: “Oso harrera ona izan zuen eta, hortik aurrera, zabaltzen jarraitu nuen”. Geroztik, kirol gisa ez du ofizialtasunik lortu, baina ospea mundu zabalean bai.
GURE MUGETATIK AT
Artzikirolak oraindik ez du Euskal Herriko talde ofizialik; mugaz bestalde, ordea, gogo handiz jaso dute ideia. Reyk adierazi duenez, “Gorputz Hezkuntzako saioetan sartzen ari dira gehienbat, eta, besteak beste, Extremaduran, Torreviejan eta Murtzian (Espainia) eskaini dira formakuntzak; nazioartean, gainera, Mexikon, Argentinan, Ekuadorren eta Txilen izan gara”. Horren asmoa, lehiatzeaz gain, ikasleak heztea da: Mexikon, zehazki, etorkizunean irakasle edo entrenatzaile aritzeko 400 bat gazte trebatu nahi dituzte.
Are gehiago, Reyk aurreratu duenez, kirol alternatiboen lehen Munduko Topaketa dute esku artean: “Helduen taldeei begirako egitasmoa da, Espainian egingo da eta lehen sailkapena egin da dagoeneko, Euskal Herrian”. Urrian egitea dute aurreikusita, eta guztira bost kirol alternatibok hartuko dute parte, denak federatuak edo emergenteak. “Hainbat unibertsitaterekin kudeatzen ari gara: mistoa izan behar da, gutxienez hamar jokalarik jokatu behar dute eta horietatik lau sexu berekoak izan behar dira”, dio Reyk. Horrez gain, bost kirol horietan lehiatzea derrigorrezkoa da. Tartean, Indiako eta Portugalgo talde bana dago.