Marlon Brando zinemako izar distiratsuenetakoa izan zen. 1924ko apirilaren 3an jaio zen, Nebraskako Omaha hirian (AEB). Bitxia da beste pertsonaia handi batzuk ere leku berean jaio zirela: Fred Astaire dantzaria, Montgomery Clift aktorea eta Malcolm X aktibista. Brando munduko aktorerik ospetsuenetakoa bihurtu zen, bi Oscar sari irabazita eta, oro har, oso aurpegi ezaguna bilakatuta. Jaio zela 100 urte beteko direla ospatzeko (2004an hil zen), hark jokatutako lau pertsonaia aukeratu ditugu. Alessandro Ruta.

Don Vito Corleone
"Ukatu ezingo duzun eskaintza egingo dizut". Nork ez du entzun The Godfather filmeko (Francis Ford Coppola, 1972) esaldi hori? Vito Corleone aitajaunarena da, Marlon Brandoren pertsonaiarik handienarena, agian: kotoia ahoan, makillaje mordoa eta Italiako ahoskera, siziliarra, hain zuzen ere. Don Vito Andolini (Corleone abizena AEBetara iritsitakoan jarritakoa da, The Godfather II filmean ikus dezakegun bezala) mafiako burua da, baina etsaiei ez zaizkienez gustatzen haren moduak, tirokatu egingo dute. Nahiz eta The Godfather pelikulan ez agertu hainbeste, Oscar saria irabazi zuen aktoreak. Hala ere, ez zen urrezko garaikurra jasotzera joan eta, bere ordez, Sacheen Littlefeather Amerikako natibo eta herri indigenen eskubide zibilen aldeko aktibista agertu zen.

Kurtz koronela
"Izuarekin adiskidetu beharra dago". Beste esaldi ikoniko bat. Apocalypse Now, Francis Ford Coppolak 1979an Vietnameko gerrari buruz egindako filma, erabateko maisulana da. Gerra horri buruzkoa... edo, auskalo, edozein gerrak eragiten dituen kalte eta distortsioei buruzkoa. Nor dira benetako etsaiak? Viet Congekoak ala "etxekoak"? Pelikulan, Willard kapitainak (Martin Sheen) zeregin argia dauka: Kurtz koronela topatzea eta hiltzea. AEBetako Armada utzi du Kurtzek, Kanbodiako oihanean erdi jainko bilakatzeko. Baina Willard berehala konturatuko da Kurtz (Marlon Brandok gorpuztua) ez dela kriminala. Koronela agertzen den unea, iluntzean, Buda bat bezala, burusoil eta potolo, paregabea da.

Paul
Izen anonimoa, pertsona anonimoa, hiri erraldoi batean: Paris. Last tango in Paris (Bernardo Bertolucci, 1972) zinemaren historiako pelikularik eskandalagarrienetakoa da, zalantzarik gabe. Marlon Brando eta Maria Schneider bikote oso arraroa dira. Haien bakardadea nabarmena da, ez dute elkar ezagutu nahi: gizarteak ez die kasurik egiten, pertsonaia iragankorrak dira. Sexu harremana besterik ez dute, eta edozein eratan gauzatzen dute, baita modurik txarrenetan ere: ezin ahaztu gurinaren eszena, Maria Schneiderrek geroago salatu zuenez, erasoa izan zena. Film honetan, Marlon Brando "zahar" ageri da lehen aldiz: ile zuria, itxura nahasia, jada ez da iraganeko divo gazte eta indartsu hura.

Terry Malloy
Hemen bai, Marlon Brando gazte indartsua da. On the Waterfront (Elia Kazan, 1954) pelikulako rol honi esker irabazi zuen lehendabiziko Oscar saria Omahako aktoreak, 1955. urtean. Terry banandutako gizona da, eta, bere ustez, etorkizunik gabea: batetik, boxeoa utzi behar izan zuen, bere anaiari jarraitzeko, hura mafioso baten bizkartzaina izan arren. Bestetik, bizimodua aldatu eta neska-lagunarekin egon nahiko luke, baina oso zaila da, giro guztiz arriskutsuan murgildu delako. Borroka moral hori odolez ordainduko du gazteak. Lehen pelikuletan, Brando oso aktore "fisikoa" zen. Adibidez, A Streetcar Named Desire (Elia Kazan, 1951) lanean Stanley Kowalski antzeztu zuenean: gorputza bistan, gogortasuna erakusten eta mitoa eraikitzen.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.