Bizkaiko Gautegiz-Arteaga herrian dago Eugenia de Montijo enperatrizaren gaztelua, XIX. mendean eraikia. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko kultur ondare gisa sailkatua du, eta gaur egun luxuzko hotel bihurtu du enpresa pribatu batek. Marcos Tedin. Argazkia: Marcos Tedin.
Historia luze, oparo eta zabala du Euskal Herriak, eta hainbat arlotan nabaritzen da: gastronomian, artean, musikan, hizkuntzan, baita arkitekturan ere. Lurralde bakoitzak baditu bere ezaugarriak, bertako historiak eta baliabide naturalek eragindakoak. Bizkaian, hain zuzen ere, hainbat estilo arkitektoniko aurki daitezke. Adibidez, Bilbon ugaritzen ari diren eraikin modernoak eta lurraldeko landa eremuan eta mendietan sakabanatuta dauden ehunka urteko baserriak oso ezberdinak dira. Horiez gain, goraipatzeko eta miresteko obrak daude. Halako bat Eugenia de Montijo enperatrizaren gaztelua da, 1856an altxatua.
Gautegiz-Arteagan kokatua (horregatik esaten zaio Arteagako gaztelua ere), Urdaibaiko biosfera erreserbaren ikuspegi pribilegiatuak ditu jauregiak. Ozollomendi auzoan dago, zehazki, eta hainbat mendi ditu inguruetan. Nabarmentzen direnak Ereñozar eta Burretxagane dira, eta gazteluko leihoetatik eta goian duen terrazatik ederki ikusten dira. Baraizpeko hezegunea eta Oka erreka ere ikus daitezke gaztelutik. Autoz, Bilbo 40 kilometro ingurura dago. Donostia, berriz, ia 100 kilometrora.
Arteagako gaztelua urrutitik bistara daiteke. Bere formak berehala ematen du atentzioa. Nolanahi ere, errepidetik hurbilduz gero, ahalegina egin behar da jauregia ikusteko, ezkutatuta balego bezala baitago. Dena den, dorretzarra zuhaitzen gainetik nabarmentzen da, eta bisitaria liluratzen du. Argi dago gazteluaren altuera ez dela normala kokaleku horretan. Izan ere, dorrerik altuenak, gazteluan gehien nabarmentzen den eraikinak, 30 metroko garaiera dauka, eta marmolez eta kareharriz eginda dago. Guztira, Arteagako gazteluak bost solairu dauzka, eta soto bat. Eraikina harresi batek inguratzen du, eta ertz bakoitzak bi solairuko dorre biribil bat dauka.
Zenbait estilo nahasten dira eraikin honetan. Dorrea, adibidez, neogotikoa da. Arkitektoa Frantziako arkitektura gotikoan oinarritu zen. Eugenia de Montijo enperatrizaren gazteluak Erdi Aroko jauregien itxura du, nahiz eta XIX. mendean eraiki zuten, Erdi Aroko arkitekturan oinarrituta. Ohiko estiloa zen Bilbon: badaude halako jauregi, eliza eta plaza asko. Bizkaian, 1852an eraikitako Mungiako Torrebillela dorretxea, 1964ko Getxoko Areetako Santa Ana baseliza eta Arteagako gaztelua izan ziren estilo horretan eraikitako lehenengoak.
Eraikinaren barruan, mota guztietako gelak eta ganberak aurki daitezke. Dorreko sotoan bodega bat dago, lehenengo solairuan liburutegi bat. Gazteluan sartzea denboran bidaiatzea bezala da. Hurbildu ahala, harresia eta atea kanpotik ikustea harrigarria da. Behin barruan, xehetasunak berehala igartzen dira: gargolak, animaliak eta almenak.
Bizkaiko Urdaibaiko biosfera erreserban zergatik dagoen gaztelu bat ez da misterioa. Izan ere, Butroeko gaztelua eta Loizaga dorrea ere badaude lurraldean. Eugenia de Montijo enperatrizarenaren kasuan, izenak berak azaltzen du bere historia. 1856an, Luis Napoleon Bonaparte (enperatrizaren eta Napoleon III.aren semea) “jatorrizko bizkaitarra” izendatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek. Hori dela eta, amak gaztelua eraikitzeko agindu zuen, bertan bizitzeko.
Jauregia ez zuten hutsetik hasi. Arteagan bazegoen dorre bat, herriko legegizon batek aginduta XIII. mendean eraiki omen zena. 1856an, berreraiki zutenean, zaharkituta eta erortzeko zorian zegoen. Enperatrizak arkitektoak bidali zituen Euskal Herrira jauregia dorre zaharraren gainean eraiki zezaten, eta 1861ean amaitu zituzten lanak. Hala ere, inoiz ez ziren Arteagako gaztelura joan eta urte batzuetan hutsik egon zen. Gudari karlistek kuartel gisa erabili zuten 1873an.
Gaur egun, eraikina jabetza pribatukoa da. 2000. urtean, enpresa pribatu bat eraikina eraberritzen hasi zen, eta 2012an, Relais & Cheateaux luxuzko hotel kateen elkarte pribatuaren gidan sartu zen. Jatetxe bat ere jarri dute bertan.
BUTROE ETA LOIZAGA
Bizkaiko historia luzearen beste erakusgarri arkitektoniko batzuk Butroeko gaztelua eta Loizaga dorrea dira, jabetza pribatukoak, halaber. Butroeko gaztelua (XVI. mendean eraikia eta 1878an eraberritua) errusiar batek erosi zuen 4 miloi euroren truke, 2021ean. Berritzen ari dira eta bisitatzeko zabalik egongo da. Loizaga dorrean, ostera, Rolls Royce luxuzko autoen erakusketa dago, eta ezkontzak eta ekitaldiak ere egiten dira bertan.