“Euskara, jalgi hadi mundura” idatzi zuen, XVI. mendean, Bernart Etxepare idazleak. Lelo hura bere eginda, horixe du helburu Etxepare Euskal Institutuak: euskara eta euskal kultura nazioartean ezagutzera ematea. Euskararen eta euskal kulturaren enbaxadore da erakunde publiko hau, 2010ean sortua. Horretarako, makina bat bide baliatzen du erakundeak, Irene Larraza buru duela. Eñaut Mitxelena.
Etxeparek Etxepare
Bernart Etxepare idazle eta apaizari (Sarasketa, Nafarroa Behera, 1480 – ?, 1560) zor dio izena institutuak. Sarrerako hitzak ikusita, erraz jakin ahal da zergatik: hark idatzitakoak primeran laburbiltzen du Etxepare Institutuaren egitekoa. Euskal letretan, funtsezkoa da Bernart Etxepare, euskarazko lehen liburu inprimatuaren egilea izan zelako: Linguae Vasconum Primitiae. 1545ean Bordelen argitaratua, liburuan bertan lehen euskal idazlea zela aipatu zuen. Poema liburua da, eta gehienak erlijio zein amodio kontuei buruzkoak dira. Baina azken biek, Kontrapas eta Sautrela izenekoek, euskarari gorazarre egiten diote. Plazara, mundura ateratzeko agintzen dio euskarari Etxeparek. Biak abesti klasiko bihurtuak, gaurkotasunik galdu ez duten leloak dituzte. Kontrapas-ekoek funtsa ematen diote Etxepare Institutuari: Euskara, jalgi hadi plazara.
Euskara Munduan
Euskara mundura jalgi dadin, munduan euskara ikasteko aukerak ahalbidetzen ditu Institutuak. Horretarako, bi sare nagusi ditu: euskal etxeak eta unibertsitateak. Euskal etxeei dagokienez, Etxepare sortu aurretik egiten zen lana babestu eta indartzen du, Euskara Munduan programarekin. Horren bitartez, munduko hainbat euskal etxetan ematen diren euskal eskolak laguntzen ditu, bai diruz bai irakasleen trebakuntza sustatuz bai materialez hornituz. Gainera, euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatzen ditu nazioartean, Bartzelonan, Madrilen, Parisen eta Buenos Airesen, hain zuzen. Gaur egun, 17 herrialdetako 64 euskal etxetan eskaintzen dituzte euskara eskolak programaren babespean. 2021-2022 ikasturtean, 1.679 ikasle aritu ziren, guztira, euskara ikasten.
Irakurletzak munduan
Unibertsitateak ere euskara eta euskal kultura munduratzeko tresna dira. Bide akademikoagoa da, eta irakurletza programaren eta euskal ikasketen katedren bitartez gauzatzen du Etxeparek. Zer dira irakurleak? Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura ikasteko eskolak ematen dituzten irakasleak. Egun, Etxeparek 18 herrialdetako 35 unibertsitatetan ditu irakurletza programak. 2021-2022 ikasturtean, 1.403 matrikula egin ziren euskara eta euskal kultura eskoletan. Katedrak, berriz, 12 dira gaur egun. Euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua sustatzeko tresnak dira. Hori bai, dela euskal etxeen bidez, dela irakurleen bidez, eta betiere tokiko lantaldeen arabera, Korrika mordoa ere antolatzen dute nazioartean!
Sormenaren joan-etorria
Euskal sortzaileei leihoak zabaltzen dizkie nazioartean Etxeparek. Mota askotako leihoak dira. Adibidez, nazioarteko plazetan diziplina orotako euskal sortzaileen presentzia bultzatzen du, hitzordu ezagunetan lekua eginda: jaialdiak, bienalak... Aurten, besteren artean, Tokyo International Film Festival-en eta Sao Pauloko Bienalean izan da euskal kultura. Bertokoak mundura bidali eta mundua Euskal Herrira begira jartzeko egitasmoak ere bultzatzen ditu. Baita literatur itzulpenak sustatu ere. Horrez gain, trukeak ere bideratzen ditu. Horren adibide, Kultur Konexioak programa, tokiko kulturak elkarrekin harremanean jartzen dituena. Aurten, eta 2024ra arte, Flandriako eta Euskal Herriko kulturak bat egiten ari dira, jarduera ugariren bidez.