Lasterketa arrosa Italiatik kanpo hasiko da berriro, Budapesten, hain zuzen ere. Bertako pertsonaia batzuek mundua aldatu zuten. Nork? Eta nola aldatu zuten, bada? Hemen dituzue. Alessandro Ruta.

Italiako Giroa Hungarian hasiko da. Lehen hiru etapak Budapest hiriburutik eta Balaton aintziraren inguruetatik pasatuko dira. Lasterketa arrosa askotan abiatu izan da Italiatik kanpo (Belgikan, Herbehereetan, Grezian eta Frantzian, adibidez), baina inoiz ez hungariarren lurraldeetatik.
Hungaria eta bere xarma; Hungaria eta bere berezitasuna; Hungaria eta bere hizkuntza, korapilatsua eta nahiko ulergaitza. Zenbat hungariarrek aldatu dute mundua edo, behintzat, zerbait oso bitxia asmatu? Hiru izen aukeratu ditugu.

Mila koloreko kuboa

Bizirik dagoen bakarrak abizen oso ezaguna du: Rubik. Erno du izena, ez Kuboa. Zenbat aldiz egin duzue topo Rubiken Kuboarekin? Hamaika aldiz. Egin duzue, gorroto duzue, maite duzue eta buruko mina eragin dizue: edonoiz koloreak ikusi, muntatu edo desmuntatu, tutorialak ikusi... “Nola da posible hain azkar egitea?”.
Munduko marka Yusheng Du txinatarrak dauka: 2018an, Rubiken Kuboa 3,47 segundoan osatu zuen. Eta zuek? Oraindik ez duzue sekula egin? Badakizue zenbat modu dauden osatzeko? 43.252.003.274.489.856.000. Badira, gainera, bestelako aldaerekin egindako markak: oinekin, esku batekin bakarrik, begiak estalita edota robot batek egindakoa. Rubik jaunak ere ez zuen espero hainbesteko arrakastarik Budapesteko Arte Aplikatuen eta Diseinuaren Akademian irakasle lan egiten zuenean: 1974an, hiru dimentsioen kontzeptuak erakutsi nahi zizkien ikasleei, eta horretarako erabili zuen tresna hori eskola batean.
Desmuntatuz eta berriz muntatuz, Rubik konturatu zen buru-hausgarri bat asmatu zuela. Ondorengo urteetan, jolas bihurtuko zen, patente bati esker: hasieran Kubo Magikoa izendatu bazuten ere, laster aldatu eta Rubiken Kuboa izena ipini zioten.
80ko hamarkadan, Kuboa oso modan egon zen mundu osoan. 2014an, 40. urteurrena ospatzeko, Googlek Kuboaren profila ipini zuen bere hasierako orrian.

Magoen Magoa

“Eta zu nor zara? Houdini?”. Horrela esaten zaie ikaragarrizko ekintzak egiten dituztenei. Adibidez, kateekin lotuta egon arren, urez betetako kutxa batetatik atera, edo kartekin edozer gauza egin. Oso trebea baldin bazara, magoa izango zara. Houdini hutsa, alegia.
Harry Houdini Budapestekoa zen, eta bere benetako izena Ehrich Weisz zen. Hungarian, Weisz abizena oso ohikoa zen, eta “zuria” esan nahi du. 1874an jaioa, garai hartan herrialdean ez zen bizitzeko giro, eta bere familia AEBetara joan zen. Egin zioten lehendabiziko aldaketa abizena izan zen: Weiss. Wisconsinen bizi zen familia, Appletonen, hain zuzen ere. Gaur egun, Houdiniren Museoa han dago. Ehrichen aita bertako errabinoa izan zen. Nolanahi ere, familia laster joan zen New Yorkera, han aukera gehiago, baina, batez ere, diru gehiago zegoelako. Ilusionismoaren munduan sartu zen Harry New Yorken. Izen artistikoa Houdin mago frantziarraren omenez hartu zuen.
Denok ezagutzen dugu erakustaldirik famatuenetako bat, ezta? Txinatar torturaren ganbera: Houdini buruz behera zintzilik beirazko eta altzairuzko kutxa batean, urez bete eta ondo itxita. Tarteka, gainera, eskuburdinak jarriak izaten zituen. Hala ere, askatzea eta irtetea lortzen zuen. Espiritismoaren zale amorratua, Conan Doyle idazlea (Sherlock Holmes-en sortzailea) izan zuen lagun minenetakoa. Oso gazte hil zen, 52 urterekin, peritonitisaren ondorioz. Misterioa gehitzeko, Halloween gaua zen.

Umeak jolasean ikusiz

Asmakizun askok ez daukate beren asmatzailearen izena: irratia ez da Marconia, eta telefonoa ez da ez Alexander Bella ez Antonio Meuccia. Boligrafoa ere ez dator Boli abizenetik, baina biro boligrafoa, Ladislao Biro jaunaren asmakizuna, bai.
Budapestekoa zen gizona. Gaztetan, lanbide piloa izan zuen: 20ko eta 30eko hamarkadetan, motor gidaria, aduanazaina, burtsako agentea, margolari surrealista, eskultorea eta kazetaria izan zen.
Nondik atera zuen, bada, bere bolaluma berezia? Bere anaia kimikariari esker izan zen, batez ere. Kazetari lan egiten zuenean, Biro konturatu zen beste luma estilografikoak oso deserosoak zirela, tintak denbora gehiegi behar zuelako lehortzeko. Behin, Ladislaok ume batzuk ikusi zituen kalean, puxtarriekin jolasean. Esferek, uretatik ateratakoan, arrasto uniforme eta erregularrak uzten zituzten. Berehala, Birok pentsatu zuen uraren ordez tinta erabil zitekeela, eta anaiari deitu zion. Ideia prest zegoen, baina zehaztu beharra zuen. Biro anaiek barrunbe txiki bat erabili eta puntan altzairuzko esferatxo bat jarri zuten. Barrunbea tintaz beteta zegoen, eta esferan mugitzean paperera pasatzen zen. Hura izan zen asmakizuna: bolaluma esferaduna edo biroa.
Dena den, Birok ezin izan zuen bere ideiaz asko gozatu. Lehenik, Argentinara ihes egin behar izan zuelako, naziak Hungarian juduak jazartzen hasi zirenean. Bigarrenik, boligrafo esferadunak ez zuelako arrakasta askorik izan, oso material garestiak behar zituelako. Marcel Bich egile frantziarrak Birori ideia "erosi", beste izen bat ipini, eta sekulako dirutza poltsikoratu zuen. l


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.