Euskal Herrian, mendebaldeko muturrean dago Karrantza Harana, Enkarterri eskualdean. Bizkaiko udalerri handiena da (49 auzo), Burgos eta Kantabria probintzia espainiarrekin mugan. Haraino iritsiko gara, eskualdean Balmasedatik sartuta. M. Egimendi. Argazkiak: M. Egimendi.
Bilbotik Balmasedaraino trenez (FEVE) edo autobusez (Bizkaibuseko A0651 linea) hel gaitezke, baina hortik Karrantza Haranera autobus linea bakarra dago (A0652), eta egunean bidaia gutxi egiten du. Udalerria era bitxian ezagutzeko aukera eskaintzen du, auzo txiki askotara heltzen delako, baina ibilaldi hori beste baterako utziko dugu.
Karrantza Haranean barneratzeko, hortaz, autoa hartu beharko dugu: A-8 autobidea Bilbon edo Alonsotegin utzi, eta BI-636 errepidetik iritsiko gara Balmasedaraino. Atsedenalditxoa egin dezakegu bertan. Ez da tabernarik falta, noski, eta baditu ikusteko hainbat leku interesgarri. Ezagunena, Zubi Zaharra: Behe Erdi Aroan eraiki zuten Cadagua ibaiaren gainean, eta kostaldearen eta Gaztelaren arteko lotura bakarra izan zen inguru horretan. Hain zuzen, Balmaseda da Bizkaian sortutako lehen hiribildua, 1199an. Bestalde, udaletxe ondoan dago XV. mendeko San Severino eliza ere: bertatik ateratzen dira Aste Santuko prozesio famatuak.
La Encartada fabrika-museoa
Balmasedako herrigunetik hiru kilometro eskasera egingo dugu hurrengo geldialdia, La Encartada fabrika-museoan. Lantegia Mexikon aberastutako bost indiano bizkaitarrek (horietako hiru Balmasedakoak) abiatu zuten, 1892an, eta 100 urtez aritu zen lanean. Matazak eta harilkoak egiteko artilea landuz, hainbat gauza ekoitzi ziren bertan: txapelak, nagusiki, baina baita mantak, oihalak, eskularruak, bufandak eta biserak ere.
Museo industriala 2007an ireki zuten, La Encartada S.A. enpresaren egoitza berean. Bertako makina guztiak oso egoera onean daude, eta osorik mantentzen dituzte produkzio prozesuko elementu guztiak, artilea gordinik hartzen zenetik bidaltze prozesua amaitu arte. Are gehiago, makinak martxan ere ikus daitezke museoak tarteka antolatzen dituen bisita gidatu berezietan (sarrerak 5,5 € balio du). Hurrengoak uztailaren 1ean, 15ean eta 29an izango dira, eta beharrezkoa da aurretik erreserba egitea, 946 800 788 telefono zenbakira deituta. Gainerako bisita guztiak ere gidatuak dira (ordubete inguru irauten dute).
Pozalaguako kobazuloa
Bazkaltzeko orduak harrapatzen bagaitu, Balmasedan bertan gera gaitezke, handik Pozalaguarako bidean (45-50 minutu) ez baitago aukera askorik. Janaria etxetik eramanez gero, bidean bada gelditzeko gune egokiren bat edo beste, baina ez ugari. Bestela, Pozalaguan bertan badago mokadua egiteko moduko taberna bat. Kontuan izan kobazuloa ikusteko aurretiaz erosi behar dela sarrera, www.cuevadepozalagua.eus atarian (orokorrak 10 € balio du); beraz, errespetatu beharreko hitzordua edukiko dugu sartzeko. Hobe garaiz eta lasai joatea, paraje menditsu ederraz gozatzen.
Kobazuloan barneratzen garenean ere gozatzeko aukera paregabea izango dugu, estalaktita eszentrikoen munduko pilaketarik handienetakoa ikusiko baitugu. Ohiko estalaktitak eta estalagmitak ez bezala, hauek aske hazten dira norabide guztietan, eta sustraien edo koralen antzeko forma bitxiak hartzen dituzte. Kanpoaldean, berriz, Karrantza Haranaren ikuspegi zabal eta zoragarria izango dugu begien bistan.
ETA UMEAK?
Bidaia lagun haurrak baditugu, Pozalaguatik nahiko gertu Karpin Fauna parkea dago (ordu laurden autoz), mundu osoko floraz betetako lursaila. Beren habitatera itzuli ezin diren animalia exotikoentzako babes zentroa da (abandonatuak edo legez kanpoko salerosketatik erreskatatuak izan direlako daude hor). Gainera, parke barruko baso itxian, Aro Jurasikora salto egin, eta dinosauroen garaira eta haiek desagertu osteko planetara eramango gaituzten bi gune tematiko ikusgarri aurkituko ditugu. Bazkariak ematen dituen taberna bat dago bertan, baita etxetik eramandakoa jateko paraje ederrak ere. Gainera, Pozalaguako eta Karpineko sarreretan deskontua lor daiteke, biak erosiz gero. Informazio gehiago, www.bbbkarpinfauna.eus atarian.