Argentinako Patagoniak sona handia du: mendiak, aintzirak, basoak, tokiko janari goxoa eta abar. Hori guztia Barilochen aurki daiteke, eskualdeko herririk bisitatuenetako batean. Marcos Tedin.

Argentina munduko zortzigarren herrialderik handiena da, eta bertan askotariko paisaiak aurki daitezke: mendiak, basamortuak, elurra, hondartzak eta zingirak, besteak beste. Hego Amerikako herrialde hau bisitatzen duenak badaki aste eskas batzuk ez direla nahikoa paraje horiek guztiak ezagutzeko. Patagoniara jo, Buenos Aires hiriburuan geratu, Iguazuko ur jauziak ezagutu, basamortua zeharkatu… gauza asko dituzte egiteko turistek, baina denbora gutxi. Hori dela eta, hautaketa egin beharra dago, eta askok Bariloche aukeratzen dute.

San Carlos de Bariloche hiria Rio Negro probintzian dago, Argentinako Patagonian. 1902. urtean sortua, gaur egun ehun mila biztanle baino gehiago ditu. Txileko mugatik gertu dago, hainbat mendi eta aintziraren artean ezkutaturik. Hirigunea ez da arkitekturagatik nabarmentzen: alemaniarren eta suitzarren eragina igartzen da, Patagoniako herri askotan bezala. Txokolategiak oso famatuak dira, eta eskaintza gastronomikoa, zabala eta kalitatezkoa. Gehien eskatzen diren jakiak bertan arrantzatzen den amuarraina eta tokiko arkumea dira. Barilochen egiten diren artisau garagardoak eta izozkiak ez dira beste inon saltzen.
Neguan, ekainetik irailera, milaka turista eskiatzera joaten dira Barilochera. Catedral mendian aurki daitezke Argentinako (eta Hego Amerikako) eski estaziorik ezagunenak. Hotzari aurre egiteko, gofreak eta txokolate beroa eskaintzen dituzte mendiaren oinean dauden jatetxeetan.
Hala ere, udan, elurra urtzen denean, Bariloche zeharo aldatzen da. Elurpean zegoen edertasuna azaleratu, eta, beroarekin batera, helmuga turistiko ederra osatzen du. Hiria inguratzen duten aintziretako hondartzak bete egiten dira, eta mendiek ere abenturazale asko hartzen dituzte.
Nahuel Huapi aintzira Argentinako hirugarren handiena da. Rio Negro eta Neuquen probintzien artean dago banatuta, eta bere ertzetan bi hiri turistiko daude: Villa La Angostura eta Bariloche. Aintzirak uharte asko ditu, baina garrantzitsuena Victoria izenekoa da. Handiena da eta turista piloa joaten da bertako hotelean lo egitera edo eguna hango hondartzetan igarotzera. Nahuel Huapi aintzirako ura hotz samar egon arren (desizoztetik sortutako ura delako), pertsona asko ausartzen dira sartzen, segundotxo batez gutxienez, beren burua freskatzeko.

Bariloche hiria Otto mendiko hegaletan dago. Mendia ez da bereziki altua (1.405 metro besterik ez du), baina oso kokaleku berezia du. Baditu eskiatzeko zenbait pista, baina ez da horregatik ezaguna, baizik eta gailurrean duen gozotegi birakariagatik. Ikuspegi ederrak ditu, eta Barilocheko hainbat toki ikus daitezke: hiria bera, Nahuel Huapi aintzira, Catedral mendia, Victoria uhartea... Tontorrera oinez igo ahal da (bidean ere, ikuspegiak ederrak dira eta hainbat aterpetxe daude), edo funikularrez.
Otto mendiaren beste aldean Gutierrez aintzira dago. Nahuel Huapi baino txikiagoa denez, ura beroagoa da. Horregatik, aukera hobea da uretan sartzeko eta hango hondartzetan egun pasa egiteko. Kanpatzeko tokiak ere baditu aintzirak bere ertzetan. Los Baqueanos gunea da toki bisitatuenetakoa: kanpatu, haragia erre, hondartzaz gozatu... denetik egin daiteke bertan. Dena den, Gutierrez aintzirak baditu beste hondartza asko, non erlaxatzeko eta lasaitasunaz gozatzeko aukera dagoen.
Mila paraje, txoko, erreka, aintzira eta begiratoki daude ezagutzeko Bariloche inguruan. Hiritik urruntzeko eta inguratzen duen natura ezagutzeko, komenigarria da autoa alokatzea, urruneko leku ederretara heldu ahal izateko. Barilochetik iparraldera 40 bat kilometrora, Los Alerces ur jauzia dago, Manso ibaiaren gainean. Eskualdeko txokorik politenetakoa da, naturarekin bat egiteko parada ezin hobea.
Barilochen, behin hiritik aterata, natura berehala sumatzen da. Ez dago gizakiaren arrastorik. Mundutik at sentitzeko lekua da, baso erdian, aintzira baten aurrean edo mendi baten tontorrean. Bakartuak dauden txoko ezkutu ugari daude, lasai egoteko eta inguruko edertasuna miresteko. Abenturazaleentzako eta naturazaleentzako lekurik egokiena.

CIRCUITO CHICO

Moreno eta Nahuel Huapi aintzirak ezagutzeko aukerarik onena da, autoa edukiz gero. Bidea Barilochen hasten da eta, zirkuitua osatzen duten 60 kilometroetan zehar, zenbait leku eskaintzen ditu ikusteko eta bisitatzeko: Patagonia garagardotegia, Llao Llao hotela, Punto Panorámico begiratokia eta Playa Sin Viento hondartza, besteak beste.

 

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.