Bernat Etxepare lizeoa bakarra da Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko. Baionan da, eta bertan Bigarren Hezkuntzako azken hiru urteak euskaraz egin nahi dituzten Iparraldeko ikasleak biltzen dira. Baina denak ez dira Baionatik hurbil bizi. Hori dela eta, egunero joan-etorria egin ezin duten ikasleek barnetegian pasatzen dute astea. Lizeoko lagunekin batera bizitzeko eta harreman estuagoak sortzeko parada ederra da. Aurtengo udan, gainera, etxebizitza aurkitzeko zailtasunak dituzten sasoikako langileei ere ireki diete egoitza. Inhar Iraizotz. Argazkia: Eztitxu Berho.
Ipar Euskal Herri osoko ia 500 ikaslek baino gehiagok ikasten dute Seaskaren Baionako lizeoan. Gehienek joan-etorria egiten dute egunero, beren kasa edo autobusez. Haatik, ikasleen % 25 inguruk barnetegian igarotzen dituzte igandetik ostiralera bitarteko gauak. Gehienak Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleak dira, jakina, baina badira Zugarramurditik eta Hendaiatik etorriak ere. Egoitzak 137 ikasle hartzen ditu, lau oheko 32 logelatan.
Elixabet Aizager lizeoko hezkuntza aholkularia da, eta berak ere oroiminez gogoratzen ditu barnetegian eman zituen urteak: “Bizi esperientzia sakona da, nerabezaro betean, zure autonomia garatzera eta ahalduntzera bultzatzen zaituelako. Kolektiboan bizitzera behartua zara, eta batzuetan muga izan daitekeena elkarbizitzarako aukera ona bilaka daiteke“. Euskararen erabilpenari begira ere, “barnetegiko ikasle gehienak herri euskaldunetakoak dira eta, ondorioz, arnasgune moduko bat da; izan ere, erdara gero eta gehiago entzuten da gure lizeoan“. Ikasle gehienak baserri eremutik datoz, eta Baionan bizitzera etortzen direnean gauza berriak ezagutzeko parada dute. “Garraio publikoa hartu, lagunekin hondartzara joan edo hirian diren hamarnaka jardueratan parte hartzen dute barnetegiko ikasleek“ dio Aizagerrek.
Ikasleak beren autonomian
Barnetegian bat egin dute, besteak beste, Iholdiko Imanolek, Urruñako Itzalek eta Ainharbeko Mirentxuk. Imanolek dioenez, “beste barnetegietan ez bezala, gurean neskak eta mutikoak elkarrekin gara eta hori, ene ustez, hoberena da“. Gainera, "lizeoan sortzen ez diren harremanak barnetegian sortzen dira, ikasgelako girotik kanpo“. Are gehiago, “familia modukoa gara, eta hemen egiten dituzun lagunak ez dituzu sekula galduko“. Horrez gain, “herri anitzetako euskalkiak elkartzen dira hemen, eta inoiz entzun ez ditugun hizkerak ezagutzen ditugu: xiberera, Sarakoa, Hendaiakoa… Batzuk aski bereziak izan daitezke hastapenean“ dio Imanolek.
Bestalde, barnetegian hainbat ekimen antolatzeko aukera dute ikasleek, Itzalen esanetan: “Barnategia Sutan izeneko taldearekin, kirol txapelketak, Olentzero, inauteriak… antolatzen ditugu, eta, batzuetan, auzoko gizarte etxebizitzetako gazteak ere gonbidatzen ditugu“. Seaskaren lizeoaren parean, ZUP izeneko eraikin multzoa dago. Bertan, 3.500 gizarte apartamendu daude, eta Baionara etorritako familia etorkin anitz bizi dira. Preseski, Mirentxuk azaldu digunez, “auzoko bizilagunekin harremanak indartzeko, Zuper Fête jaialdian parte hartzen dugu, adibidez. Hainbat tailer eta gaualdi partekatzen ditugu ZUPeko gazteekin“.
NEGUAN BARNETEGI, UDAN ATERPETXE
Uda garaian, ikasleak beren herrira itzultzen dira, baina aurten barnetegia ez da hutsik gelditu. Ipar Euskal Herria helmuga turistiko garrantzitsua da, eta horrek etxebizitzen prezioaren garestitzea eragiten du, baita egoera prekarioan diren sasoikako langileen etorrera ere. Udan, 15.000 lanpostu sortzen dira. Hori dela eta, barnetegia sasoiko langileak aterpetzeko egoitza bilakatu dute, Ariztia izenekoa. Hur Gorostiaga Seaskaren zuzendariak azaldu duenez, “gure helburua ez da langile horien bizkar aberastea; beraz, prezio merkea jarri dugu: hamabi euro gaueko. Baldintza da lan kontratu edo hitzemate bat izatea“. Gainera, Gorostiagak dioenez, “egoiliar guztiak ez dira kanpokoak, batzuk bertakoak dira. Udan, beren etxejabeek apartamentutik kanporatzen dituzte turistei garestiago alokatzeko“. Aurten, 30 egoiliar hartu dituzte udan. Horrez gain, Baionako fakultate parean Seaskak, ikasleentzako etxebizitza merkeak ireki ditu ikasturte honetan. Gorostiagaren esanetan, “duela hainbat urte, Hotel des Basques izeneko hotelaren jabeak eraikina eman zion Seaskari, eta hor sortu ditugu hainbat ikasle apartamentu, merke alokatzeko helburuz“.