Ikerketa genetiko batek Bozateko herritarrak mende askoan zigortu izan dituen kondaira desegin du: haien jatorri genetikoa euskalduna da % 70eko proportzioan, eta kataroa % 19koan, ikerketaren arabera. Agotak zirela eta, mende luzez diskriminazioa eta bazterkeria pairatu zuten, eta Bozatetik kanpo nahiko zabaldua omen dago oraindik bertan gaizkileak edo ezaugarri fisiko bereziko pertsonak bizi direla. Itxuraz erlijio kontuengatik sortu zen gezur hura gabe lasai bizi dira aspalditik Bozaten. Bertakoak direlako harro bizi ere. Andoni Urbistondo. Argazkia: Andoni Urbistondo.
Egun, albiste faltsuak oso ohikoak dira, fake direlakoak. Iritzi korronteak sortzeko zabaltzen diren horiek, norbait kaltetzeko asmoz. Baztan bailaran, Nafarroan, Arizkungo Bozate auzoan, gezur handi baten maindirepean bizi izan dira mendeetan: belarri-gingilik ez dutela, belauna aldrebes dutela, agotak elizara ate berezi batetik sartzen zirela, kanposantuan ere zoko batean ehorzten zirela, jantzian pintura gorria izan behar zutela...
Barregura sortzen du halakoak irakurtzeak, baina Bozateko herritarrek jazarpena, diskriminazioa eta bazterkeria jasan zituzten urte askoan. Legenardunak zirela ere zabaldu zuten, eta eskuak erabili behar ziren ogibideetan jardutea debekatu omen zieten. Azienda zaintzen, adibidez, eskuak erabili behar zirelako eta inguruko jendea kutsa zezaketelako. Bozatearrek, ordea, artisau sona dute, egurra eta harria lantzen maisuak direla eta, baita arotz, errementari eta artisau on askoak ere.
Maria Luisa Bidegain, Rosamari Jaurena, Josefina Bidegain, Joseba Moreno Bidegain eta Agustin Zebrian Bidegain Bozatekoak dira. Mahai baten bueltan elkartu dira beren historiari argi pixka bat emateko. Eskertzekoa da, bertakoak akituta daudelako azalpenak eman beharraz, auzora hurbiltzen den orori betiko galderak erantzuten ibili beharraz. Jendea hurbildu egiten baita, oraindik ere, Bozatera galdezka.
Funtsik ba al du kondairak? Rosamari Jaurenaren hitzetan, “gure belaunaldiak ez du esaten denaren inguruan ezer ezagutu. Amatxik eta aitatxik kontatzen zuten zerbait, baztertuak egon zirela eta beste, baina bestela agoten gaineko konturik ez omen zuten ezagutu”. Pasadizo bitxiak dituzte hiru emakumeek. “Amatxik kontatu zidan auzoko gizonek beren aulkia eramaten zutela elizara” dio Maria Luisa Bidegainek. Rosamarik umoretsu dio bazuela ezagun bat, jatetxe batean zerbitzaria zena, eta bezero batek Bozatekoa zela jakin zuenean zuztarrak erakusteko eskatu ziola, “ea belaunak bereak bezalakoak zituen jakiteko”. Barrez lehertu dira, noski.
Gazteagoak dira Joseba Moreno eta Agustin Zeberio: “Kondairak kondaira dira. Elizan ere ba omen zen ate berezia agotak sartzeko. Edo kanposantuan hildakoak aparteko txoko batean ehorzten omen zituzten. Gu, Bozaten, lasai bizi gara, inolako kondairarik ez balego bezala. Iraganeko kontuak dira, eta, ikerketak erakutsi berri duen moduan, batere funtsik gabeak”.
Euskal jatorri genetikoa
Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak ikerketa genetiko baten emaitzak plazaratu zituen azaroan. Unibertsitateko irakasleek inork eskatu gabe egindako ikerketa da, Bozateko eta Baztan bailarako herritarrei beren laginak emateko prest egongo liratekeen galdetu ostean. 60 eman zizkieten bozatearrek, eta beste hainbeste bailarako herritarrek, guztiak erkatzeko. Morenok dioenez, “emaitzak ez du zalantzarako tarterik uzten. Ez gara musulmanak edo bikingoak edo ez dakit nongoak, kondairak dioen bezala. Gure jatorriaren % 70 Euskal Herrikoa da, eta % 19 Frantzia ingurukoa. Horrek irekia uzten du Bozateko herritarrek kataroen jatorria izateko atea”.
Kataroen etorrerak sortuko zuen, akaso, kondaira, heretikoak zirelako. Alegia, Eliza Katolikoaren aurkakoak. Bi gehi bi ez da beti lau izaten, baina badirudi gezur handia erlijio arrazoiengatik sortu zela, edo zutela, eta Eliza Katolikoak zerikusia izan zuela. Josebak dioenez, kondaira sortu zen unean, XIII. mendean, kataroen migrazio txikia gertatzen ari zen Ipar Euskal Herritik Baztan aldera.
Bozateko herritarrek begi onez hartu dute ikerketaren emaitza, mende luzeetako itzal handia, mamua, desegin duelako. Begi onez eta patxadaz, esan bezala haiek inoiz ez dutelako kondaira sinetsi: “Hemendik kanpoko zerbait da, benetan. Guk bizimodu arrunta egiten dugu, ondoko herrietara joaten gara lanera, eguneroko gauzak egitera… Ez dugu inolako bazterkeriarik sentitu” dio Joseba Morenok, irakurle oro bertara hurbiltzera eta gozatzera gonbidatzeaz batera.
MORBOAZ GOGAITUTA
Bozateko herritarrek ihes egiten dute norbait betiko galdera egitera datorrela sumatzen dutenean. Honela dio Agustin Zeberiok: “Jendeak hemen ez du gai horri buruz solastatu nahi. Zenbat aldiz errepide ertzetik gabiltzala auto bat geratu eta Bozateko kondairari buruz galdetzen hasi. Nekagarria da, beti morbo bila. Ondo gogoan dut eskolan historia irakasle batek, zubietarra bera, ostrogodo esaten zidala Bozatekoa nintzelako!”. Joseba Morenok ere albo batera utzi nahiko luke gaia. Bera izan da komunikabideei erantzuten aritu den bakarretakoa, eta dei eta eskaera oldea izan du azaroan eta abenduan: “Ea pixkanaka ahantzi egiten den kontua, beharra dugu eta”.