Behin martxan jarrita, furgonetetan gora eta behera dabiltza Korrikaren bidean dena ondo joateaz arduratzen diren 20 lagunak (10 kideko bi talde, 14 orduko txandatan). Txaleko fosforeszenteak soinean eta txapela buruan, aurten protokolo berezia dute, COVIDa dela eta: antigenoak egunero, eta hainbat kide etxean prest, norbait kutsatuz gero, ordezkapena berehala egiteko. Asier Arroita eta Joseba Irazabal taldeburuei eskatu dizkiegu xehetasun batzuk. M. Egimendi. Argazkiak: Asier Arroita.
Hautaketa
“AEK-k egiten du Korrika jagoleak hautatzeko deialdia, furgonetan joan nahi duen orok bere burua aurkez dezan. Jendea aukeratzeko orduan, berrien eta eskarmentua dutenen artean oreka bilatzen saiatzen gara (erreleboa ere behar da eta, pixkanaka), genero ikuspegia kontuan izaten dugu, baita unean uneko beharrak ere: mikrofonoan aritzeko, korrika ibiltzeko, argazkiak ateratzeko, hedabideak artatzeko... Behin talde biak osatuta, hautatuek Korrika batzordearen oniritzia jaso behar dute”.
Furgonetak
“Erabat eraldatzen dira: atzeko ateak kendu eta alboetakoak blokeatu egiten dira; kanpoaldean, dotoretzeko biniloa eta led argitxoak jartzen zaizkio; eta barrualdea guztiz husten da, aurreko hiru jarlekuak bakarrik utzita. Furgoneta barnean, armairutxo bat izaten da, gauzak gordetzeko eta argazkiekin lan egiteko; eta musika ekipo handi bat; beste armairu batzuk janaria, arropa eta taldekideen gauzak gordetzeko; lau mikrofono furgoneta bakoitzean (bi erabiltzeko eta beste bi badaezpada, beti izorratzen delako zerbait). Furgoneten gainean, ostera, bafleak, ikurrina, Nafarroako bandera...”.
Eginkizunak
“Luxua da furgonetan egotea, baina lan gogorra ere bai: Korrika bera eta korrikalariak zaindu behar dira, segurtasunez ibiltzeko. Mikrofonoarekin egiten den lana garrantzitsua da, sekulako giroa sortzen duelako; DJ bat ere izaten da, musika aukeratu eta jartzeko; talde bakoitzean, argazkilari bat; beste kide bat furgoneta barruan, argazkiak etengabe Interneten eskegitzen; gidaria, gidatzen eta denbora kontrolatzen, garaiz gabiltzala ziurtatzeko (horrek esaten dio mikrofonodunari pausoa pausatu edo arindu beharra dagoen); korrika egiten dutenak, pankartak aldatzen (bidearen zabaleraren arabera), kamioei eta autoei bide ematen... Eta, noski, lekukoa inoiz bistatik galdu gabe. Adibidez, lekukoak ibairen bat zeharkatu behar badu, furgonetek eta korrikalariek beste bide bat izaten dute, baina taldeko bat, gutxienez, beti sartuko da txalupan, beti lekukotik gertu”.
Motxilan
“Korrika egiteko bizpahiru zapatila pare; “uniformea” (txapela eta, ahal dela, mahoizko prakak); praka laburrak; hotzetik babesteko arropa (Pirinioetan, hotz egiten du, batez ere gauean); kamiseta asko, izerdi asko egiten dugulako (arropa garbitzeko astirik ez, eta, batzuetan, geure herritik pasatzean aukera izaten dugu arropa zikinez betetako poltsa han uzteko); ileordeak mozorrotzeko...”.
Deskonektatzea
“Gehiago kostatzen da psikologikoki fisikoki baino. Izan ere, burbuila handi batean ibiltzen gara 11 egunez, Euskal Herri zoragarri eta magikoan: mundu guztiak euskaraz hitz egiten du, edota euskararen alde agertzen da. Eta, fisikoki nekatuta egon arren, bukatzen denean beti egiten dugu parranda. Gero, lehenengo egunetan gertatzen zaigu, etxean lotan gaudela, esnatu eta presaka altxatzea, oraindik Korrikan gaudela uste izanda”.
Anekdota
“Behin, korrikalarien atzean gindoazela, mutil bat lekukoarekin taberna batean sartzen ikusi genuen! Korrika joan ginen harengana, baina heldu ginenean konturatu ginen eskuartean zeukana ez zela benetako lekukoa, oso ondo egindako erreplika baizik. Lasterketara itzuli, eta hantxe zihoan lekukoa, eskuz esku”.
Politena
“Dena! Agian, ez hasiera ez bukaera, baizik eta tarteko egunak. Berdin da milaka pertsona egon hiriburu batean edo lau lagun errepidean, sentitzen dugun indar hori da politena. Ez daukagu une txar edo itsusien oroitzapenik, baina, azkenean, Korrika kanta gorrotatzen dugu, kar-kar!”