Mari euskal jainkosari begiratzen dion dokumentala osatu du Yolanda Mazkiaran zinemagile altsasuarrak. Kultura matriarkalaren pertsonifikazio antzinakoenetakoa izan daitekeenari buruzko ikus-entzunezkoak “zehaztasun handiko” argazkia eskainiko dio ikusleari, Anbotoko dama hobeto ezagut dezan. Amaia Gartzia Payo.
Euskal mitologiaren mundua zabala bezain adarkatua da. Sustraia, berriz, zahar bezain sakona. Kontakizunek aldaerak izaten dituzte herri batetik bestera, eskualde batean edo bestean. Izaki anitz ditugu, baina guztien gainetik Mari gailentzen da: euskal jainkosa nagusia, lurraren eta bertako osagai guztien ordezkaria, natura eta bizitza, azken finean.
Anbotoko dama, Aralarko dama, anderea, dama zuria... izen ugari ditu Marik, baita bizilekuak ere, zazpi urtean behin aldatzen omen baitu, nagusia Anboto izanik. Eguraldiarekin ere badu lotura Marik, berak sortzen baitu euria, dirudienez. Ile luzearekin irudikatu izan den damaren senarra Maju edo Sugaar da, eta bi seme ditu: Mikelats eta Atarrabi, gaizkia eta ontasuna irudikatzen dutenak, hurrenez hurren.
Harenganako sinesmena, edo irudia, behintzat, antzinatik dugu gure artean; ez da gauza hutsala, milaka eta milaka urtetako kontuaz ari baikara. Horrez gain, emaztea da, dokumentalean lanean aritu den Jon Albisu ekoizleak dioen bezala, “horrek dakarren zentzu guztiarekin”. Ahaltasuna izan duten pertsonaien ehuneko oso handia gizonezkoek osatua izan da. Haatik, Mariren kondaira hain denez aberatsa eta ugaria, izkribu batzuetan ez dago guztiz argi hori horrela den edota bi generoen arteko uztartzea irudikatzen duen, Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnologoaren zenbait idazkitan ageri bezala. Dena den, gehienetan, emakume irudia du.
Yolanda Mazkiaran Zelaiak (Altsasu, 1963) damaren istorioan sakontzeko dokumentala egin du, azken zortzi urte hauetan haren irudia etengabe ikertuz, Aita Barandiaranek bezala, baserriz baserri eta herriz herri. 78 minutuko ikus-entzunezkoan, kristautasun aurreko jainkosa honen jatorria eta ibilbidea jorratzen da, hainbat aditu eta pertsonaren laguntzaz: Felix Gerenabarrena eta Jose Inazio Artsuaga euskal mitologian adituak, eta Toti Martinez de Lezea, Josu Naberan, Peio Zabala, Jose Ramon Zubimendi eta Guillermo Piquero idazleak, besteak beste. “Uste dut puntu asko ukitu ditudala eta nahiko informazio sakona dagoela” dio egileak. Lan honekin, “haurren ipuinen munduan” geratu den Mariren irudiari bultzada eman nahi izan dio Mazkiaranek: “Nire ustez, oso utzia dago. Euskal Herriko Unibertsitatean, adibidez, ez dago euskal mitologiari buruzko katedrarik. Barandiaranek egindako lan guztia hor daukagu, eta gaiaren gaineko interesa izan duten pertsonak ere bai, baina ez dena batzen duen erakunderik”.
Mazkiaranek beti izan du ondoan Mariren irudia, txikitatik. Aitak kontatzen zizkion istorioek jakin-mina eta miresmena piztu zituzten harengan: “Gure kulturako altxor handi ezezaguna dela iruditu izan zait betidanik”. Duela zortzi bat urte, kamera eta grabagailua eskuan, inolako laguntzarik gabe, bere kabuz hasi zen dokumentazio lana egiten, leku batetik bestera hainbat pertsona elkarrizketatuz eta informazioa lortuz. “Erabat autodidakta aritu da Mazkiaran” goraipatu du Albisuk, “antzina egiten zen moduan”. Pasio handiz egindako lana da, Mazkiaranek sutsuki sinetsi duelako bere proiektuan: “Barruan izan du hasieratik, bestela ezinezkoa da honelako lan bat egitea, inolako laguntzarik gabe”. Adituei egindako elkarrizketak naturaren irudiekin tartekatzen dira filmean, baita etnografia, antropologia, folklorea edota performanceekin ere.
Zentzu anakronikoa du Marik, aurretik aipatu dugun eran, egun ezaguna izaten jarraitzen baitu. Horren erakusle dugu dokumentalak izan duen harrera. Ikus-entzunezkoa iazko azaroan estreinatu bazen ere, Iruñean, hainbat tokitan egindako aurkezpenek arreta bereganatu dute, eta aretoak bete egin dira. Egun, horretan jarraitzen dute. “Marirekin gertatzen dena bitxia da, harritzekoa zer-nolako arreta jaso duen dokumentalak bai eskualde euskaldunetan bai erdaldunetan” diosku Albisuk, “eta hori izugarria da”.
Tribu indoeuroparrak heldu baino lehen, beste gizarte mota bat zegoen. “Oso utopikoa dirudi, edo oso ameslaria, baina oinarria du, eta zenbait teoriak gizarte baketsu eta oparo hori defendatzen dute” dio Mazkiaran zuzendariak.
Boterea emakumeengan haragitzeko ezaugarria gizarte aurreindoeuroparretik dator, eta sinesmen horien lekukotza dira Paleolitikoko Venus ezberdin eta ugariak, Euskal Herrian hasi eta Siberiaraino. Estatua txiki horiek emetasuna gurtzen zuten, baina, ugalkortasunetik harago, bizitza irudikatzen dute, jarraipena eta sormena. “Gure Andereak erraz izan ditzake 30.000 urte baino gehiago” laburbildu du Mazkiaranek.
Yolanda Mazkiaran Zelaia
(Altsasu, 1963)
Yolanda Mazkiaran Irakasle ikasketetan eta Ingeles filologian lizentziaduna da. Londresen bizi izan zen hiru urtez, Beaconsfield Film Schoolen eta BBCn zinema ikasten. Han egin zuen bere lehen film laburra, Etxerik gabeko pertsonak Londonen, 1990eko hamarkadaren hasieran etxegabeen bizitzari buruzkoa. Etxera itzulitakoan, EHUk eta Gasteizko Teknologia Berrien Zentroak antolatutako Zuzendaritza masterra egin zuen. Handik gutxira, kamera bat erosi, eta hainbat proiektu egin zituen bere kasa.