Urkiolatik jaitsiz edo Urkiolarantz joanez gero, hor izango dugu Mañaria herria gure zain: lasaia, isila, Bizkaia eta Araba artean kokapen estrategiko oso egokiarekin. Eta badu beste zerbait, mitiko bezain interesgarria: Hontza Museoa, Bizkaiko Natur Zientzien Museoa. Alessandro Ruta. Argazkiak: Foku.

Evaristo Bustinza Kirikiño intelektual paregabea bizi izan zen etxean dago museoa, eta hamar urte bete berri ditu. 2024an ospatu zuen urteurrena. Iazko azaroan egindako ekitaldian, Durangaldeko hainbat udal, erakunde eta elkartetako ordezkariak batu ziren. Hontza Museoa Fundazioko presidente Enrike Huerta eta museoko zuzendari Leire Huerta anfitrioi, museoaren lana eta erantzukizuna nabarmendu zuten denek ere.
Ospakizunak Hontza Museoaren ibilbidea gogoratzeko balio izan zion Huerta familiari. Izan ere, instalazioak 1987an sortu zituzten, baina beste eraikin batean, ez Kirikiñoren etxean. 2014ko azaroan zabaldu zituen ateak egungo egoitzak. Leire Huertaren hitzetan, "apurka-apurka gure ametsa sortzen joan gara, eta hau lan gogorraren ondorioa da. Gure helburua beti izan da naturak dituen elementuak, aberastasun hori guztia, jendeari erakustea".
Ospakizun ekitaldian, momentu oso esanguratsua bizi izan zen, museoaren lanaren erakusle: Vega Asensiok, EHUko ilustrazio zientifikoko masterreko koordinatzaileak, berak egindako koadro bat oparitu zion Enrike Huertari. "Enrikek beti uzten digu materiala zoologia eskoletarako. Esaterako, aurten hegaztiak landu ditugu, eta ereduak Hontza Museokoak dira", azaldu zuen Asensiok.
leku onean
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean ongi kokatua dago museoa; webguneak jasotzen duen moduan, "Bilbotik 30 bat minutura, Donostiatik 40 bat minutura eta Gasteiztik 25 batera". Behin bertan, arazorik handiena autoa non utzi da, zalantzarik gabe: Mañariko herrigunean dago museoa, eta autoz etorriz gero, oso zaila da aparkatzea. Tira, asko jota, 5 minutuko paseoa da gertuen dagoen aparkalekutik. Gainera, badago beste aukera bat: Durangotik edo Gasteiztik autobusez joatea.
Beste "arazo" bat kokapena bera da, Mañariko errepidea nahiko estua delako eta Hontza Museoa bihurgune batetik oso gertu dagoelako. Horrenbestez, bisitariak ia-ia ez dira ohartzen bertan dagoenik, errotulua ez dutelako ikusten.
Guri ere horixe bera gertatu zaigunez, ordutegiz kanpo sartu gara. Nola? Txirrina joz. Izan ere, museoaren kanpoaldean dauden karteletako batek Txirrina jo dio. Jakina, ez ginen gauerdian gerturatu, baizik eta astearte eguerdi batez, erreserbarik egin gabe. Enrike Huertak berak ireki zigun atea.
Barruan zaudenean, beste mundu batean murgiltzen zara. Sarrera ondoan, jirafa bat nabarmentzen da, ia bere gorputz osoa dago. Usainak ere beste garai batekoa dirudi, objektu zaharrak estimatuak zirenekoa. Museoan, dena da preziatua izateko modukoa, eta bitxia. Esaterako, sarrera ordaindu bitartean (5 euro balio du) albatros bat sumatzen duzu gainean, hegalak zabal-zabalik.
Museo osoa bisitatzeko, ordubete behar da, gutxi gorabehera. Bi solairutan, 45.000 pieza baino gehiago daude; batzuk EHUko Zoologia Sailak emandakoak dira. Besterik gabe, bildumak ikaragarriak dira. Lehen solairuan, batez ere fosilak daude, baina, oro har, biodibertsitateari eskainitako ereserkia da museoa, koloretsua eta, are gehiago, hunkigarria.
Goiko solairuan, fauna da protagonista, eta, nahiz eta eremu txikia izan, ia edozein animalia ikus dezakegu (agian bitxienak ezkutatuta daude, baina ez dizuegu spoilerrik egingo). Batzuk erakusleihoetan dituzte eta beste batzuk disekatuta daude, hala bertako espezieak nola munduaren beste aldekoak. Zoritxarrez, taxidermia bidez tratatutako asko apur bat desegiten ari dira, akaroen eraginagatik.
"Nagusiki hemengo eskolekin egiten dugu lan; goizez etorri ohi dira. Horiez gain, tamalez, ez ditugu bisitari asko, egia esan", aitortu digu Enrike Huertak, ordenagailuan nahiko "hutsik" dagoen egutegia erakutsiz.
Bisita bukatzeko, kutxa batean dagoen ornitorrinko bati egin diogu azken agurra: museo magiko honetako azken miraria.

TOPAKETA BEREZIA ATLANTIKOAN
Arrainak ere protagonista dira Mañariko Hontza Museoan. Arruntak eta/edo bitxiak topa daitezke, besteak beste Deabru Beltza izeneko zapoa. Itsas biologoentzat oso zaila da topatzea, ur sakonetan bizi delako. Hain zuzen, zientzialari batzuek joan den otsailean ikusi zuten halako arrain bat, Tenerifeko (Kanaria uharteak) kostaldetik oso gertu. Ia kasualitatez izan zen, baina emaitza sekulakoa, egun argiz eta ur azalean bistaratu baitzuten. Hala, Deabru Beltz horren argazkiak eta irudiak biralak bihurtu ziren berehala.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.