Italo Calvino idazlea Kuban jaio zen, baina guztiz italiarra zen. Aurten haren jaiotzaren 100. urteurrena da, eta egin zuen lanari buruz hitz egingo dugu. Sustraiak San Remon zituen idazleak hainbat lan ditu euskarara itzulita, besteak beste Bizkonde erdibitua (Elkar, 1989; Iñaki Ugarteburuk euskaratua) eta Marcovaldo edo urtaroak hirian (Ibaizabal, 1992; Koldo Bigurik itzulia). Europako literaturan ezinbesteko protagonista da 1985ean hil zen intelektuala. Alessandro Ruta.
Pin
Calvinoren lehen eleberria Il sentiero dei nidi di ragno (Armiarma habien bidezidorra) da, 1947. urtekoa. Euskaraz ez dago oraingoz, zoritxarrez. Oso autobiografikoa da, II. Mundu Gerrako Italiako erresistentziari buruzkoa, idazlea haren parte izan baitzen. Pin partisano gaztea da, baina liburuan gerra ia ez da agertzen; hau da, istorioak ipuin bat dirudi: armiarmek ez dute habiarik egiten, armiarmen habia leku magikoa da, protagonistak bakarrik ezagutzen duena. Calvino Italiako Alderdi Komunistako (PCI) militantea izan zen, baina Budapesteko 1956ko iraultza eta gero PCI utzi zuen, ez zegoelako ildo ofizialarekin ados. Haustura hura gorabehera, Calvino ezkertiarra izan zen beti.
Marcovaldo
Inozoa, sinplea, apur bat lotsatia. Gizon hau, bere familiarekin batera, sinbolo bat da, batez ere. Marcovaldo edo urtaroak hirian liburuan hura da protagonista, nagusiki supermerkatuaren atalean, agian atal ezagunenetako batean. Orrialde horiek oso poetikoak dira. Laburbilduta, Marcovaldo erosketa egitera doa, baina ez dauka dirurik; hori dela eta, hainbat produktu hartu eta saskian ipiniko ditu. Denda ixterakoan, korrika saiatuko da gauza guztiak itzultzen, baina une berean beste produktu batzuk aukeratuko ditu, etenik gabeko zurrunbiloan. Calvinok erabiltzen duen estiloa oso neorrealista da; Marcovaldo kontsumismoaren ametsean bizi da, baina handik atera behar du, baliabiderik gabeko pertsona delako.
Medardo di Terralba
Bizkonde erdibitua (Il visconte dimezzato) eleberriko protagonista, bi zatitan banatua, noski: alde ona eta alde txarra. I nostri antenati (Gure arbasoak) trilogian, hauxe da bigarren nobela, Il barone rampante-ren (Baroi gorakaria) ondorengoa eta Il cavaliere inesistente-ren (Zaldun hutsala) aurrekoa. Nor da Medardo? Edo zenbat Medardo daude? Hasiera batean, bat: bizkondea gerrara doa eta bataila batean kanoi bola batek noblea joko du. Istripuak bitan banatuko du Medardo, literalki, eta etxera itzuliko dena gizon gaizto eta krudela izango da. Azkenik, bi zatiak berriz elkartuko dira, bizkondea (Marcovaldo bezala) sinbolo bilakatuta. Izan ere, edonoren bizitzan alde argia eta iluna elkarrekin bizi dira, eta biak banantzea kaltegarria izango litzateke.
Palomar
Oso bitxia da hil aurretik Calvinok argitaratu zuen azken eleberria: Palomar (1983). Palomar jaunak mundua ezagutu nahi du, eta "matematikoki" lantzen du: lehenik, begiratu egiten du, eta gero bere elaborazioak eta hausnarketak egiten ditu. Nobelaren kapituluak oso errazak eta arinak dira, egitura berari eutsita. Mundu gero eta zaratatsuagoan, protagonistaren lasaitasuna eta moteltasuna intuizioaren kontrakoak dira, baina, aldi berean, oso eraginkorrak. Finean, Calvinok emandako azken irakaspenak irudikatzen eta betetzen ditu Palomarrek: arintasuna, azkartasuna, zehaztasuna, ikusgarritasuna, aniztasuna eta koherentzia. Azken hauek Lezioni americane. Sei proposte per il prossimo millennio (Ikasgai amerikarrak. Sei proposamen hurrengo milurtekorako) saiakeran daude, idazlearen testamentu literarioan, hain zuzen ere.