Italiako Giroaren hila izango da maiatza, betiko moduan. Ia berrehun txirrindulari joango dira maglia arrosaren, ziklismoaren ikurrik ospetsuenetakoaren, bila. Denak, gizonak (emakumeen Italiako Giroa uztailean izango da). Haatik, 1924an, emakume batek hartu zuen parte lasterketa arrosan, gizonen artean: Alfonsina Strada. Alessandro Ruta.

Pobrezia
Alfonsina Strada 1891n jaio zen, 10 seme-alabako familia oso pobrean. Jaioterriaren izena nahiko deigarria zen: Fossamarcia (Bolonia eta Modena artean); italieraz, putzu ustela. Alfonsinaren gurasoak nekazariak ziren eta oso diru gutxi irabazten zuten. Bazirudien neskaren patua guztiz baldintzatua zegoela, baina Alfonsinak trebetasun bitxia zuen, bizikletaz ibiltzea, hain zuzen. Jostuna zen eta Fossamarciatik Boloniara joaten zen lanera: 70 kilometro egiten zituen egunero. Orduan, gaur egun bezala, Bolonia oso egokia zen txirrindularitzarako. Hala, Alfonsina oso goiz hasi zen lasterketetan parte hartzen eta irabazten, gizonen artean beti.

Morini
Alfonsinaren benetako abizena Morini zen, baina bere bikotekidearenarekin (Luigi Strada) egin zen ezagun. Strada, gainera, errepidea da italieraz. Mekanikaria zen senarra eta 1924. urtean burua galtzen hasi zen. Strada jauna erietxe batean sartu zuten, San Colombano al Lambro-ko ospitalean, eta inoiz ez zen handik atera, garai hartako zainketak oso zorrotzak zirelako. Dena dela, Luigik, justu erietxean sartu aurretik, bizikleta berria oparitu zion Alfonsinari, emaztea motibatzeko: "Ez jaitsi inoiz bizikletatik, ez jaitsi inoiz". Nahiz eta senarra ospitalean izan, Alfonsinak Italiako Giroan parte hartzea erabaki zuen.

Faxismoaren kontra
1924ko Italiako Giroak sekulako arazoak izan zituen txirrindulariekin: laburbilduta, sariei zegokienez ez zegoen batere adostasunik, eta txapeldun handi batzuek ez zuten parte hartu nahi. Lasterketa, noski, ezin zen bertan behera geratu; nola edo hala aurrera jarraitu behar zuen. 72 parte-hartzailek bakarrik eman zuten izena, besteak beste Alfonsin Stradak. Jakina, Alfonsina zen, beltzez jantzita eta gizonezko izenarekin. Antolatzaileekin harreman ona zuenez, modu “diskretuan” parte har zezala erabaki zuten. Gainera, garai hartan, alegia, faxismoaren goraldi betean, emakumeek ezin zuten oro har ezer egin: ama izan edo, faxisten ustez are hobeto, umeak hazi, besterik ez. Beraz, Alfonsina oso kementsua izan zen joeraren kontra egin zuenean.

Helmugaraino
1924ko Giroko sailkapen nagusia begiratuz gero, Alfonsin(a) Stradaren izena ez duzue aurkituko, nahiz eta emakumeak etapa guztiak bukatu zituen. Zortzigarrenean, zoritxarrez, beranduegi iritsi zen helmugara eta, ondorioz, etxera joan beharko zukeen. Hala ere, antolatzaileek erabaki zuten Strada tropelean mantentzea, baina sailkapenetik kanpo. Eta Alfonsina bukaeraraino aritu zen, zailtasunak zailtasun (erorikoak, "madarikatua" eta "puta" irainak jasanez Italiako hegoaldean...). Irabazi zuen oparirik onena Vittorio Emanuele III.a Italiako erregearen eskutik jasotako bost mila lirak izan ziren, sekulako dirutza garai hartan. Alfonsina 1959an zendu zen, Milanen, kale bat eskaini zion hirian. 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.