Aitor Gorospe (Agurain, 1969) mendizaleak duela bospasei urte berreskuratu zuen Aguraingo fraideek antzina Haranako bailarara igotzeko erabiltzen zuten bidezidorra. Horrekin aski ez eta ibilbidean zehar euskal mitologiako pertsonaiak irudikatzen dituzten taillak ezarri eta ezarri ari da ordutik, gero eta ikusmira handiagoa eragiten dutenak. Bisitarien kopurua hazi egin da, eta orain pertsonaien gaineko informazioa txertatzen dihardu, eskuz zein QR kodeak gehituta. Amaia Gartzia Payo. Argazkia: Amaia Gartzia Payo.
INFORMAZIO PANELAK
Mitologiaren inguruan ezjakintasuna nabaritu du Gorospek: “Ezagunenak alde batera utzita, jendeak askotan ez ditu pertsonaiak ezagutzen, eta amorrua ematen dit”. Horri ere konponbidea jarri nahi izan dio. Nola? Bada, QR kodeen bidez. “Alabak eman zidan ideia. Halakoak zituen ibilbide bat egin genuen, Asturiasen, eta gauza bera egin behar nuela esan zidan”.
Lan handia zetorkiola jakin arren, azken hilabeteak horretan eman ditu, pertsonaia bakoitzaren gaineko oinarrizko informazioa eskuz idazten. Horrez gain, kodean bere blogerako lotura ezarri du. “Pertsonaiari buruzko informazio gehiago gehitu dut, baita sortze prozesuaren irudiak ere” azaldu du. Oraingoz, bakarrarekin egin du, Tartalorekin, hain zuzen.
Informazio panelak egiteko, egurrak bildu eta lehortu egiten ditu. Pertsonaia gehiago eransteko asmoa ere badu, Inguma, kasu: “Ingumarekin sei hilabete daramatzat lanean, baina ez nau konbentzitzen. Kontua da pertsonaia hauen gaineko informazioa badugula, baina Tartalo izan ezik, gainerakoak fisikoki nolakoak diren ez dakigu benetan”.