Sanprubusa taberna 2019ko maiatzean ireki zuten Oñati, Bergara eta Arrasate elkartzen diren lekuan. Elorregi auzoan dago, San Prudentzio biribilguneko aparkalekuan, autobus geltokiaren atzean eta Gurutze Gorriaren postuaren ondoan. Jon Mujika Alberdik jarri zuen proiektua martxan, duela sei urte. Orain, berak eta Irene Chohan Madinabeitiak daramate aurrera. M. Egimendi. Argazkia: M. Egimendi.
Sanprubusa ez da ohiko taberna, autobus koloretsua baizik. Mujikak honela azaltzen du zergatik: ”Afari batean, aurreko auzo alkateak aipatu zuen komunak falta zirela hemen. Debagoienako autobus askoren geralekua da hau, baita autoa partekatzen duten bidaiari askorentzako parkinga ere. Nik kafetegia ere falta zela bota nuen, eta neuk jartzeko erantzun zidaten”.
Pentsatu eta egin. Lurra Oñatiko Udalarena denez, eta aparkalekua Gipuzkoako Foru Aldundiarena, bietan baimenak eskatu, Euskotreni autobusa erosi, eta hura kafetegi bihurtzen hasi zen, “poliki-poliki: barrua egokitu, altzariak egin, kanpotik margotu...”. Sei-zortzi hilabete eman zituen Mujikak autobusa moldatzen, baina denbora gehiago joan zitzaion burokrazia kontuetan.
Kafetegia izan arren, Sanprubusak gurpilak ditu eta ibili egiten da (horregatik egin behar izaten du ibilgailuen azterketa teknikoa sei hilabetero), baina ezin da garraio publiko moduan erabili, “hemen ezin dut jenderik eraman”. Aparkalekuan ere ezin dute utzi; hala, egunero ekartzen eta eramaten dute, eta gauean ez dago tabernarik San Prudentzion: “Goizeko 09:00ak aldera etortzen gara (asteburuan, 10:00ak aldera), eta iluntzeko 20:00ak arte edo aritzen gara lanean. Asteartetik igandera, astelehenetan jai”.
Denetik eskaintzen dute, baina “aukera handirik gabe: zerbeza marka bakarra, plantxan presta daitezkeen pintxoak, tortillak...”. Ostiral eta larunbatetan, auzoko baserri bateko ogia ere edukitzen dute salgai, eta gainerako egunetan Zubillaga auzoko okindegi bateko ogia eta opilak: “Ahal dugun guztietan, inguruko produktuak eskaintzen saiatzen gara, eta kafea bidezko merkataritzakoa da”.
Auzotarren elkargunea
Sanprubusak arrakasta izan du, eta hortik bizi dira Mujika eta Chohan. Azkenean, auzoko taberna bihurtu da; izan ere, bidaiariek eskertu dute, bai, baina batez ere auzotarrek eta ondotik pasatzen den bidegorriko ibiltariek: “Lehen, ez zuten elkar ezagutzen, eta hemen izan dute horretarako aukera. Pandemia garaian, herritik irten ezin ginenean, hemengo terrazan elkartzen ziren inguruko herrien artean sakabanatuta bizi diren familiak eta lagunak”. Oñatiko bidaiariek autobus aldaketa egin behar izaten dute askotan San Prudentzion, eta jende askok partekatzen du autoa, norberarena aparkalekuan utzita, “baina horiek beti ibiltzen dira presaka eta ez dira hemen geratzen”.
Autobus barruan, hasieran lau mahai prestatu zituzten arren, orain bi baino ez dituzte: “Pandemia ostetik, jendea ez da barrura asko sartzen, eta atzeko partea orain biltegi moduan daukagu. Gehiena kanpoan zerbitzatzen dugu”. Horretarako, lau mahaiko terraza daukate sarrera aurrean; eta, atzeko aldean, auzolanean egindako egurrezko sei mahai eta aulkiak: “Gainera, Gurutze Gorriko auzokideak oso ondo portatzen dira gurekin, eta euria egiten duenean beren aterpea uzten digute terraza jartzeko. Tarteka ekitaldiren bat antolatzen dugunean, kontzerturen bat edo, orduan ere uzten digute lekua. Artisau azokaren bat egin izan dugu, Sagardo Eguna ere bai, Olentzero Gabonetan... Nahiko ekitaldi inprobisatuak izaten dira, bururatu eta egin”.
Sanprubusa inguruko herrietako ekitaldiren batera eraman izan dute, baina ez dute gehiegi mugitu nahi, ohiko bezeroak ez nahasteko: “Askotan gonbidatzen gaituzte, baina ez gara gehiegi mugitzen. Iaz, adibidez, Bergarako Danbaka musika lehiaketara joan ginen, txosna izateko erraz munta daitekeelako hau, ordu erdian. Halere, hemen egoteko pentsatu zen eta hemen ibiltzen gara”.
HORNIKUNTZA
Sanprubusa tabernak eguzki plaken bitartez lortzen du argindarra. Udan, nahikoa dute horrekin; neguan, ordea, gehiago behar dutenez, Gurutze Gorrikoek entxufea erabiltzen uzten diete: “Oso ondo konpontzen gara haiekin, inoiz ez digute ezertarako trabarik jarri eta elkarri laguntzen diogu”. Gainera, Sanprubusak urarentzako depositua ere badauka, baita ur zikinena ere. Komuna, berriz, duela gutxi lortu da San Prudentzio biribilgunean. Taberna ireki aurreko eskaera da, “duela 10 urte eskatu zen ofizialki lehen aldiz, bus geltokia jarri zenean, baina oraintxe ipini dute, markesina berriarekin batera, nahiz eta oraindik itxita dagoen. Kostata izan bada ere, oso polita geratu dela aitortu beharra dago” dio Mujikak. Azken batean, beraiek dioten moduan, “zenbat eta gehiago txukundu inguru guztia, denontzat hobe”.