Azken aldatsa eta etxera
Perretxikotara joan eta altxor bat aurkitu. Ipuin baten hasiera izan zitekeen, baina horixe gertatu zitzaion Araia (Araba) inguruko auzokide bati, Aratz mendiaren inguruetan zebilela. Eta ez edozein pieza: zer eta duela hogei bat urte desagertutako Araba eskultura, hain zuzen, Nestor Basterretxea eskultore bermeotarrarena. Esti Lanao. Argazkia: Esti Lanao.
Duela hiru urteko maiatzeko goiz batean, Aritz Albisu ziza bila atera zen Aratz mendira. Gipuzkoako aldetik igotzen ari zen eta, tontorretik gertu zegoela, metro gutxi batzuetara burdinazko objektu bitxi bat ikusi zuen harkaitz zirriztu batean. Itxuragatik, dioenez, “hildakoen oroigarri horietako baten antza” hartu zion eta, inskripzioren bat topatzeko asmoz, osorik aztertu zuen, alferrik.
Garrantzi handirik eman ez bazion ere, etxera bueltatu baino lehen argazki pare bat egin zion. Handik egun batzuetara, bikotekideari erakustea otu zitzaion eta hark segituan antzeman zuen balio handiko gauza zela: “Emaztea Araiakoa da, eta eskultura ezaguna egin zitzaion, bazekielako Aratzen gailurrean halako zerbait egon omen zela, desagertu zen arte”. Lagunei bidali zizkieten irudiak; batek baino gehiagok ezagutu eta konfirmatu zuten Basterretxearen Araba eskultura zela. Eskutik eskura, bueltan-bueltan, Txelo Asurmendiren (Araiako alkatea) telefonora iritsi zen. Hark ere ezagutzen zuen artelana, eta Basterretxearen semeari bidali zion irudia, egilea bere aita zela baiezta zedin.
Bien bitartean, Albisuk kontatzen duenaren arabera, herriko aguazila izan zenak pieza menditik jaitsi behar zela esan zuen: “Antza denez, bere garaian eskultura jartzen parte hartu zuen, beste herritar batzuekin batera. Aurkitzeak kristoren ilusioa egingo zion edo, eta menditik jaisteko eskatu zuen, argudiatuta ez zegoela han uzterik eta oso baliotsua zela”.
Martxan jarri ziren eta, basozainen laguntzaz, Araiara jaitsi zuten, oso modu bitxian. Izan ere, figurak burdinazko bi tutu zituen: “Ez genekien ziur zertarako izango ziren, baina guk eskultura patata zaku batean sartzeko, lotzeko eta zintzilik eramateko baliatu genituen”. Asurmendik ere gogoan du unea: “Artelanari esku ohe gisara heldu ziotenez, erreskateak prozesioa zirudien”. Herrira iritsitakoan, udaletxeko areto batera igo zuten eta handik egun batzuetara Gorka Basterretxea (Nestor Basterretxearen semea) etorri zen. Hark ikusi zuen eskulturak ertz batean Nestorren inizialak zituela: N. B.
Senideek oso hunkituta jaso zuten berri ona. Artelana oso garrantzitsua zen haientzat, eta ez zuten uste horrenbeste urteren ostean agertuko zenik. “Aitak oso pozik eta gogoz abiatutako proiektua izan zen, eta desagertu zenean haren lan guztia pikutara joan zen. Hori oso gauza tristea izan zen”, dio eskultorearen semeak. Horregatik, oso esker oneko sentitzen dira pieza berreskuratu izanagatik.
Birkokatze prozesu osoan parte hartu du Gorka Basterretxeak, baita zaharberritzean ere: “Hortxe ibili naiz Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin eskultura konpondu ala ez eztabaidatzen eta erabakiak hartzen”. Oso eroso aritu da, oso gertuko tratua jaso duelako bi erakundeetatik. Bidea, haatik, ez da samurra izan: piezaren forma leheneratzea lan handia zen, kolpeak zirela eta. Azkenean, zaharberritzea erabaki zuten eta aurkitu zuteneko itxurari eutsi zioten: “Urratuak ere eskulturaren historiaren parte dira, eta garrantzitsua iruditu zitzaigun ez desagerraraztea, haren bizitza ere badirelako”.
Era berean, Araian bertan geratzea adostu zuten Udalak eta senideek: “Araba jada ez da gure familiarena, herriarena baizik”, horixe izan baita bere etxea azken mende laurdenean. Hortaz, ikusi ahal izateko eta gozatzeko aukera ematen duen leku batean hartu du tokia, hirigunetik gertu. Azarotik, Araiako Santsaerreka eta Ilarduiabide kaleen elkargunean dago, eta Aratz mendiaren tontorrarekiko lotura bisualari eta sinbolikoari eusten dio. Garai bateko zentzua, esentzia eta helburua izaten jarraitzea nahi izan dute kokapen horrekin, Basterretxeak adierazi duenez. Izan ere, “aitak bere momentuan Arabako Lautada aukeratu zuen eskultura jartzeko, Gipuzkoa, Araba bera eta Nafarroa, hiru herrialde, batzen dituelako. Beraz, halaxe jarraitu behar zuen”.
OZTOPOEN GAINETIK, ARATZEN
Araba brontzezko erreplika bat da, artista bizkaitarrak izenpetua. Jatorrizkoa 1962an sortu zuen, zurez, eta trilogia osatzen du Bizkaia eta Gipuzkoa izeneko beste bi lanekin. Txelo Asurmendik azaldu duenez, artelana “90eko hamarkadako proiektu baten parte zen. Euskal Artearen Museoa sortzeko planteamendua egin zuten eta egoitza Araian kokatu nahi omen zuten”. Ekintzetako bat zen Euskal Herriko mendi adierazgarrietako batzuen gailurretan eskultura pieza bana jartzea. Euskal Mendi Federazioak, ordea, txosten bat egin zuen mendien gailurretan lehendik zeudenak baino elementu gehiago ez egoteko eta, ondorioz, proiektuak ez zuen aurrera egin. Hala ere, hainbat egilek (batez ere margolariak eta eskultoreak) beren obra laga zuten, tartean Nestor Basterretxeak. Federazioaren txostena kontrakoa izan arren, eskultura Aratz mendiaren gailurrean kokatu zuten, alegia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeek bat egiten duten tokian. Bertan 5-6 urte eman ondoren, desagertu egin zen.