San Lorenzo eta euskaldunak: idoloak Argentinan
Euskal Herrian, futbolaren arrakasta eta garrantzia eztabaidaezinak dira. Tokiko taldeen lorpenak oso ezagunak dira, baina Euskal Herriko jokalariek Hego Amerikan utzitako arrastoa ez horrenbeste. Marcos Tedin. Argazkia: Marcos Tedin.
Munduan zehar eta arlo ugaritan, euskaldunek arrasto handia utzi dute. Hego Amerikan, batez ere, euskal eragina edonon dago agerian: izenetan, janarian, politikan… baita kirolean ere. Futbola da kontinente horretan jarraitzaile gehien duen kirola. Britaniarrek eraman zuten hara XIX. mendearen amaieran, eta, urte batzuk geroago, Brasil, Argentina eta Uruguai munduko txapeldunak izan dira, behin baino gehiagotan, gainera. Gaur egun, futbolari hegoamerikarrek munduko talderik onenetan jokatzen dute, eta ikono bihurtu dira nazioarteko zaleentzat.
Argentinako Selekzioak 2022ko Munduko Txapelketa irabazi zuen, eta, horri esker, esan liteke munduko talderik onena dela gaur egun. Herrialde horretan, futbola pasio handiz bizi da, kaleek hala erakusten dute: elkarrizketak, iragarkiak, muralak… futbola edonon dago. Bertako talderik arrakastatsuenak XX. mendearen hasieran sortu ziren, eta euskaldunek izan zuten horietako zenbaitetan jokatzeko eta arrastoa uzteko aukera.
San Lorenzo kluba Buenos Airesko Boedo auzoan sortu zen, 1908ko apirilean. Denbora igaro ahala, bazkide kopuruari eta kirol lorpenei esker, Argentinako bost talde handietakoa bihurtu zen, Boca, River, Racing eta Independienterekin batera. Bada, San Lorenzon, bereziki, euskaldunek itzal handia utzi zuten. Angel Zubieta eta Isidro Langara (Euskal Herrian jaioak), eta Pedro Bidegain (euskaldunen semea), San Lorenzoko idoloak dira. Boedo auzoan haien omenez egindako muralak, horren erakusle.
Angel Zubieta Galdakaon jaio zen, 1918ko uztailaren 17an. Athleticen erdilari aritu ondoren, eta Euskal Herritik alde egin behar izanda, bira bat egin zuen munduan zehar Euzkadiko Selekzioarekin. Mexikon jokatu zuen eta, 1939an, Argentinara heldu zen. Bertan, San Lorenzoren kamiseta urdin eta gorria jantzi zuen, eta hamahiru urtean ez zuen erantzi. Erdilariak 352 partida jokatu, 29 gol sartu eta hiru txapelketa irabazi zituen Boedoko taldearekin. Auzokoek mural bat eskaini zioten omentzeko, “futbolari bikaina eta are pertsona bikainagoa izateagatik”.
Zaleek eta Zubietak elkar maite zuten. Oso harreman berezia izan zuen klubarekin, eta, horregatik, batzordeak opari berezi bat eskaini zion: lagunarteko partida, Galdakaon, bertako taldearen aurka. 1946an, San Lorenzo Europara etorri eta kontinenteko talderik onenekin lehiatu zen, besteak beste Espainiako eta Portugaleko selekzio- ekin. Garai hartan, kazetariak liluratuta geratu ziren argentinarren futbolean jokatzeko estiloarekin.
2011n, El Gráfico kirol aldizkariak San Lorenzoren 100 idolo edizio berezia kaleratu zuen, non Angel Zubietaren istorioa aipatu zuen: “Erdilari honek San Lorenzorekin izan zuen harremana amodiozko istorioa izan zen, zalantzarik gabe. Boedo bere etxe bihurtu zuen”. Horrez gain, badaude Euskal Herriko hainbat abizen idoloen zerrenda horretan: Irusta, Arrieta, Carricaberry, Chazarreta, Zabaleta, Langara…
Isidro Langara pasaitarra zen. 1912ko maiatzaren 25ean jaioa, Oviedon eta Mexikon jokatu zuen 1939an Argentinara heldu baino lehen. San Lorenzon Angel Zubietaren eskutik iritsi zen. Izan ere, galdakaoztarrak aholkatu zion Boedoko taldean jokatzea, eta, hasiera-hasieratik, ibilbide oparoa egin zuen talde urdin-gorrian. “Itsasontziz etorri zen golegile amorratua eta, egun berean, lau gol egin zizkion Riverri, lehenengo zatian” gogoratu du aipatu kirol aldizkariak: “Golak bilatu eta aurkitu ere aurkitzen zituen”.
Gipuzkoarrak ere badauka mural bat bere omenez Boedoko kaleetan. Jokalariak, ikurrinak eta Picassoren Gernika margolanak osatzen dute omenaldia.
Pedro Bidegain Argentinako hiriburuan jaio zen, 1887ko irailaren 20an. Gurasoak, Juan Bidegain eta Maria Marco, Ipar Euskal Herrikoak zituen. XIX. mendean Entre Rios probintziara emigratu, eta 10 seme-alaba izan zituzten. Buenos Airesen jaio zen bakarra Pedro izan zen. Trenbideetako langilea izan zen hasiera batean, baina gazterik politikan aritu zen. Boedo auzoarekin eta San Lorenzorekin lan handia egin zuen: berari esker lortu zituen klubak aurreneko estadioa, El Gasómetro, egiteko lurrak.
1979an, diktadura militarraren aginduz, San Lorenzok Boedoko futbol zelai hori utzi egin behar izan zuen. Hamalau urte geroago, 1993an, beste bat estreinatu eta Pedro Bidegain izendatu zuen. 1928tik 1930era San Lorenzoko presidentea izan zenaren omenez mural bat egin zuten 2013an, baina 2023an kendu egin behar izan zuten, eraikin berriak egiteko.
ESANGURATSUENAK
Jokalari argentinar ugarik dute euskal jatorria. Esanguratsuenak, akaso, Julio Olarticoechea, Jorge Burruchaga eta Nicolás Otamendi dira. Hirurak ere munduko txapeldunak: lehenengo biak 1986an eta hirugarrena 2022an. Baina badaude askoz gehiago: Rodolfo Arruabarrena, Boca Juniorseko jokalari eta entrenatzaile ohia; Juan Manuel Asconzabal, Argentinako lehenengo mailako hainbat taldetan ibilia; eta Ezequiel Garay eta Pablo Zabaleta, munduko txapeldunordeak.