Nafarroa Behereari boza ematen
Berrogei urte bete ditu Irulegiko irratiak aurten. Proiektua 1981ean abiatu zuten Baigorri eta Donibane Garazi inguruko gazte batzuek. Helburu argia zuten: tokiko errealitatea islatu eta euskara zabalduko zuen hedabidea sortzea. Dagoeneko, ibilbide luzea egin du irrati honek, baserri bateko logela batean lehen estudioa eraiki zutenetik: hainbat langile, dozenaka laguntzaile, Ipar Euskal Herriko euskal irratien federazioa… Nafarroa Behereko errealitatea kontatzetik lurraldeko errealitatearen parte izatera igaro da Irulegiko irratia. Inhar Iraizotz. Argazkiak: Inhar Iraizotz.
Irulegiko irratiak 1981ean abiatu zuen bere ibilbidea. Garai nahasiak ziren, orduan, Euskal Herrian. Gatazka sozialek eztanda egin zuten, eta horren harira nazio zapalkuntzari buruzko kontzientzia gorpuztu zen. Euskal Pizkundea mende bat lehenago abiatua zen, baina 1936ko gerrak errotik moztu zuen euskal hizkuntza eta ondarea berreskuratzeko mugimendua. Haatik, belaunaldi berri bat abiatua zen 70eko hamarkadatik aitzina, bereziki pizkunde sozial eta kulturalari segida emateko. Alabaina, ez zen euskara hutsean ari zen hedabiderik, eta euskararen erabilera apaltzen ari zen. Estatuaren mendeko hedabideek Parisko berriak hurbiltzen zituzten etxe txokora, bertako gertakariak arrotz bilakatuta.
Euskara, sukaldetik uhinetara
Aitzindariek bazuten nolabaiteko esperientzia lehenagotik. Bordeleko Unibertsitatean, irrati pirata bat sortu zuten, eta Jojo Bidart (Baigorri, 1956) gaztea haien adiskidea zen. Han ikusi zuen irrati bat teknikoki egitea posible zela, baina, haren hitzetan, egiazki Radio Adour-Navarren parte hartuz konturatu zen, baita besteak ere, irratiak zer inpaktu zuen herritarrengan: “Orduan ohartu ginen euskarazko irrati bat beharrezkoa zela, euskararen mesederako sekulako tresna izaten ahal zela”. Bidartek dioenez, hastapenean bi xede zituzten: “Batetik, euskaraz eginen zuen irrati bat sortzea, eta, bestetik, Ipar Euskal Herriko barnealdeko tokiko gaurkotasunaren berri ematea”. Horrela, urte hartan berean, talde bat Irulegiko Menta etxaldean biltzen hasi zen, eta, handik gutxira, estudioa plantatu zuten etxeko ganbera batean.
Hasieran, urteetako zapalkuntza linguistikoaren ondorioz, euskara sukalde txokoetan baztertua zen. Hala, jendeak uste zuen “gai garrantzitsuak” euskaraz adieraztea ezinezkoa zela. Luxi Oxandabaratz irratiaren sortzaileetakoaren hitzetan, “etxeko kontuak alde batera utzita, bestelako gauzez mintzatzeko frantsesa erabili behar zela uste genuen. Baina irratiak erakutsi zigun edozertaz, preseski, mintzatzen ahal ginela euskaraz”. Era berean, euskararen isolamendua haustea erdietsi zuten. Bidartek dioenez, “euskaldunon arteko lotura egin zuen irratiak”. Sukaldeak, arditegiak, lantegiak… euskararen gune ziren horiek batu zituen, eta hiztun komunitatea trinkotu.
Sostengu bila
Egitasmoa abian zen, laguntzaileak hor ziren, langileak emendatuz zihoazen… eta entzuleak belarriak beti adi ziren. Baina bultzada ekonomikoaren beharra ere bazegoen, Oxandabaratzen arabera: “Ez zen dirurik nehon, baina hastapenetik argi genuen ez genuela nahi baliabide edo sos eskasak gure dinamika baldintzatzea”. Irratiaren iraupena bermatzeko, bi ekimen nagusi abiatu zituzten, gaur arte iraun dutenak: urteroko diru biltze kanpaina eta EHZ festibala.
Lehena 1988an jarri zuten martxan, eta, noski, badago istorio bat horren gibelean. Lehenago, irratia Jara mendiaren hegalean zegoen, baina, hedadura handitzeko, gailurrera eraman zuten. Igorgailua gordetzeko etxola ez zutenez bukatua, Renault 4 baten barnean gorde zuten. Baina gau batez… desagertu egin zen. Urdinez jantzitako gizon batzuek lapurtu omen zuten, ondoko herritarren arabera. Jojo Bidartek kontatu digunez, “materiala berritu behar genuenez, kanpaina abiatu genuen, inauteri garaia zela baliatuta. Gazteak etxez etxe janaria biltzeko eskean joaten ziren bezala, gu diru eske ibili ginen herriz herri”. Urtebeteren buruan, irratia Irulegiko Menta baserritik Donibane Garazira lekualdatu zen.
EHZ festibalak, berriz, sostengu ekonomikoa ez ezik, eragin kultural garrantzitsua ere izan zuen Nafarroa Beherean, Euskal Herriko lehen jaialdia izan baitzen. Populu gutxituen alde eta World Company-ren kontra zioen afixak.
Urteekin, proiektuak profesionalizatzeko bidea hartu zuen. Gibelean gelditu ziren arditegi batetik egindako irratsaioak. Hedabide txikiek erronka berriak dituzte: komunikabideen kontzentrazioa, digitalizazioa, sarea eta abar. Dena den, egitasmoak beharren arabera garatzen segituko du, euskaraz eta independentziaz informatzeko asmoz, Urepeletik Donapaleura, Aiherratik Donaixtira eta Donibane Garazitik Ipar Euskal Herri osora.
Batasuna da indarra
Irulegiko irratia, Gure irratia eta Xiberoko Botza urte berean sortu ziren, zein bere aldetik, baina elkarri begira, jakina. Urtetik urtera lankidetzan aritu ondotik, 1997an beren elkarlana formalizatu eta Euskal Irratien Federakuntza sortu zuten. Egun, programazioaren % 80 ekoizten dute elkarrekin, eta gainerako % 20a tokiko edukiarekin osatzen du irrati bakoitzak. Gainera, 2001ean, Antxeta irratia sortu zen Lapurdiko hegoaldean; eta 2018an, Amikuzeko irratia.