Iragan udan, Unión Tutera kirol talde herrikoia sortu zen Erriberan. Kirola oinarri hartuta, euskararen normalizazioa bultzatu nahi dute Ebro ibaiaren lurretan, baita genero berdintasuna, sexu aniztasuna, memoria historikoa eta kultur inklusioa ere. Mutilen futbol talde eta nesken areto futbol talde banarekin egin dute salto zelaira. Arkaitz Almortza Muro.

Partida ez da makala izango. Aurkariak, tamalez, oso indartsuak dira, eta azkenaldian are indartsuagoak bilakatu dira. Unión Tuterako neska-mutilak, baina, gogotsu daude haiei kirolaren bitartez aurre egiteko. Euskararen kontrako mamuak, matxismoa, LGTBfobia, arrazakeria edota xenofobia dituzte lehiakide. Norgehiagoka hasia da Nafarroako Erriberan.
Kirolaren bitartez, euskararen normalizazioa bultzatu nahi dute Euskararen Legeak bidegabeki zokoratutako eremuan. Beñat Jusue (Tutera, 1998) proiektuaren sustatzaileetako bat da: “Gaur egun, hesi bat dago, ikusezina, eta jendea ez da gerturatzen euskararekin zerikusia duten gauza askotara. Horrexegatik behar genuen honelako proiektu bat, erdal munduan sartuko dena... euskarari fobiarik ez diotenen artean, behintzat. Futbolak egundoko aukerak ematen ditu. Gure ustez, euskarari laguntzeko, ez dakitenenganako zubiak eraikitzeko moduak bilatu behar ditugu” iritzi dio.
Euskararen egoera ez da batere samurra Tuteran. Eremua “ez euskalduntzat” jo zuen 1986ko Euskararen Legeak, eta, harrezkero Nafarroa osoan normalizazioaren aldeko hamaika oihu eta aldarrikapen egin diren arren, Gobernuak entzungor egiten jarraitzen du. Halere, zailtasunak zailtasun, lur idorretan hainbat lore jaio dira 80ko hamarralditik hona: Argia ikastolan, haurrek euskaraz ikas dezakete; AEK-k euskara eskolak ematen ditu Erriberan, edo Hizkuntza Eskolan ere ikas daiteke; gizarte mailan, euskal komunitate aktiboa bizi da hiriburuan... Unión Tutera beste landare bat izango da: “Argi dugu futbol talde batekin ez dugula Erribera euskaldunduko, baina bai euskararen ezagutza bultzatzeko aurrerapauso batzuk egitea lortuko” azpimarratu du. AEK-rekin hitzarmena sinatu dute, jokalariek euskara eskolak jaso ditzaten.
Euskararen normalizazioa dute bihotzean, eta herri izaera zainetan. Kirolaren bitartez gizarte anitzagoa eraikitzea dute amets. Juan Zardoya (Tutera, 1992) gazteak azaldu digunez, futbol herrikoiak nortasun menderakaitza du, eta inguruko bidegabekeriei aurre egiten die. Hala, beren proiektuarekin hirian dauden aldarrikapenen eta borroka sozialen bozgorailua izan nahi dute. Neskek lehenengo partida jokatu zutenean, esaterako, Larragako taldearen aurka egin zuten, eta Maravillas Lambertoren aldeko pankarta atera zuten, memoria historikoaren aldeko borrokari keinu eginda. “Taldea sortu genuenean, kode etiko bat idatzi genuen euskararen alde, arrazakeriaren edota homofobiaren kontra, eta jokalariek, gure taldean jokatu nahi badute, onartu egin behar dute” nabarmendu du. “Halaber, harmailetan ez dugu inolako jarrera diskriminatzailerik onartzen” erantsi du.
Herri izaera taldearen balioez harago doa. Jusueren eta Zardoyaren esanetan, egungo futbol eredutik aldendu nahi dute, izaera sozial eta parte-hartzaileko taldea eraikitzeko. Horrenbestez, bazkideek (90 inguru dagoeneko) kuota ordaindu eta diru ekarpen horrekin ateratzen dute taldea aurrera. Lan egiteko modua batzarren bidezkoa da.
Lehen sustraiak
Duela bi urte landatu zuten lehen hazia, pandemia tarteko. “Taberna giroan sortu zen proiektua, lagunen arteko elkarrizketa batean, alegia; gerora, jendea erakartzen hasi ginen, ilusio handiz” dio irribarretsu Zardoyak. “Tuteran futbolarekiko zaletasun handia dago, eta hirian bizi dugun testuinguru soziopolitikoa kontuan hartuta, aukera polita iruditu zitzaigun gizartea eraldatzen hasteko”. Geroago, Agerraldiak 3.000 euroko diru ekarpena egin zuen, eta udaran 5.000 euro inguru lortu zituzten Itsulapikoa.eus atarian, crowdfunding bidez.
Landarea poliki-poliki hazten ari da. Hastapenetan, mutilen futbol taldea osatu zuten; gerora, 5-6 neska hurbildu, eta areto futbol taldea osatzea lortu zuten. Hala, Unión Tuterak bi talderekin egin du salto lehen aldiz kirol profesionalaren zelaira. “Oso pozik gaude. Asko lehen aldiz jokatzen ari dira talde batean, eta jokalarien arteko giroa aparta da. Guretzat hori da garrantzitsuena, emaitzez harago” dio Zardoyak.
Taldea aurkeztu zutenetik hainbat hilabete igarota, Unión Tuteraren izena ahoz aho dabil jada Ebro ibaiko lurraldeen hiriburuan. “Gero eta jende gehiagok egiten du bat gure proiektuarekin; pertsona horietako asko, gainera, euskararen aldeko aldarrikapenetatik urrun bizi ziren, eta hori oso pozgarria da” dio Zardoyak.

KOLOREAK horia eta berdea dira: batetik, Bardea irudikatu nahi izan dute; bestetik, Erriberako baratzeak eta euskara.
Taldearen ezkutuak hirian zegoen iturri bat irudikatzen du. Bere garaian, ikurra izan zen, baina duela urte batzuk lapurtu egin zuten. Ekimeneko kideek historia aldarrikatu nahi dute.
Taldearen izenean bi hizkuntzak bildu nahi zituzten: Unión, batasuna, zentzu guztietan batu direlako, eta Tutera hiriaren izendapen euskalduna sozializatzeko.

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.