Giro ezin hobean
Tipi-tapa, plisti-plasta, mara-mara... modu askotan ibili da 22. Korrika. Euripean, elurpean, txingorpean, eguzkipean... Era askotako eguraldiak igaro ditu, baita askotariko giroak ere: euskarak euskararen herrian bizi dituenak adina. Euskararekin hotz jokatzen baitute zenbaitek oraindik ere, ahobero beste batzuek, eta euskara aditzean kopeta belzten dutenak ere ez dira falta. Halere, gaueko izotzak, euri jasak eta eguzki galdatan urtutako errepideak gorabehera, berotasunez igaro ditu giro horiek guztiak 22. Korrikak, jendearen ezinbesteko laguntza, babes eta indarrarekin. Karmele Jaiok amaierako mezuan esan bezala, dardara, arnasestu eta izerdi artean hitza elkarri pasatuz. Elkarrekin, elkarlanean, erakutsiz hizkuntza bat ez dela hitzekin bakarrik egiten, hitzekin eta gorputzekin baizik. Erakutsiz euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik. Jarrai dezagun izaten.