Gasteizko Eguzkilore Dantza Taldea Boli Kostan (Afrika) izan da, Aste Santuko egunetan dantza truke batean parte hartzen. Euskal dantzak eta hangoak uztartzeko aukera izan dute, kultur senidetze oso berezian. Esti Lanao. Argazkiak: Eguzkilore Dantza Taldea.

Baliteke herrialde bat ezagutzeko modurik onena haren kulturari erreparatzea izatea. Nolakoa den hango bizimodua, zein ohitura dituzten herritarrek, haien balioak, sinesmenak… eta bai, dantza ere bai. Dantza fenomeno unibertsala da, gizarte eta kultura guztietan dago. Erakustaldia ez ezik, sormen eta arte prozesua ere bada, eta, arte guztiak bezala, gizartearekin eta kultura bakoitzarekin batera garatzen da. Hain zuzen, horiek ezagutzen ditugunean ikus dezakegu zenbat modutan, eta zein desberdinetan, adierazi ahal dugun geure burua gorputzaren mugimenduen bidez. Eta, batek daki, zerbait komuna ere topa dezakegu.
Hain zuzen, elkar ezagutzeko asmoz hartu zuten Gasteizko Eguzkilore Dantza Taldeko kideek Afrikarako bidea apirilean, tartean lerroon idazleak. Ez da izan taldeak dantza truke batean parte hartu duen lehen aldia, maiz izan baita bai Euskal Herrian bai kanpoan, baina Boli Kostan ez, orain arte.
Proiektuan parte hartzeko aukera, zehazki Bingerville herrian, Davy Dav’Kingston artista eta kantariaren eskutik iritsi zen. Dav’Kingstonek Gasteizen eta Bingervilleren arteko senidetze proiektua proposatu zuen, musikaren, dantzaren eta artearen bidez bi kulturen arteko zubiak eraikitzeko helburuz. Horretarako, Tamara Zamora Eguzkiloreko dantza irakaslearekin elkarlanean hasi zen: “Beste talde batzuetan ere parte hartzen dut, Harresian Zulo taldean, kasu. Horko beste kide batek, Badouk, Davyrekin harremanetan jarri ninduen eta hortik aurrera hasi zen Eguzkiloreren bidaia”.
Ederki hartu zuten bai Zamorak bai taldekideek ekimena: “Hasiera-hasieratik poztu gintuen asko ideiak. Abagune paregabea da gure dantza tradizionalak testuinguru guztiz ezberdinean partekatzeko eta, aldi berean, beste kultur adierazpen batzuk hurbiletik ezagutzeko”. Are gehiago, taldearen ustez, “bidaia hau urrats garrantzitsua izan da gure ibilbidean: gure kultura gure mugetatik harago eramateaz gain, taldeari esperientzia humano eta artistiko oso aberasgarria eskaini dio”.
Entsegu bereziak otsailean hasita, prestakuntzak bi hilabete iraun zuen. Askotariko dantzak landu genituen denbora horretan: agurra, Gasteizko zortzikoa eta banakoa, zinta dantza, txotxongiloa eta Tanparrantan. Noski, fandangoa eta arin-arina ere ezin ziren falta.
Dantza eta gehiago
Konturatu gabe iritsi zitzaigun Boli Kostara abiatzeko unea. Ilusioz gainezka, egun biziak izan ziren taldekideontzat. Bingervillera heldu orduko, Davy zain genuen, eta lehen egunetan herria eta inguruak ezagutu ahal izan genituen. Ondoren, telebistan elkarrizketa egin ziguten eta haiek erakustaldia eskaini zuten.
Hasierako konpromiso guztiak amaituta, ekitaldi nagusiaren txanda heldu zen. Bingervilleko kultur areto batean, tokiko jendea eta agintariak bildu ziren emanaldia ikusteko. Lehenengo, Akwè Djemin izeneko taldea atera zen oholtzara, bertakoa, eta txaloak eta irribarreak izan ziren nagusi. Dantzan eta kantuan aritu zen, publikoak animatzen zuen bitartean. Zaila da han bizi izandakoa hitz soilekin azaltzea, baina benetan ikusgarria izan zen, batez ere musika eta dantza nola bizi duten ikustea.
Eguzkiloreren txanda iritsi zenean, sentipen hori ez zen aldatu, eta publikoaren erantzuna ezin hobea izan zen: harridura eta alaitasun oihuak besterik ez zegoen ikusleen artean. Oilo ipurdia jartzeko modukoa izan zen. Guretzat hain arruntak edo ohikoak diren mugimenduak edo jauziak sorpresaz ikusten zituzten. Auskalo zergatik, baliteke beren dantzetan antzekotasunak topatzea.
Unerik zirraragarrienetakoa erakustaldiaren ostean iritsi zitzaigun. Zamorak dioen moduan, “haurrekin eta partaideekin inprobisatutako dantza plaza egin genuen eta denak animatu ziren gure dantzak ikastera, gogo handiz animatu ere. Hori izan zen, zalantzarik gabe, benetako kultur senidetzea: denok elkarrekin nahasita, gure dantzak eta haienak partekatzea eta uztartzea”.

OSO ABERASGARRIA
Dantza taldeak oso positiboki baloratu du esperientzia: “Alderdi artistiko, humano zein kulturaletik oso aberasgarria izan da”. Antolakuntzari dagokionez ere asko ikasi dugu. Zamoraren hitzetan, “Afrikan, antolatzeko eta pentsatzeko modua oso bestelakoa da, eta hori ulertzea lan handia izan da”. Izan ere, ziurgabetasunei, azken orduko aldaketei eta inprobisazioari egokitzea erronka hutsa izan da, “dena egituratuta eta aurreikusita izateko joera duen kulturatik gatozelako”.
Desberdintasun horiek gorabehera, izugarrizko esperientzia izan da dantzariontzat eta musikarientzat: “Halako jarduerek enpatia, egokitzapena eta errespetua indartzen dituzte, beste balio batzuen artean. Pertsona, artista eta komunitate gisa hazteko aukera aparta dira”. Badakizue zer dioten: dantzatzen duen herria…

 

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.