400 lagun inguru bizi dira Urrotz herrian, eta hiru liburu denda dituzte. Euskal Herrian biztanleko liburu denda gehien dituen herria da. Liburuen hiribildua da, ez bakarrik aipatutako datuarengatik; batez ere, irakurzaleak erakartzeko literaturarekin lotuta egiten dituzten jarduera guztiengatik. Helios del Santo. Argazkiak: Foku.
Iruñetik hogei kilometrora dago Urrotz hiribildua. Lizoainibarren barruan dago geografikoki, baina administratiboki udalerri independentea da. Pirinioaurreko ibarra da Lizoainibar, Eguesibar eta Longida lotzen dituen lautada. Iruñea aipatuta, nabarmendu behar da Nafarroako plazarik handiena, Iruñeko Gazteluko plazaren ondoren, Urrotzen dagoela. Aspaldi, Urrotz bide askoren arteko bidegurutzea izan zen, eta horregatik izan zen oso ezaguna bertan egiten zen azoka. Gaur egun, ordea, liburuek toki handia hartu dute plaza horretan, besteak beste urte osoan hainbat aldiz egiten diren liburu azokak direla eta.
Liburuen hiribildua
Duela lau urte eta erdi sortu zen Liburuen hiribildua proiektua, lehen liburu denda zabaltzearekin batera. Liburuen hiribildua izena, berez, kategoria bat da, literaturarekin loturiko turismoa sustatzen duten herriei aitortzen zaiena. Okerrik ezean, Urrotz da “marka” hori duen Euskal Herriko bakarra.
Herrian hiru liburu denda dituzte: Libros con historia, Ojos de buho eta Amoxtli. Aparta da herri txiki batean liburu denda izatea, botika, iturgina, denda, ile apaindegia, euskaltegia eta jatetxea dauden moduan; Urrotzen, bat ez, hiru daude. Kontu harrigarri gehiago ere baditu: liburu denda horietako bitan, maiz, ez da saltzailerik izaten. Norberak hartu behar du nahi duen liburua, eta lehen orrialdean ikusiko ditu prezioa eta Bizum bidez ordaintzeko telefono zenbakia.
Yoania Torres Luna da egitasmoaren sortzaileetako bat, Javier Garisoainekin batera. Amoxtli arte liburuen dendaren jabea da Torres: “Nire jatorrira eramango ninduen zerbait nahi nuelako aukeratu nuen izen hori”. Torres mexikarra da, eta hango hizkuntza handi eta garrantzitsuenetakoa nhuatla da. Amoxtli hitzak kodize esan nahi du, liburu, hain zuzen ere. Aitortu digunez, jendeak hiru aldiz egin dio alde dendatik ordaindu gabe. Ojos de buho ere, Garisoainek kudeatzen dituen beste bietako bat, sal- tzaile fisikorik gabe egoten da irekita. Torresek dendan ikusgai duten esamoldea erakutsi digu: “Irakurtzen duenak ez du lapurtzen, eta lapurtzen duenak ez du irakurtzen”. Anekdota hori alde batera utzita, jendeak zuzen jokatzen duela nabarmendu du. Erabateko konfiantza dute.
Dendak baino gehiago
Liburu denden kopuruaz harago, liburuekin zein literaturarekin lotuta egiten duten jarduera andanagatik nabarmentzen da Liburuen hiribildua. Torresek dioen moduan, beren lana liburuak saltzea baino gehiago da, zentsurarik gabeko kultura sustatzea ere bada. Horretarako, hamaika jarduera antolatzen dituzte landa eremuan literaturarekin lotutako turismoa bultzatzeko. Besteren artean, letra kontuetan, honako hauek topa daitezke Urrotzen urtero: liburu azokak udaberrian eta udazkenean; errezitaldiak eta liburuen aurkezpenak; bi irakurle talde (historia liburuena bat, Garisoainek gidatua; literatura erotikoarena bestea, Torresek bideratua); liburuak koadernatzeko tailerrak... Gainera, 2025eko udazkenerako Literatur Jaialdia prestatzen ari da Torres.
4 urte eta 5 hilabeteren ostean, harro dio kultura hedatzeko ahaleginak emaitza onak eman dituela, eta, besteak beste, Nafarroaz haragoko jendeak ere ezagutzen duela proiektua. Argi dute herriko biztanleen parte hartzea garrantzitsua dela, baita Udalaren laguntza jasotzea ere. Halere, Torresek zalantza du herrian bertan egitasmo ero hau guztiz ulertzen ote den. Izan ere, aitortu digunez, ezagutzen dituzten antzeko proiektuak administrazio publiko batek sustatutakoak izan dira; Urrotzen, ordea, bi zoro erromantikori esker dago abian.
Nafarroatik kanpoko jendeak Urrotz ezagutzeko ez ezik, urroztarrei beste Liburuen hiribilduak ezagutzeko ere balio izan die ekimenak. Adibidez, iaz antolatutako topaketa bati esker, Calonge Poble de Llibres herriarekin (Girona, Herrialde Katalanak) jarri ziren harremanetan, baita Urueñarekin (Valladolid, Espainia) ere. Azken hori ospetsua egin zen hedabide askotan, taberna baino askoz liburu denda gehiago dituelako. Urrotzen ere usaindu zuten ospea, duela bi urte Navarra Televisión-ek banatzen duen herri eredugarrien saria jaso zuelako herriko alkateak berak. Torresek eta Garisoainek martxan jarritako bide erromantikoa izan zen arrazoi nagusia, jakina.
EUSKARA, ERRONKA
Hasieran aipatu bezala, Urrotzek euskaltegia ere badu, botikaz, tabernaz eta liburu dendez gain. Zehazki, Pirinioetako AEKko talde bat dago bertan, herriko biztanleek euskara eroso ikas dezaten eta euskaraz bizi daitezen. Ausartuko gara esaten ikasle horien esku ere egon daitekeela Liburuen hiribildua egitasmoan euskarazko hitzak orain baino askoz gehiago irakurri ahal izatea.