Eskuz esku, memoria betikotu
Gasteizko Zaramaga auzoko No hay presente ni futuro sin memoria / Egiaren mesede jarrai eta ekin1 horma irudiaren erreplika egiten ari dira azken hilabeteetan. Artelanak 1976ko martxoaren 3ko gertakariak gogoratzen ditu, eta auzoko etxebizitza baten fatxada apaintzen du 2013tik, sarraskiaren2 lekuko izandako eraikinetako batena, hain zuzen ere. Jatorrizkoa ez bezala, mihise3 batean margotzen ari dira, udazkenean amaitzeko asmoz. Esti Lanao. Argazkia: Esti Lanao.
Herriko gertakizun garrantzitsuak ez ahazteko, badugu baliabide piloa. Baina, gertakizun horiei balio berezia erantsi4 nahi badiegu, irudien bidez egin ohi dugu. Are gehiago, irudiok horma irudi bihurtzen ditugu, hirietako zein herrietako txokoak apaintzeko eta bertako historia nabarmentzeko, batik bat.
Gasteizko Zaramaga auzoak asko daki horri buruz. Auzoko zenbait eraikinen fatxadak kolore biziz margotuta daude, eta bakoitzak esanahi berezia eta zehatza du. Horren adibide Nafarroako errege-erreginen kaleko 28. zenbakiko horma irudia dugu: No hay presente ni futuro sin memoria / Egiaren mesede jarrai eta ekin, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiaren omenez egina.
Duela 12 urte margotu zuten, gertakizunen lekuko izan ziren etxebizitzetako batean, eta orain eguneratzen ari dira. Gasteizko Udalak Zaramaga auzoa eraberritzeko plana du martxan eta, besteak beste, eraikin batzuetan energia eraginkortasuna5 hobetzeko lanak egitea aurreikusi du. Tartean, martxoaren 3ko murala duen horretan. Ainhoa Bilbao Bizigarri auzo elkarteko kideak azaldu duenez, “Udalak egingo dituen obren ondorioz, muralak desagertu egingo dira, fatxadak estaliko dituztelako”. Hori jakin zutenean, martxoaren 3ko murala duen erakineko bizilagunek eta auzo elkarteak argi izan zuten artelan hori mantendu egin behar zutela, eta segituan hasi ziren mugitzen: “Veronica Werckmeister artistarekin eta Udalarekin hitz egin eta garrantzitsua dela ulertu zuten, ezin dela galdu; izan ere, Zaramaga eta Gasteiz osoko ondarea da”. Hortaz, Udalak auzoa eraberritzeko proiektuaren aurrekontuaren barruan sartu zuen eta berriz margotzea erabaki zuten. Hala, ekainean hasi ziren jatorrizko artelanaren erreplika mihisean pintatzen, Werckmeisterrek Zaramagan duen tailerrean.
Horma irudiak, baina, moldaketa batzuk behar zituen: “Jatorrizko irudia ez zen sartzen, horma estutu egin delako; beraz, proportzio aldetik egokitu beharra zegoen, eta elementu batzuk mugitu egin behar ziren”. Moldaketa hori egiteko, prozesu partizipatiboa egin zen, hiru saiotan, auzo elkartearekin, Martxoak 3 elkartearekin eta animatu ziren bizilagun guztiekin. “Hainbat gauza proposatu, landu eta eztabaidatu zituzten, eta lehengo horma irudiaren funtsa eta balioak beren horretan jarraitu behar zutela ondorioztatu zuten”, azaldu du Bilbaok. Are gehiago, hasierako balio horiei indar handiagoa eman diete.
Hala, irudi gutxi batzuk besterik ez dute moldatu. Alde batetik, manifestazioen irudi bat jarri dute, garai hartako albiste baten zatiaren ordez: “Egunkariko berria zen, oso puntuala, baina zentzua galdua zuen jada. Trukean, zerbait atenporalagoa jartzea proposatu eta horregatik aukeratu zuten manifestazioarena. Bertan, mezu garrantzitsuena (Contra la impunidad. Justizia, egia, memoria, erreparazioa) eta hildakoen aurpegiak agertzen dira, muralaren zentzua laburbiltzeko oso aproposa”. Horrekin batera, omenaldiaren irudikapena ere agertzen da, eta, gainean, poliziaren elkarrizketen hitzak, berrituta: “Orain arte, esaldiak zintzilik antzean zeuden, arraro gelditzen zen. Zorionez, esaldi horiek biltzen zituen kartela aurkitu dugu azken urteetan eskuratutako dokumentazioaren artean, eta horixe erabili dugu”. Azkenik, langileen ordezkariek hiletan egindako diskurtsoaren atal bat txertatu6 dute.
Ezin uka daiteke horma irudia sinbolismoz josita dagoela. Horren adibide ere badira, besteak beste, artelanaren irudiei eusten dieten txintxetak: “Zazpi dira: bost Gasteizko sarraskian hildako langileengatik eta bi hurrengo egunetako manifestazioetan hildako beste bi pertsonengatik”.
180 metroko mihisea margotzeko, 20 lagun inguru ari dira parte hartzen, baina 40-50 pertsonak agertu dute interesa: “Badago behin bakarrik etortzen den jendea, pintzelkada bakarra emateko. Horretarako besterik ez bada ere, polita da jendearen prestasuna eta konpromisoa ikustea”. Bereziki eman dio atentzioa Bilbaori, gainera, parte hartzaile gehienak emakumeak izaten ari direla.
Tailerreko espazioa mugatua denez, zatika banatu dute margotzeko, puzzle moduan, eta goitik behera egiten hasi dira. Aurreikuspenak aurreikuspen, udazkenean amaitzea espero dute.
HISTORIAZ HARAGO
Gertakarietatik 49 urte joan dira dagoeneko, baina martxoaren 3a Gasteizko langileriaren ikurra da. Hori dela eta, sinbolismo historikoaz harago7 doala uste du Bilbaok: “Indar handia du gai honek; sarraskia giza eskubideen eta lan eskubideen aldeko aldarrikapenaren aurkako erantzun bortitza8 izan zen. Gaur egun, borroka horretan jarraitzen dugu oraindik, eta poliziaren bortizkeria ikusten. Egunerokotasunarekin oso lotura handia du”. Ildo horretan, partaidetza funtsezkoa dela uste du Bilbaok: “Honelako proiektuei esker, apur bat ahaztuta dauden balioak berreskuratzen ditugu: elkarri laguntzea, elkar babestea eta elkarrekin gauzak egitea. Bestela, ezinezkoa da. Bakarka ezin da egin. Baina guztion artean lor dezakegu horrelako gauza ederra”.
1. Ekin: actuar (es), agir (fr).
2. Sarraski: masacre (fr), massacre (fr).
3. Mihise: lienzo (es), toile (fr).
4. Erantsi: gehitu, batu.
5. Eraginkortasun: eficiencia (es), efficience (fr).
6. Txertatu: sartu.
7. -(e)z harago: más allá de (es), au-delà de (fr).
8. Bortitz: biolento, gogor.
