Datorren abenduan, hogei urte beteko dira Lurdes Iriondo kantagile eta idazlea hil zela (Donostia, 1937 - Urnieta, 2005). Urteurrenaren karietara1, Gipuzkoako Foru Aldundiak hilondoko2 Urrezko Domina emango dio. Hala, Iriondok euskal kulturaren suspertzean eta euskararen biziberritzean eta transmisioan egindako funtsezko lana aitortuko du. Emakume sortzaile euskalduna frankismo betean, oztopo ugariri aurre egin zion Iriondok, eta aitzindaria3 izan zen alor askotan, euskal kantagintzari eta haur literaturari ekarpen itzela eginda. Ekarpen oparoa, labur-labur jasotzen saiatuko garena. Eñaut Mitxelena.
Urnieta
Iriondo 1937an jaio zen Donostian, baina zazpi urte zituenean Urnietara joan zen bizitzera familia osoa. Herri hori izan zuen bizileku bizitza osoan, eta hari oso lotua bizi izan zen beti, herritarrekin lan handia eginez: haurrak, emakumeak... Familia dirudunekoa, hamaika neba-arrebetan bigarrena zen Iriondo. Etxean jaso zuen musikarekiko zaletasuna, eta, horrez gain, kantu eta opera ikasketak ere egin zituen gaztetan. Gaztea zela, bihotzeko gaixotasun larri bat antzeman4 zioten eta horrek bizitza osoa baldintzatu zion. Hain zuzen, ebakuntza baten ondoren aitak oparitutako gitarrarekin hasi zen kantuak sortzen. Beti euskaraz, baina hasieran hitzak idazteko laguntzaz: familia euskalduna izan arren, gaztelaniaz alfabetatu zen, eta, ondorioz, euskara berreskuratzeko lan handia egin zuen.
Ez Dok Amairu
Kantari egin zen ezagun Iriondo. Bakarka hasi zuen ibilbidea eta berehala izan zuen sona5: 1964an eman zuen lehen kontzertua jendaurrean, Andoainen, eta 1967an, esaterako, 170 emanaldi eskaini zituen. Ez Dok Amairu kultur mugimendu abangoardistaren (1965-1972) sortzaileetako bat izan zen, baita taldeko idazkaria ere zenbait urtez. Euskal kultura eta kantagintza guztiz azpiratuta6 zeuden garaian, Ez Dok Amairu ezinbestekoa izan zen haiek suspertzeko eta berritzeko. Taldea sortu zenerako, Iriondo aski7 ezaguna zen. Musika ikasketak eta oholtzan esperientzia zituenez, ezinbesteko kidea izan zen mugimendu hartan. Nolanahi ere, urteek aurrera egin ahala, beste kide batzuk ospetsuak egin ziren (Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete...) eta Iriondo itzalean geratu zen. Taldea desegin ostean, zenbait kiderekin eta beste euskal artista batzuekin Zazpiribai taldean aritu zen.
Musikatik harago
Neurri handi batean osasun pattalak baldintzatuta, 1978an eman zuen azken kontzertu ofiziala. Ordura arte, bakarka, taldean, Leterekin... dozena bat disko baino gehiago argitaratu zuen, laburrak zein luzeak. Kantuek, denak euskaraz, eta gero eta konprometituagoak, garaiko arazoak jorratzen zituzten: Ez gaude konforme, Askatasuna zertarako.... Abesti haietako askoren leloak bizi-bizirik dira oraindik ere, garaiko ereserki bilakatutako Ez gaude konforme-rena, kasu: “Gazte gera gazte eta ez gaude konforme...”. Musika utzita ere, euskararen eta euskal kulturaren alde lanean jarraitu zuen, batez ere euskararen transmisioan buru-belarri8. Irakaslea ere izan zen, eta haur literaturan eta antzerkigintzan obra nabarmena utzi zuen. Urnietan, lan handia egin zuen, haurrekin ez ezik, herriko emakume etorkinekin ere, herriko parrokian arituz: abesbatza sortu zuen, antzerki taldea...
Aitortza
Oholtzan ia emakumerik aritzen ez zen garaian, aitzindaria izan zen Iriondo, 60ko eta 70eko hamarkadetan euskal kantagintzako izar nagusietakoa bihurtuta. “Ez Dok Amairuren musa”, “Euskal Herriaren nobia” eta “Euskal Joan Baez” izendatu zuten, esaterako. Haatik, dirdira9 hura itzali egin zen beste artista batzuen itzalean (denak gizonezkoak). Adibidez, askotan, Xabier Lete senarrari lotu zitzaion bere izena, Iriondoren lana eta irudia lausotuta10. Kantagintzatik at ere, euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuen lana estalita geratu izan da sarri. Omenaldirik ez zuela nahi esaten zuen, baina garaiko beste zenbait sortzaileren aldean, ez du merezitako aitorpenik jaso. Bada, Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzeak, Donostiako Zinemaldian aurkeztutako Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak (Inge Mendioroz, 2025), eta antzeko ekimenek alda dezakete joera.
1. -en karietara: dela eta, dela kausa, horren harira.
2. Hilondo: hil osteko, hil eta geroko.
3. Aitzindari: pionero, -a (es), pionnier, -ère (fr).
4. Antzeman: topatu, aurkitu.
5. Sona: ospe, fama.
6. Azpiratuta: zapalduta, besteren mendean.
7. Aski: nahiko, dezente.
8. Buru-belarri: jo eta ke, gelditu gabe, atsedenik hartu gabe.
9. Dirdira: brillo (es), splendeur (fr).
10. Lausotu: aitortu ez, garrantzia eman ez.

 
															 
      
      
    