“Jango zenukete kaka pilula bat?” galdetzen die Celia Morales ikertzaile boluntarioak haurrei Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astean. Urduri, umeak barrez hasten dira, nazka aurpegia jartzen dute edo eskua altxatzen dute, baina Moralesek aurrera jarraitzen du. Laster, txikien sorpresa lilura bilakatzen da. Cristina Penas Lago (AEKren Euskaratu Zerbitzuak itzulia). Argazkia: #SheMentoring.

Gaiari buruzko komiki batekin, pertsona osasuntsuen eginkarietatik bakterio onuragarriak eskuratzen direla azaltzen die Moralesek, kapsulatan sartu eta tratamendu gisa erabiltzeko. Metodo horrek Clostridium difficile bakterioak hestean eragindako infekzio larriak dituzten pazienteei laguntzen die. Horrela, haien mikrobiotaren oreka transplante inbaditzailerik gabe lehenera daiteke.
Orduan, konturatu gabe, haurrek ezohiko zerbait ikusten dute: emakume gazte, zientzialari eta gogotsu bat bere lana modu erraz eta hurbilean, baita dibertigarrian ere, esplikatzen. Horixe da #SheMentoring: kalean topa ditzakezun emakume ikerlariak ekimenak agerian jarri nahi duen erreferente mota. Helburua, zientzia edonoren eskura egotea eta protagonistak emakumeak izatea, edozeini haiekin identifikatuta sentiarazi ahal diotenak.
Emakume gazteak zientzia egiten
Zientzia eta teknologia funtsezkoak izan dira gizateriaren aurrerabidean. Hala ere, gizonak nagusi diren arlotzat jotzen dira oraindik. Historian, andrazkoak esparru horietatik kanpo utzi dira. Gaur egun ere, oso gutxi daude lidergo postuetan, eta zientziaren alorreko sari urrik aitortzen dute haien lana.
Emakumezko erreferenterik ez izateak lorpen zientifikoetarako gaitasunik ez duten ideia elikatzen du. Ondorioz, neskato talentudun askok zientzia ez dute beren etorkizunerako aukeratzat jotzen.
Hori dela eta, #SheMentoring-ek helburu argia dauka: oztopoak desagerraraztea eta zientzia emakume arruntentzat ere badela erakustea. Ekimenaren funtsezko gakoetako bat da profil gazteak lehenesten dituela, frogatzeko ez dagoela zertan Marie Sklodowska-Curie pertsonaia mitikoa izan, adibidez, zientzian aritzeko. Aski da pasioa, jakin-mina eta ekarpenak egiteko gogoa edukitzea.
Inspirazioa ekintza bihurtzen denean
Urtero egiten da deialdia Euskal Herriko Unibertsitateko eta beste ikastegi batzuetako ikertzaileek beren lana ezagutarazteko. Lehenik, sare sozialen bidez, egindako ikerketen argazkiak eta deskribapen sinpleak erakutsiz. Gero, stand batean, Zientziaren Astean edo Ikertzaileen Europako Gauean, non ikastetxeekin eta familiekin hitz egiten duten, baita zientziaz eta eskaintzen dituen lanbide aukerez gehiago jakin nahi dutenekin ere.
Inpaktua benetakoa da: urte batean standean galdezka egon zen neska bat agian hurrengo urtean itzuliko da, jada graduatuta, master bat aukeratzeko orientazio bila. Dibertsifikazio talde bateko mutil bat, “ez dut zientziarako bururik” uste duena, agian bere bidea lanbide heziketa batean hasiko dela eta nahi duen tokiraino jarraituko duela pentsatuz joango da. Neskatoak, berriz, aurreko edizioko artista eta ikertzaile batek 3Dn inprimatutako belarritakoak ikusita, hura itzuliko ote den galdezka, “orain zer egin duen jakiteko”.
Sareak ehuntzen
Ekimenak, zientzia gizarteari hurbiltzeaz gain, ikertzaileen arteko laguntza sareak ehuntzen ditu. Adibidez, doktoretza tesia egiten ari zenean zuzendariaren jazarpena jasaten zuen ikasle batek berdintasunarekin konprometitutako ikaskide batekin harremanetan jartzeko aukera ikusi zuen deialdian. Hari idatzi eta bere egoera kontatzeko leku segurua aurkitu zuen eta, beharrezko laguntza eta berdintasun arloko baliabideak jasotzeaz gain, bere lana ingurune osasungarriagoan amaitu ahal izan zuen. Halako inpaktua ere, hain nabarmena izan ez arren, oso garrantzitsua da: #SheMentoring-ek, proiektuak inspiratzeaz gain, lagundu ere egiten du.
Orain arteko lau edizioetan, 120 ikertzaile baino gehiago bildu ditu, ehunka haur eta gazterekin elkartu da, eta zientzia beste era batean eraman du kalera.
Hainbat arrazoirengatik da baliozkoa: batetik, emakumeek STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikak, ingelesez) alorrean egiten duten lana agerian jartzen duelako; bestetik, eredu eskuragarriak (edozeinek bere burua islatuta ikusteko modukoak) eskaintzen dituelako. Izan ere, xedea neskak zientzialari izatera bultzatzea da, baina baita gizarteak zientziarekiko eta zientzialariekiko duen pertzepzioa aldatzea ere.
Neskatila bati bere antzeko andrazko kimikari, ingeniari, biologo edo matematikari bat ikusiz gero, iruditeria zabaldu egingo zaio. Eta etorkizuna argi ikusten ez duen gazte batek aukera akademikoei buruzko elkarrizketa zintzoa baldin badu, baliteke bere bidea aldatzea.
Harreman horiek erreferente berriak sortu eta bokazioak bultzatzen dituzte, eta estereotipoak ezerezten laguntzen dute. Ikusaraztea delako eraldatzeko lehen urratsa eta zientziak ahal beste adimen behar dituelako, trabarik eta mugarik gabe.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.