Mintzapraktika ezinbestekoa da edozein hizkuntza ikasteko, zuzeneko komunikazioa, biziena, hitzez egiten baita, mintzatuz eta entzunez. Bada, AEKren Praktikatu Zerbitzuak horretarako aukera ematen du, urte osoan eta doan, Euskal Herriko leku askotan: 104 herritan sakabanatuta1, Praktikaturen komunitatea 10.000 lagunek baino gehiagok osatzen dute. Horren parte izan nahi baduzu, aukeratu gehien gustatzen zaizun jarduera eta eman izena emanizena.praktikatu.eus atarian. M. Egimendi. Argazkiak: Praktikatu.
 • Mintzataldeak 
Berbalagun, Mintzakide eta Mintzalagun programetan, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak eta praktikatu nahi dutenak talde txikitan batzen dira, normalean astean behin. Haiek erabakitzen dute non, noiz eta zertarako elkartu: terraza batean kafea hartzeko, paseatzeko... Helburua euskaraz hitz egitea da, beti lagun giroan. Taldeetan guztiak euskaraz gustura eta lasai arituz, euskaldunen komunitatea indartzen eta zabaltzen dute.
 • Gurasolagun 
Familientzako eskaintza da; jolasak, txangoak eta tailerrak egiten dira, helduak eta haurrak batera eta euskaraz aritzeko. Tarteka elkartzen dira, astean edo hilean behin, adibidez, herriko plazan, eskolan bertan... Hainbat familia batzen direnez, aukera aproposa2 ere bada lagun berriak egiteko. Gainera, asteburu-pasak antolatzen dira udaberrian zein udazkenean. 
 • Ekintza osagarriak
Egitasmoetako dinamizatzaileek ekintza ugari antolatzen dituzte euskarazko aisialdia3 sustatzeko. Horien bidez, partaideei beste hainbat ate irekitzen zaizkie euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko: kultur emanaldiak, hitzaldiak eta tailerrak (sukaldaritza, eskulanak, dantza...), besteak beste. Joan den ikasturtean, 500 jarduera baino gehiago antolatu ziren, eta programazio batzuk oso ezagunak dira egun: Bilboko Darabilbo, Hernanialdeko Zilegi Astea edo Lautadako Solasaldi Musikatuak, adibidez. Bestalde, mintzodromoetan, euskaldunak eta euskara ikasleak elkartuta, euskara kalera ateratzen da, herriko leku esanguratsuetan antolatzen direlako, kalean euskararen erabilera indartzeko helburuz. Gainera, oso baliagarriak dira herriko hainbat sektorek elkarrekin jarduteko: institutuak, euskara eta kultur elkarteak, euskaltegiak...
 • Xede taldeak
Interes edo zaletasun baten inguruan elkartzen dira talde hauek; esaterako, mendilagunak mendi buelta egin bitartean euskaraz aritzen dira. Eta zenbat zaletasun, hainbat talde: kakorratz4 taldeak, irakurzale klubak (hilean liburu bat irakurri ostean horri buruz hitz egiteko elkartzen dira), eskaladakoak, padelekoak, musekoak, dantza errazetakoak, kantulagunak... Zaletasunen bat baduzu, ez izan zalantzarik zure herriko dinamizatzailearengana jotzeko!
 • Online 
Pandemiaren eraginez, ederto ohitu ginen pantailaren bestaldeko lagunekin hitz egiten. Hortaz, zure ordenagailuaren, tabletaren edo telefonoaren bidez aurrez aurre5 ez dauden beste euskaldun batzuekin berba egin nahi baduzu, online eskaintza ere badauka Praktikatu Zerbitzuak. Atzerriko zein atzerrian bizi diren euskaldunekin mintzatzeko aukera ere izan dezakezu talde horiei esker. 
 • Hitanoa eta Euskalkiak
Hainbat herritan, hikako hizkera praktikatzeko taldeak ere sortu dira. Tratamendu hori galdua edo galtzeko zorian6 egoteak kezka eragiten du euskaldun askoren artean, eta arrangura7 horrek bultzatuta eratu dira taldeak Markina-Xemeinen, Urnietan, Larraunen, Durangaldean... Hain zuzen ere, azaroaren 8an Euskal Herriko II. Hika Topaketa egingo da Markina-Xemeinen. Bizkaiera praktikatzeko taldeak ere badira Bermeon eta Bilbon. Eta Altsasun bada Altsasu/Urdiaingo hizkera lantzeko beste bat ere. 
 • Abantailak 
Euskara praktikatzeko modu horiek guztiak 25/26 ikasturtean izango dituzu eskura (mintzataldeak urrian hasi arren, lasai eman daiteke izena edonoiz; online taldeak, ostera, azaroan hasiko dira). Dena den, udan ere sortzen dira mintzapraktika egiteko aukerak. Bestalde, partaideek deskontua dute AIZU! aldizkariaren eta Berria egunkariaren harpidetzetan, eta Praktikatu Zerbitzuak hilero banatzen dituen opari kutxen zozketan parte hartzen dute. Horri guztiari lagun berriak egiten direla gehituz gero, zaila parada8 gehiago izatea, ezta?
1. Sakabanatu: dispersar(se) (es), (se) disperser (fr).
2. Apropos: idóneo, -a (es), approprié, -ée (fr).
3. Aisialdi: ocio (es), loisir (fr).
4. Kakorratz: ganchillo (es), crochet (fr).
5. Aurrez aurre: cara a cara (es), face à face (fr).
6. Galtzeko zorian: a punto de perderse (es), sur le point de se perdre (fr).
7. Arrangura: kezka, ezinegon.
8. Parada: oportunidad (es), opportunité (fr).

 
															 
      
      
    