Ainaren hegaldiari segika
1870 eta 1940 artean Erronkari, Zaraitzu eta Anso ibarretako milaka neskak behinola egin zuten bidea ezagutzeko proposamena dakarkizuegu. Emakumeok, enaren edo ainaren migrazio mugimenduaren gisara, urriaren hastapenetik maiatzaren bukaerara Pirinioak zeharkatzen zituzten jantzi beltzak soinean. Negua Mauleko espartin lantegietan ematen zuten. Gehienak neskatoak edo nerabeak ziren, eta Bortuak oinez zeharkatzen zituzten, arrisku andana saihestu behar izanda. Gaur egun, neska ausart haien urratsei jarraitu ahal diegu, oinez, autoz edo bizikletaz. Inhar Iraizotz. Argazkiak: Inhar Iraizotz.
XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasiera ez ziren garai errazak izan Pirinioetan bizitzeko. Bizimodua gogorra zen mendialdeko etxaldeetan, eta pobrezia aski hedatua zegoen. Neguak ere ez ziren samurrak, eta, ondorioz, familia anitzetako 12 eta 15 urte bitarteko neskatoak Zuberoako zapatagintza manufakturetara igortzen zituzten. Urriaren 7an atera ohi ziren eta udaberriko azken elurrak desagertu arte ez ziren itzultzen. Espartinak eginez etxeko ekonomian laguntzen zuten. Egoera hori, gainera, usu ezkutuan gordetzen zuten etxeetan, alabak Maulera igortzea pobreziaren seinale baitzen. Migrazioa masiboa izan zen: 1911. urtean bakarrik, Maulera joandako 933 neska ageri dira erroldaturik.
Garai hartan, espartinen eskaria asko hazi zen, eta horrek lantegi handien sorrera eragin zuen. Bertako biztanleak ez zirenez nahikoa langile, Pirinioen bestaldekoak ekarri zituzten. Kontuan hartu behar da emazteen lan indarra bereziki debaluatua zela orduan, are gehiago gazteak eta etorkinak baziren. Hamabi ordu baino gehiago lan egiten zuten egunero. Oro har, haien arteko harremanak euskaraz egiten zituzten etxe barnean, eta gaztelaniaz karrikan edota lantegian. Negua iraganik, sorterrira itzultzen ziren, irabazitako diruarekin erositako oihal eta tresna berriekin zamaturik.
Ainaren “hegaldiak” 1930era arte iraun zuen. Izan ere, 1929ko krisiak langabezia handia sortu zuen; eskulana sobera zegoen, jada ez zen ainaren beharrik. Gainera, oinetako mota berriek espartinak ordezkatu zituzten eta Mauleko lantegi gehienak itxi egin zituzten. Gaur egun, haien hondarrak besterik ez da gelditzen.
Ainaren ibilaldia
Euskal Herriko emazteen historiaren zati ezezagun hori ezagutzeko, ainaren ibilbide “irisgarria” eginen dugu, gehiena autoz eta zati bat oinez. Gure bidea Erronkariren bihotzean abiatuko dugu, Izaba herrian. Bertan, herriko karrikak bisitatzeaz gain, Memoriaren Etxea ezagutzeko aukera izanen dugu. Sarreran turismo bulegoa dago, eta Erronkariko etxe tradizionalaren errepresentazioa ere ikus daiteke; lehen solairuan, berriz, garaiko bizimoduko eta lanbideetako ehunka tresna zahar ikusgai dira, baita Erronkariko jantzi zahar ikusgarrien bilduma ederra ere. Halaber, Erronkarin mintzo zen euskalki galdua ezagutzeko parada izanen duzue.
Izaba gibelean utzirik, Belaguara joko dugu NA-137 errepidean barrena. Nafarroa eta Zuberoa arteko mugako aparkalekuan utziko dugu autoa, eta hortik 18 kilometro eta 840 metroko desnibeleko ibilbide zirkularra hasiko dugu, Zuberoako Santa Grazi herrira iristeko. Oinez, jaitsiera erraz egiten da ongi ageri den xendran behera. Santa Grazi herrian, XI. mendeko eliza erromanikoa ikus daiteke. Ostatu bat ere badago zerbait edateko edo jateko. Indarrak harturik, itzulerako bideari ekinen diogu, eta oraingoan lehen jaitsi dugun desnibela igotzea egokituko zaigu. Bidea Eüjarreko arroila ikusgarrian barrena iragaten da. Bistan da: ibilbide hau egiteko, gomendagarria da lehenago Interneten eskura daitezkeen GPS baliabideak erabiltzea edota mendi gida bat eramatea.
Mendi ibilaldiaren ondotik, autoan berriz Mauleko bidea hartzea dagokigu. Bidean, Kakuetako arroilak, La Vernako haitzuloa, Ligi-Atherei, Onizegaine eta Atharratze-Sorholüze herriak bisita ditzakegu. Herri horietan ere espartin lantegi dezente izan zen bere garaian. Baina, jakina, gehienak Zuberoako hiriburuan metatu ziren. Gaur egun, bi lantegi ttipi daude irekirik. Bertan, espartinak artisau eran egiten dituzte, eta abuztuaren 15ean Espartinaren Eguna ospatzen dute merkatu eta egitarau oparoa antolatuta.
AINERAK FESTIBALA
Maulen, maiatzean, Ainerak festibala ospatzen da, Zuberoako eta beste herrialde batzueetako kulturen topaketa gisa. Gaiari lotuta, aurten ‘Ainarak’ filma estreinatu da, non Ritxi Lizartza zinema zuzendariak ainaren ondorengoen hainbat lekukotasun bildu dituen Pirinioetako emazte etorkin haiek omentzeko asmoz.